Berebiziko garrantzia du, Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako diputatu Larraitz Ugarteren aburuz, herrialdean kamioiei bidesariak kobratzeko martxan jarri nahi duten arkupe bidezko sistema berria —Arkupe deitua— lehenbailehen ezartzeak. Atzo jakinarazi zuen gobernu kontseiluak onartu zuela egitasmoa, eta Gipuzkoako Batzar Nagusietara daramatela orain, akordioa lortzeko asmoz. EH Bilduko ordezkariak egitasmoaren aldeko jarrera eskatu die oposizioko kideei: «Izan ere, esaten dena baino are larriagoa da egoera». Errepideen mantentze lanerako aski baliabide ez dutela gogorarazi du. «N-1 errepidean, esaterako, ez da taxuzko inbertsiorik egin iragan 40 urteotan». Eta aurreko legealdietatik Bidegik dakarren zorra—900 milioi euro— gero eta zamatsuagoa dela: «Deus egin ezean, 2015. urtean hamar milioi euro jarri beharko dira Bidegiren zorrari aurre egiteko». Kamioiei bidesariak kobratzeko hautua egoera horrek bultzatuta hartu dutela esan du, kalkulatu baitute era horretan urtean 26 milioi euro inguruko diru sarrerak izango dituela aldundiak. Hamalau arku jarri nahi dituzte errepide sare nagusian; araua onartu eta hamabi bat hilabeteren bueltan martxan nahi lituzkete. Dirua biltzen.
«Behar dugu». Larraitz Ugarteren arabera, bidesariak jartzea ez da gogoko erabakia, baina ezinbestekotzat dute. A-15, N-121, N-1 eta G-632 errepideetan jarri nahi dituzte. Oroitarazi du «sare transeuroparrean» dagoela Gipuzkoa, eta kanpoko ibilgailu astun asko igarotzen direla bertatik; laurdena bakarrik dira Gipuzkoakoak.«Egia da Bidesaririk ez! mezutik gatozela. Baina arazo bat dago, arazo handi bat; 900 milioi euroko zor bat dago. Axolagabekeria litzateke beste alde batera begiratzea». Foru gobernuak jarrera malgua izan duela oroitarazi die oposizioko kideei. Izan ere, hasierako asmoa zen bidesariak kobratzea nola kamioei hala ibilgailu arinei; baina plana eraldatu zuten. «Ez da hasieran nahi genuena. Gu mugitu egin gara».
Aurreko legealditik jaso zuten N-1 errepidean —Etxegaraten— ordainleku bat jartzeko proposamena, baina aldundiko arduradunen arabera, horrekin urtean lau milioi euro jasoko lirateke; sistema berriarekin, ordea, 27 milioi. Ugarte: «Ez dugu ulertzen nola esan dakiokeen ezetz. Proposamen bat da erantzukizunez egina». Areago doa: «Ez bada lortzen, alderdikeria hutsagatik da izango da». Oposizioko taldeekin bilera asko egin dituztela dio, sistemari buruzko azalpenekin txosten eta agiri klase asko pasatu dizkietela, baina inork ez diela oraingoz erantzun. «Gu irekita gaude, eta beraiek badakite egoeraren larritasuna zenbatekoa den».
Bide Azpiegituretako zuzendari nagusia da Joseba Altube. Diru iturri berriak ezinbestekoak direla dio hark ere. «Munduko Bankuak aholkua ematen du ondarearen %2,5 jartzeko errepideen mantentzerako, eta gaur egun horretarako ahalmenik ez da», esplikatu du. «Ohiko artapena egin dezakegu, baina hortik aurrera gauza gutxi. Ezohiko artapen bat egin behar dugun bakoitzean, aurten luiziekin egin dugun gisan, esaterako, beste atalen batetik kendu beharko dugu dirua? Zer egingo dugu? Oheak kendu erretiratuei errepideak ordaintzeko?».
Kamiozaileen kezka
Garraiolarien sindikatuak hasieratik azaldu dira proiektuaren kontra. Hiru garraiolarien sindikatuak, esaterako, gogor salatu du sistema berriak kamioilariei ekarriko dien kaltea. Ugartek ez du ukatzen tokiko zenbait garraiolariri bidesari berriek aparteko zama ekarriko dietela. Aditzera eman duenez,ahal duten guztia egingo dute laguntzeko.«%13ko deskontua jarriko zaie hamabost bidaia baino gehiago egiten dituztenei, lehen bidaiatik». Hortik aparte, ordea, Europako Batasunak ez duela bestelako neurririk onartzen azaldu du.
Ibilgailu astunen gaineko presioa saihetsezina dela dio Joseba Altubek. «Errepideak erabiltzen dituenak kutsatu egiten du, eta, batez ere, ibilgailu astunek hondatzen dute errepidea». Auto txikiekin alderatuz, aldea handia dela dio: «Lau bider gehiago hondatzen du kamioi batek». Eta kamioi askok zeharkatzen dute Gipuzkoa. «Horregatik, ikusi genuen gipuzkoarrok bakarrik ezin genuela hau mantendu». Sistema berria gogoeta askoren emaitza dela dio. «Erabaki genuen Gipuzkoarako proposamen homogeneo bat egitea, ez-baztertzailea, eta gaitasun handiko errepide guztietan kobratzeak egingo dituena».Hartara, erabiltzaileari benetan egiten dituen kilometroak kobratuko zaizkio, inoiz ez gehiago. Etxegaraten bakarrik bidesaria kobratuta, aldiz, bidegabekeriak sortuko liratekeela dio. Konfiantza du. «Oso-oso teknologia aurreratua» duen sistema dela argudiatu du, eta onurak ekarriko dituela.
Orain arte, oposizioaren partetik, kritikak entzun dituzte. Esaterako, sistema ez dela «segurua» esan diete. Altubek bazter utzi nahi ditu kritikak: «Ez dauka fundamenturik. Eman behar zaion garrantzia eman behar zaio. Hori da nik Lucia Lakarraren [ballet dantzari ezaguna] saio batean jaiki, eta esatea hori zaharkitua dagoela, eta koreografia hori zergatik ez duten aldatzen; zer eta ballet bat lehen aldiz ikusten ari naizenean...». Entzundako kritika horien funtsik eza salatu du: «Teknikariok oso minduta gaude, errespetu falta handia iruditzen zaigu alderdiak nola jokatzen ari diren». Izan ere, sistemaren atzean teknikari askoren lana dagoela dio, alor askotatik egindakoa, gainera. «Eredu hau martxan dago Ameriketako Estatu Batuetan, Txilen, Mexikon, eta orain Portugalen ere bai; emaitza onak ematen ari da». Katalunian, halaber, ezartzekoak dira. Gipuzkoan lehenbailehen nahi dute abian. Akordioa lortzea falta da.
Errepideak. Gipuzkoako egoera
Kamioiei bidesaria kobratzeko akordioa nahi du EH Bilduk
Gipuzkoako Batzar Nagusietara darama egitasmoa, adostasuna lortzeko asmoz. «Gu mugitu gara», oroitarazi du Larraitz UgartekErrepide sare nagusian hamalau arku ipini nahi dituzte, urtean 26 milioi euro jasotzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu