Kamerak, atzera begira

Josu Muguruza HBko diputatuaren bizitzari buruzko dokumentala estreinatuko dute azaroan, hilketaren 25. urteurrenarekin batera. 27 elkarrizketa, bizitza bat kontatzeko.

Lander Iruin zuzendari donostiarra eta Markel Andia bilbotarra, Bilboko Zazpikaleetan. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
2014ko abuztuaren 22a
00:00
Entzun
Zohardia izengoitia zuen gizona gidari hartuta, izen bereko dokumental bat prestatzen ari dira Lander Iruin eta Markel Andia zuzendari gazteak. Josu Muguruza (Bilbo, 1958) HBko diputatuaren bizitzari irudiak eta ahotsak jarriko dizkiote. 1989an hil zuten eskuin muturreko bi pertsonak Muguruza, Espainiako Diputatuen Kongresuan kargua hartu baino egun bat lehenago, Madrilgo Alcala hotelean alderdiko beste diputatuekin batera afaltzen ari zela. Orain, ingurukoen testigantzak jaso, eta haren bizitza erakutsi nahi dute, orduko testuinguruarekin zipriztinduta.

«Dokumentala Muguruzaren bizitzaren inguruan egin nahi genuen, eta ez haren hilketaren inguruan». Esaldi bakar batekin laburtu dute dokumentalaren gaia Iruin eta Andiak. 2013ko azaroan hasi ziren lanean, «gogotsu» eta behar «argi» bati erantzun nahian: «Ikusten genuen jendeak bazekiela Josu Muguruza HBko diputatu erail bat zela, baina gazteok bereziki ez dugu informazio askorik Muguruzaren figuraren inguruan».

HBko diputatua hil zutela 25 urte beteko dira aurten. Urteurrenak eman zion Iruini dokumentala egiteko ideia. Gertutik ezagutzen du haren istorioa. Zuzendariaren aita, Iñigo Iruin, Madrilgo Alcala hotelean zegoen atentatuaren egunean, eta lagun minak ziren biak, alderdikideak izateaz gain. Zohardia dokumentalaren zuzendarietako bat da haren seme Lander Iruin, eta, hark dioenez, bere «kabuz» joan da Muguruzaren bizitza ezagutuz; «Etxean beti entzun izan dut Josuri buruz hitz egiten, baina proiektuarekin hasi naizenean jakin dut benetan nor izan zen».

27 elkarrizketa egin dituzte guztira: besteak beste, Muguruzaren lagunak, senideak, atentatuaren unean harekin zeuden diputatuak, kartzelako lagunak eta ihesean harekin egondakoak elkarrizketatu dituzte. «Bidaia bat izan da 70 eta 80ko hamarkadara». Bat datoz horretan bi zuzendariak. Iruin eta Andiak elkarrizketatutako pertsonen begietatik ikusi eta belarrietatik entzun dute Muguruza, eta hori helarazi nahi dute, hain zuzen, dokumentalaren bidez: «Orduko gertaerak bizi izan ditugu, lehen pertsonan bizi izan zituztenekin batera. Guk sentitu duguna ikusleari sentiarazi nahi diogu», esan du Andiak.

Bi zuzendarien hitzetan, HBko diputatuak Euskal Herrian «garrantzitsuak» izan ziren garai asko bizi izan zituen: «Frankismoaren bukaera harrapatu zuen, 80ko hamarkadan GAL ezagutu zuen, eta ETA eta Espainiako Gobernuaren arteko Aljerreko elkarrizketak ere bizi izan zituen». Hori guztia islatu nahi dute zinemagile gazteek. Muguruza dokumentalaren gidari jarri, eta garai hartako egoera ulertzeko «gakoak» azaldu nahi dituzte.

Sinadura: Zohardia

«Batez ere gazteentzako dokumental bat da, garai horretan egon ez ginenok gertatu zena ezagutzeko modu bat», azaldu du Andiak. Zuzendari bilbotarraren hitzetan, «ohituta» gaude Euskal Herriko historia hemendik kanpora bizi direnek kontatzera, eta «zein bertokoak baino hobeak gertatua kontatzeko». Iruinek ere bide berean hitz egin du: «Besteak beste Gazta zati bat eta Barrura begiratzeko leihoak dokumentalekin bide berri bat ireki da euskal zinemagintzan, eta bide horri eutsi nahi diogu».

Zuzendariek ez zuten ezagutu Muguruza, baina orain urtebete hasi zuten Elena Bartolome haren emaztearekin batera urteetan atzera eramango zituen bidaia. Orain, «ezagutu» izan balute bezala hitz egiten dute HBko diputatuaren gainean. Honela deskribatu du Iruinek: «Josu ideologo bat zen, gazteen heziketan berebiziko arreta jartzen zuena. Politikari dagokionez, elkarrizketatu gehienek esaten dute azkarra eta argia zela, eta pertsona moduan alaia». Hil eta gero «mitifikazioan» erortzea erraza dela esan ohi diete ingurukoek, baina zuzendariei argi geratu zaie Muguruza «irribarre handiko» gizona zela. Zohardia hitzak berak dioen bezala, «lainoen artean ostartearen modukoa», argitu du Iruinek.

Dokumentalaren izena ez dator, ordea, zohardiaren esanahitik. Muguruzak, iparraldean ihesean ibili zen garaietan, Zohardia izengoitiarekin sinatzen zuen Egin egunkarian, 1984-1987 bitartean. Gerora, Iratzar goitizenarekin ere sinatu ohi zuen. Dena den, zuzendariei esanguratsuagoa iruditu zitzaien ihesean zebilela erabilitakoa; agian, atzean zeraman esanahiak Muguruzaren izaerarekin «paralelismo» bat egiten duelako, Iruinek azaldu duenez.

Aurrera begira

Diru iturri «apalekin» egindako dokumentala da Zohardia, baina «ordu asko» eskaini dizkiote Iruinek, Andiak eta haien taldekideek. Fite Zinema Elkartea sortu dute, proiektu honekin batera etorkizunean beste batzuk ere egiteko asmoz. Oraingoz, azaroan, Zohardia estreinatu eta gero, «merezitako oporrak» hartuko dituzte.

Atsedena hartzetik bueltatzean, ordea, eta Zohardia dokumentalaren hariari segika, Euskal Herriko historiaren «zati garrantzitsu» diren gertaerak kontatzen jarraitu nahi dute. «Pozik» daude orain arte egindako lanarekin, eta, behin dokumentala estreinatuta, «ahalik eta jende gehienarengana» iritsi nahi dute, «bereziki gazteengana».

Azaroaren 20an da hilketaren urteurrena, eta egunean bertan ez bada, aste horretan estreinatuko dute dokumentala, Bilbon, Muguruzaren omenez egingo diren ekitaldien barruan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.