Kaltetuen herenak agiriak lortu ezinik daude, SOS Haur Lapurtuen arabera

Erakunde publikoen jarrera salatu dute, eta ezer ez egitea eta ardurak ez hartzea egotzi diete

SOS Haur Lapurtuak elkarteko kideen agerraldia, atzo, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
ainara arratibel gascon
Donostia
2012ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
«Hasieran baino okerrago gaude, eta denbora gure kontra dago». Kezkatuta eta haserre hitz egin dute EAEko SOS Haur Lapurtuak elkarteko kideek. Salatu dute elkarteko bazkideen herenek —219 familiak—zailtasunak dituztela mediku dosierrak lortzeko. «Dokumentazio hori ez dela existitzen esaten digute kasurik gehienetan. Baina guk garbi dugu agiriek nonbait egon behar dutela; edo, bestela, esan dezatela zer egin duten haiekin», adierazi du elkarteko presidente Flor Diazek. Administrazio publikoen jokabidea salatu du. «Hitz politak esaten dizkigute, baina gero ez gaituzte aintzat hartzen. Ez dute ezer egiten. Nekatu egingo garela uste badute, oker daude. Egia jakiteko beharra eta eskubidea dugu», esan du Marian Zubia elkarteko bozeramaileak.

Diazen arabera, dokumentazioa ez izateak are gogorragoa egiten du kaltetuen egoera. «Ezin dute frogatu bilatzen ari diren umea jaio egin zenik». Salaketa jartzeko nahikoa izaten da kaltetuak esandakoa baieztatzen duen ahozko testigantza bat. «Baina gero, froga falta argudiatuta, epaile askok artxibatu egiten dute salaketa. Ezin dugu onartu», nabarmendu du Zubiak.

Agiriak ematen ez dizkieten erietxeetako asko pribatuak dira, eta horietako batzuk itxita daude egun. «Itxita egon arren, dosierrek nonbait egon behar dute. Berez, klinika pribatu bat ixten denean, agiriak Osakidetzaren esku geratzen dira. Baina haiek ere ezer ez dakitela esaten digute. Irekita daudenek, berriz, makina bat aitzakia jartzen digute. Baina garai hartan klinika horiek arduradun batzuk izango zituzten, eta haiek jakingo dute non dauden». Zintzotasuna eskatu dute. «Bota, erre edo norabait eraman badituzte, esan diezagutela», esan du Zubiak.

Lurraldez lurralde, kasurik gehienak Gipuzkoan daude. 144 familia daude dosierrak lortu ezinik. Guztira, 23 dira trabak jarri dizkieten erietxeak. Tolosaldean pilatzen dira kasu gehienak; 40 kasu dituzte, adibidez, Tolosako Asuncion, San Cosme y San Damian eta San Juan de Dios kliniken artean; Donostiako Poliklinikan zortzi, eta San Antonion hamabi. Erietxe publikoei dagokienez, Arantzazu ospitalean —egungo Donostia ospitalean— , adibidez, zortzi familiak izandituzte zailtasunak.

Bizkaian 75 bazkide daude dokumentuak lortu ezinik. Kasurik gehienak Basurtun eta Gurutzetan jazo dira. Erietxe pribatuen artean San Francisco Javier, San Jose, San Juan de Dios eta Ginecoyatreo aipatu dituzte, besteak beste.

Araban ez dute arazorik izan. «Kaltetu guztiek eskatutako dokumentazioa lortu dute. Hori da bidea». Araia klinikaren adibidea jarri du Diazek: «Egun klinika hori itxita dago. Zaharren egoitza bat da. Baina hango osasun dosier guztiak Txagorritxura eraman zituzten», azaldu du Diazek. Hala, galdera egin du: «Araban egin bazuten, zergatik ez zuten egin Gipuzkoan eta Bizkaian?».

Gainera, salatu du ustez desagertuak zeuden abortu dosierretako batzuk agertzen hasi direla. «Baina ez digute ofizialki jakinarazi. Beste bide batzuetatik jakin behar izan dugu». Agintariak ardurak elkarri egozten ari zaizkiola nabarmendu du Zubiak. «Baina ez dute ezer egiten konpontzeko». Politikariekin haserre mintzo da Diaz. «Berdin dit ikerketa batzorde bat sortzea, gero ez badute ezer egiten».

Kaltetuen testigantzak

Diazekin eta Zubiarekin batera atzoko agerraldian izan ziren agiriak lortu ezinik dauden bi kaltetu: Mertxe Aizpurua eta Jose Lizaso. Ustez lapurtua izan zen ahizparen bila dabil Aizpurua. «Ez dut agiririk. Ez dakit ezta zein erietxetan jaio zen ere. Dudan testigantza bakarra amari erditzera lagundu zion bizilagunaren alabarena da. Hark esaten du bere amak beti esan izan ziola umea ikusi zuela, eta ederki zegoela,neskato ederra zela». Kontrakoa esan zioten, ordea, medikuek amari, jaio eta hurrengo egunean: «Barrutik osorik ez zegoela esan zioten, eta hil egin zela». Erietxeko arduradunek ehortzi zuten, ustez ondoko lorategi batean. Ez du agiririk lortu.

Donostiako Pilar klinikan jaio zen Lizasoren haurra. Hilda zegoela esan ziotenean, ikusteko eskatu zien klinikako arduradunei, baina ez zioten utzi nahi. «Gero lurperatzea eragotzi nahi zidaten, baina bere kabuz hartu eta hilerrira eraman nuen. Esan zidaten heriotza agiria iristean egingo zutela. Argazki bat ere atera nion gorpuari, eta mutila zela ere baieztatu nuen». Orain, dokumentazioaren bila dabil. «Ez didate dosier osoa ematen. Gainera, agiriak dio nire emazteak neskato bat izan zuela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.