Espainiako Barne ministerioak 100.000 euroko kalte ordaina eman beharko dio Aingeru Zudaire atarrabiarrari. Hala erabaki du Espainiako Auzitegi Nazionalak. 2012ko irailaren 26an, murrizketen aurkako greba orokor batean, Espainiako Poliziak botatako gomazko pilotakada batek zauritu egin zuen, eta begi bateko ikusmena galdu zuen. Bide judizial luzea izan du auziak, eta, lehen instantzian hura zauritu zuen polizia absolbitu ondoan, orain, partzialki onartu dute Zudaireren helegitea.
2016ra arte, kasua hirutan artxibatu zuten. Fermin Otamendi aritu zen epaile, eta, 2014an itxi egin nahi izan zuen auzia, baina, Nafarroako Auzitegi Probintzialak Zudaireren helegitea onartu, eta ikerketarekin segitzeko eskatu zion Otamendi instrukzio epaileari. 2019ko sententziak arrazoia eman zion Zudaireri: Poliziaren pilotakada batek zauritu zuen. Horrenbestez, kalte-ordainak eskatzeko bidea ireki zuen. Haatik polizia bat auzipetu zuten lesioak eragiteagatik, baina absolbitu egin zuten 2019an, tiro nork egin zuen frogatu ezin izan zelakoan.
«Ez dut dirurik nahi»
BERRIAn egindako erreportaje batean, zauri fisikoez ez ezik, lesioen osteko orbain psikologikoez ere aritu zen Zudaire: «Pilotakada ematen diotenari agertzen zaizkion mamuak ez ditugu ikusten». Gomazko pilotak jaurti zituztenak epaituta eta haiei polizia izatea debekatuta «nahikoa» zuela ere esan zuen: «Pozik nengoke tiro egin zuenari eta arduradunei plaka kenduko baliete. Hori litzateke justizia. Ez dut dirurik nahi».