Txarli Prieto Arabako PSE-EEren idazkari nagusiaren aurkako salaketa anonimoak aurrera egingo du. Juan Kalparsoro EAEko Auzitegi Nagusiko fiskalburuak auzibidea ireki du ikertzeko ea Prietok iruzur egin ote zuen alderdiaren hainbat egoitzatako lanak bera bazkide zen enpresa bati adjudikatu zizkionean. Arabako idazkari nagusiak berak hasieratik onartu du hori, baina argudiatu du «segurtasun eta konfiantza» arrazoiengatik eman zizkiotela lan horiek Escoiba izeneko enpresa horri. Idoia Mendia alderdiko idazkari nagusiak ere auziaren berri izan eta berehala esan zuen ez duela arrazoirik ikusten Prietoren aurka neurririk hartzeko. Eta alderdiko hiru ahaldungai nagusiak ere (Carlos Totorika, Cristina Gonzalez eta Denis Itsaso) antzera mintzatu ziren atzo, Bilbon, Forum Europak antolatutako gosari-hitzaldian.
Afera horixe bihurtu baitzen gosari horretan mintzagai nagusi, nahiz eta berez ahaldungai nagusiek euren egitasmoen berri emateko plaza behar zuen izan. Carlos Totorika Bizkaiko ahaldungai nagusia mintzatu zen argien. «Gaurko begien argitara» garai hartan egin zena gaizki egindako zerbaiten gisara ikusten dela zioen Ermuko alkate ohiak, baina garai hartako «ETAren jazarpenak» ez duela «inolako» zerikusirik egungo egoerarekin. «Bidegabea eta logika gutxikoa da politikoki erabat ezberdinak diren agertokietan analisiak egitea», esan zuen. Eta zera eskatu zien herritarrei: «Uler dadila egoera historiko ezberdina». Areago: «Gaur egun, gardentasuna, gardentasun falta edo ustelkeriaren kontrako borroka elementu ezinbestekoak dira. Garai hartan, ez dut uste horrelako logikarik zegoenik».
Cristin GonzalezPSE-EEren Arabako ahaldungai nagusiak azaldu zuen bere alderdiak prestasun erabatekoa duela ikerketan «laguntzeko» eta gertatutakoa «berehala» argitzeko. Hark ere gogorarazi zuen PSE-EEk bere egoitzen segurtasuna areagotu behar izan zuela «tamalez», ETAk jendea hiltzen zuelako.
Kalparsorok auzibidea ireki du Prietok iruzur egin ote zuen ikertzeko
Carlos Totorika PSE-EEren Bizkaiko ahaldungai nagusiak garai hartako «egoera historiko ezberdina» ulertzeko eskatu die herritarrei
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu