«Kalitatezko osasun arreta» eskatzeko manifestazio batera deitu dute ekainaren 8rako, Gasteizen

Osasun Publikoa Aurrera plataformak salatu du Gasteizen etengabeko arretako gune bakarra dagoela. Txagorritxuko larrialdiek «gainezka» egin dutela salatuko dute manifestazioan.

Osasun Publikoa Aurrera Plataformaren elkarretaratzea
Osasun Publikoa Aurrera Plataformaren elkarretaratzea, atzo, Gasteizen. OPA
Edurne Begiristain.
2024ko maiatzaren 24a
11:13
Entzun

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak duela lau urte itxi zuen Gasteizko San Martin osasun zentroko EAG etengabeko arretako gunea, eta hirian etengabeko arretako leku bakar bat utzi zuen. Ordutik, ohikoak bilakatu dira herritarren protestak, eta Osasun Publikoa Aurrera plataformak ere maiz salatu du etengabeko arretako gune bakar bat ez dela nahikoa hiriburuan dauden beharrak asetzeko. Atzo, plataformak elkarretaratze batera deitu zuen Gasteizko Santiago ospitalearen atarian, salatzeko arreta gunea irekitzeko konpromisoa hartua zutela EAJk eta PSE-EEk hauteskunde kanpainan, baina artean ez dutela hitza bete.

Plataformak gogora ekarri zuen arreta gunea itxi zutenetik eta 2022an Gasteizko Santiago ospitaleko larrialdi gunea Txagorritxuko ospitalera lekualdatu zutenetik hango larrialdiak «gainezka» daudela. Asteak dira osasun profesional asko erabakiaren aurka mobilizatzen hasi zirela, uste baitute ez dutela «kalitatezko arreta» emateko adina langile. Osasun Publikoa Aurrera plataformaren ustez, egoera bideratzen lagunduko luke etengabeko arretako gunea berriro ere irekitzeak.

Egoera salatzeko asmoz, plataformak bat egin du Txagorritxuko langileen batzarrak eta larrialdietako langileen batzordeak datorren ekainaren 8rako Gasteizen deitutako manifestazioarekin. 12:00etan abiatuko da, Bilbo Plazatik. «Kalitatezko osasun publikoa» izateko eskubidea aldarrikatuko du plataformak. Uste du «osasun hondamendia» eragin duela Eusko Jaurlaritzak, eta ezinbestekoa dela herritarrak mobilizatzea.

Ekainaren 12an, berriz, mutuei buruzko hitzaldi bat antolatu du plataformak, eta bertaratzeko deia egin die herritarrei. Mutuak «sistema publikoa hondoratzeko mehatxu» direla salatzeko asmoz antolatu dute hitzaldia, Aldabe gizarte etxean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.