Irakurri hemen serie honetako artikulu guztiak
Balkoian dago Francisca Garcia Pakita, kaleari so: «Hemen gertatu zen [1976ko] Martxoaren 3koa». Daroca de Riojakoa (Espainia) da jaiotzez, baina Gasteizko Zaramaga auzoan daramatza hirurogei urte baino gehiago. San Frantzisko elizari begira, bere bizitzako hainbat gertakari garrantzitsu gogoratu ditu. Hain justu, etxe azpian janari denda bat izan zuen 30 urtez. «Bakarrik bizi direnei ere entzun behar zaie, ezin diote-eta inori ezer kontatu», dio, irribarre lotsatia ahoan. Duela hamalau urte hil zitzaion senarra. Gaur egun bakarrik bizi den arren, Garcia ez da inoiz bakarrik sentitu: «Inor ez dago bakarrik maite duen norbait badu atzean». Zorionekotzat jo du bere burua, seme bat, haren emaztea eta bi biloba dituelako. «Dena dira niretzat».
Ez da gauza bera «bakarrik bizitzea» eta «bakarrik sentitzea», Pili Castro psikologo, Deustuko Unibertsitateko irakasle eta Bizkaiko Caritaseko Edadetuen eta Zahartzearen Arloko arduradunak esan duenez: «Edadetu asko bakarrik bizi dira, eta ez dira bakarrik sentitzen, inguruan sare bat dutelako». Izan ere, bakarrik bizitzea seinale ona izan daiteke; horrek esan nahi baitu herritarrak gai direla euren kabuz bizitzeko. Garciak argi utzi du zaharrak «subjektuak» direla, eta ez «objektuak»: «Adin hauetan inposizio asko dago; balioesteko modukoa iruditzen zait ahal dudan bitartean semeak autonomoa izaten uztea».
Arazoa, beraz, ez da bakarrik bizitzea, baizik eta bakardadea bera. «Hori agertzen da harremanen kalitatearekin zerbait gertatzen zaigunean», azaldu du Castrok. Zahartzaroari eta bakardadeari buruzko tesia egin zuen, eta ondorioztatu bakardadeak hainbat aurpegi dituela. Zahar askorentzat, «pertsonak galtzea» da bakardadea. Beste batzuentzat, berriz, norbaitengana jo ezin izatea kezkaren bat dutenean. «Beharbada badute jendea inguruan, baina ez konfiantzazko inor», zehaztu du psikologoak. Beste zenbaitek, ostera, «sintonia falta» sentitzen dute: «Inguruan badute jendea eurak zaintzeko prest, baina sentitzen dute ez dutela konektatzen haiekin».
«Bizitza gainerakoekin partekatzeak poztasun asko ematen du»
FRANCISCA GARCIA, 'PAKITA'Gasteizko Zaramaga auzoko bizilaguna
Bakardadeaz asko hausnartu du Garciak. Egongelan, koadernoak eta koadernoak ditu hitzez beteta. «Irakurtzea eta idaztea, horixe gustatzen zait gehien». Koaderno horietako hitz batzuk bakardadeari eskaini dizkio. Esan duenez, bakardadeak ez du zentzurik bere bizitzan, ezta bere etxean ere. Eta arrazoia azaldu du: «Lanpetuta ibili izan naiz beti, jardunean egotea gustatzen zait; ni gizartean bizi naiz». Garciak urte asko egin ditu auzokideak laguntzen, eta gaur egun Piztu Zure Auzoa taldeko kide da. Auzoko adinekoak Gasteizko Bizan zentro soziokulturaletan elkartzen dira, askotariko ekintzak egiteko. «Bizitza gainerakoekin partekatzeak poz handia ematen du».
Eguneko zentro bat eskatzen ari direla jakinarazi du Zaramagako auzokideak; eta adinekoen zentroa ere handitu nahi dute. Jantokia handiagoa izan dadila nahi dute, «adineko jende askok ez duelako etxean bakarrik bazkaldu nahi».
Garciak aitortu du bakardadea ez dela atsegina, baina jasan daitekeela. Horretarako, ezinbestekotzat jo du egunero betebehar batekin altxatzea. «Bakoitzak erabaki dezala zer betebehar aukeratu, baina ezarri dezatela zerbait», zehaztu du. Haren ustez, zaharrek etxetik atera behar dute: «Askotan esaten diet ez daitezela eserita geratu; beti dago zerbait egiteko».
Eragina osasunean
Bakardadeak lotura zuzena du osasun arazoekin, Castroren esanetan: «Bakardadearen sintomak antsietatea, tristura eta urduritasuna dira». Hain justu, bakardadeak osasunean nola eragiten duen aztertu du EHUko ikerketa talde batek. Hernaniko (Gipuzkoa) Auzozaintza proiektuan parte hartzen duten emakumeen bilakaerari erreparatu diote horretarako.
65 urte baino gehiago dituzten eta bakarrik sentitzen diren herritarrentzat prestatuta dago Auzozaintza, eta zaintza komunitarioak sustatzea du helburu. Astean behin edo bitan elkartzen dira, gizarte hezitzaile batekin, eta bertan erabakitzen dute zer egin. EHUko ikerketa hasi zutenean, emakumeek zazpi hilabete zeramatzaten programan. 26 aste igaro eta gero, berriro aztertu dute emakumeen egoera. «Izugarrizko aldaketa ikusi dugu», nabarmendu du Amaia Makibar EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko irakasle eta ikertzaileak.
«Lehenengo neurketan, hogei parte hartzailetatik zortzik zuten antsietatea; bigarrenean, berriz, lauk. Eta zazpitik hirura jaitsi da depresioa dutenen kopurua»
AMAIA MAKIBAREHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko irakasle eta ikertzailea
«Bakardadeari dagokionez, beherakada nabarmena izan da estatistikoki», zehaztu du Makibarrek. Antsietateak eta depresioak ere behera egin dute: «Lehenengo neurketan, hogei parte hartzailetatik zortzik zuten antsietatea; bigarrenean, berriz, lauk. Eta zazpitik hirura jaitsi da depresioa dutenen kopurua». Are, gero eta gutxiagotan hartzen dute orain txanda osasun zentroan.
Datuok «esanguratsuak» dira, Makibarrentzat: «Merkatuan ez dago medikamenturik 26 astean horrelako datuak lortzen dituenik». Izan ere, Makibarrek esan du hainbat kontu medikamentuez bestelako esku hartzeekin konpondu daitezkeela, baina «zaila» dela horretaz konbentzitzea. Erantsi du gero eta argiago dagoela kohesio sozial onak eta harreman esanguratsuak izateak eragina dutela herritarren osasunean.
Ikerketan ondorioztatu dutenez, bai parte hartzaileek bai langileek hausnartu egin dute bakardadearen inguruan. «Bakardadean pentsatzen dugunean, munduan bakarrik dagoen norbait etortzen zaigu burura, baina errealitatea ez da hori. Emakume horietako batzuk senarrarekin bizi dira, baina oso gaixorik dago; seme-alabak eta bilobak ere badituzte. Hau da, badute jendea, baina lagunik ez». Seme-alabek zaindu egiten dituzte, baina horrekin ez da nahikoa. «Egunak ordu asko ditu, nola beteko dituzte?».
Makibarrek esan duenez, bakardadearen inguruko ikuspuntua aldatu beharra dago. «Argi dugu umeek lagunak behar dituztela, baina zergatik uste dugu zaharrei ez zaiela ezer gertatzen lagunik ez badute?». Makibarren iritzi berekoa da Castro: «Harreman diferenteak izatea ezinbestekoa da». Esate baterako, zahar batzuek ez dute seme-alabekin heriotzari buruz hitz egin nahi. Nahiago dute adineko batekin hitz egin, biek «gertu» ikusten dutelako eta antzeko sentipenak dituztelako. Ildo beretik, Auzozaintzan parte hartzen duten emakumeek ontzat jo dute egoera berean dauden beste emakume batzuekin harremanak eraiki ahal izatea; antzeko adina dute, eta bizi esperientzia nahiko parekoak.
Caritasek ere badu zaharrentzako programa bat: Bizi Bete. Bilboko Irala auzoan elkartzen dira astean behin, eta elkarrekin hitz egiten dute, jolastu, eta denbora-pasa aritu. «Programaren parte izango ez banintz, faltan izango nuke senideak ez diren beste batzuekin harremana izatea», esan du Maria Luz Varelak. Hiru urte daramatza Bizi Beten: «Kantabrian bizi nintzen [Espainia], baina, senarra hil, eta hona etorri nintzen; heldu eta hamabost egunera hasi nintzen proiektuan». Seme-alabek zaintzen duten arren, Varelak eskertzen du proiektuak emandako konpainia: «Programak modua eman zidan egun osoan bakarrik ez egoteko».
«Seme-alabak gazteagoak dira, ez dituzte gure garaiak bizi izan, eta batzuetan ez gaituzte ulertzen»
MARIA MERINOBizi Bete proiektuko kidea
Duela 11 urte abiarazi zuten proiektua, eta hasieratik egon dira hartan Alejandra Gil eta Maria Merino. «Oso pozik nago hemen; denbora azkar pasatzen zait, ni ere bakarrik bizi naiz eta», esan du Gilek. Eta Merinok erantsi du: «Hau egongo ez balitz, ez nuke nora joan».
Bakoitzak bere erara ulertzen du bakardadea. «Ni bakarrik bizi naiz, eta ez dut familiarik; batzuek seme-alabak dituzte, eta esaten dute bakarrik daudela, baina ni bai, ni bakarrik nago», esan du Merinok. Varelak, berriz, gehitu du batzuetan hobe dela bakarrik egotea: «Batzuek seme-alabak dituzte, baina ez diete kasurik egiten: hori bakardadea da». Halere, hirurek uste dute pertsonek beste mota batzuetako harremanak ere behar dituztela, familiatik at. «Seme-alabak gazteagoak dira, ez dituzte gure garaiak bizi izan, eta batzuetan ez gaituzte ulertzen», azaldu du Merinok.
Gazteengan ere badago
«Bizitza osoan senti dezakegu bakardadea, ez da edadetuen ondare bat», argi utzi du psikologoak. Halere, herritarrak zahartzen diren heinean, «indar» eta «aukera» gutxiago dituzte horri aurre egiteko. Funtsean, bakardadea «min bat» da, harremanetan galeraren bat dagoenean gertatzen dena. «Hori bizitza osoan gertatzen zaigu; adinak ez du inporta». Gizartean gero eta onartuagoa den heinean, «lotsa gutxiago» egongo da horri buruz hitz egiteko eta horri aurre egiteko.
Makibarrek ere uste du bakardadea «estigmaz» inguratuta dagoela: «Inork ez du onartu nahi bakarrik dagoela». Horren adibidea eman du Castrok: «Norbait alargun geratzen baldin bada eta esaten badu bakarrik sentitzen dela, denok ulertzen dugu. Inguruan jendea duzunean bakarrik sentitzen zarela esatea, aldiz, batzuetan ez dugu onartzen kanpotik». Horregatik, zailagoa da hori adieraztea.
«Norbait alargun geratzen baldin bada eta esaten badu bakarrik sentitzen dela, denok ulertzen dugu. Inguruan jendea duzunean bakarrik sentitzen zarela esatea, aldiz, batzuetan ez dugu onartzen kanpotik»
PILI CASTROPsikologoa eta Bizkaiko Caritaseko Edadetuen eta Zahartzearen Arloko arduraduna
Pandemiak ere eragina izan du bakardadean. «Alde batetik, ona izan da, orain gehiago hitz egiten delako bakardadeari buruz», esan du Castrok. Baina: «Adinekoei dagokienez, bakarrik bizi ziren horiengan jarri genuen arreta. Argitara atera zen, baina, gurasoekin bizi ziren gazteak bakarrik sentitzen zirela». Castrok uste du zaharren ikuspegia ez zela ondo landu. Halere, haren iritziz, gazteen bakardadeaz hitz egiteak ekarriko du egoera hori ohikotzat jotzea eta bakardadea onartzea.
«Gure bizimoduak bide ematen dio bakardadeari», aitortu du Castrok. Eta hala uste du Garciak ere: «Beldurra diogu gizarteari; lehen etxeko ateak irekita uzten genituen; orain, ez». Bizilaguna ekarri du gogora; elkar zaindu dute beti, baina orain ez dute ia elkar ikusten: «Seme-alabek esaten diote etxeko atea ez irekitzeko; arratsaldea ohean igarotzen du». Beste bizilagun batek Garciari kontatu dio gauetan semearengana joaten dela lo egitera, beldur delako.
Egoera horretara ez iristeko, Iruñeko herritar batzuk elkartu egin dira, eta Etxekide proiektua sortu. «2016an, 58 urte inguru genituenean, hiruzpalau lagun hasi ginen aztertzen nola bizi nahi genuen nagusitan», azaldu du Kontxesi San Juan Elizaldek, Etxekideko talde motorreko kideak. Inguruan ikusten zuten hori ez zutenez gustuko, «bizitzako azken etapan pozik bizitzeko» beste modu bat bilatzen hasi ziren.
Beste herrialdeetako adibideak hartu zituzten oinarri, eta Iruñean hitzaldiak eman. «Sortu dugun proiektuaren oinarria landu genuen bertan; gaur egun, 32 pertsona gaude taldean». Etxekideren helburua da Txantrea auzoan etxebizitza batzuk eraikitzea; Nafarroako Gobernuak aurkeztutako lehiaketa bat irabazi dute duela gutxi horretarako. Aurreikusi dutenez, datorren urtean hasiko dira etxebizitzak eraikitzen.
Proiektu arkitektonikoa diseinatzen ari dira orain: eremu komunak, lorategia, erabilera anitzeko aretoak eta auzoarentzat irekita egongo den aretoa, besteak beste. «Bakoitzak bere eremu indibiduala izango du: etxebizitza bakoitzak 52 metro koadro izango ditu», zehaztu du San Juanek. «Guztiontzako eremuak zabalak izango dira, bizitza partekatu nahi dugulako; baina norbaitek egun batean ez badu inorekin egoteko gogorik, bakarrik egoteko aukera ere izango du», erantsi du.
«Lehen, gauza gutxiago genituen, baina kolektibitate handiagoa; orain, konturatzen ari gara gauza gehiago ditugula, baina gero eta bakartiago gaudela»
KONTXESI SAN JUANEtxekideko talde motorreko kidea
Oraindik elkarrekin bizi ez diren arren, Etxekideko kideak hasi dira jada «bizitza partekatzen». Besteak beste, irteerak egiten dituzte mendira, bazkariak eta jaiak antolatzen dituzte, eta zineforuma ere egin dute. San Juanen iritziz, ekintza ugari eginda lortuko dute bizitzeko oinarria «ahalik eta hoberen» zehaztea.
«Gure helburua da ahalik eta zoriontsuen bizitzea», argi utzi du Etxekideko kideak. Bizimodu diferente horretan bakardadea askoz ere baztertuago egongo dela deritzo. «Lehen gauza gutxiago genituen, baina kolektibitate handiagoa; orain, konturatzen ari gara gauza gehiago ditugula, baina gero eta bakartiago gaudela». Haren ustez, bakardadea oso mingarria da, eta ez bakarrik zaharren artean. «Marian Rojas Estape psikiatrak dio bakardadeak hil gaitzakeela; hil gaitzake gizartearen parte ez sentitzeagatik», azaldu du. Gainera, zenbat eta zaharrago izan eta zenbat eta ahulago egon, errazagoa da gero eta baztertuago sentitzea, San Juanen iritziz. Hori dela eta, Etxekideren pareko proiektuen garrantzia azpimarratu du: «Gure taldeko kideek beti izango dute norekin hitz egin; aldamenean norbait dutela sentituko dute».