Uztailean egin zuten lehenengo saiakera, eta irailean ekin diote bigarrenari. Kaleratzeak Stop plataformak mozioak aurkeztu ditu bigarren aldiz Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako udal nagusietan. Oporraldian Euriborra %4,25 igo dela adierazi du erakundeak, eta berriro abiarazi uztailean hasitako mozio kanpaina. Helburua da Eusko Jaurlaritzak udal horiek «tentsio handiko eremu» izendatzea eta merkatu pribatuko alokairuen prezioak apaltzea. Donostiako Udala izan zen mozioa berresten lehenbizikoa, eta, Donostiak ez ezik, Eibarrek, Errenteriak, Irunek eta Lasarte-Oriak ere onartua dute jada Gipuzkoan.
Hain zuzen, mozioak Gipuzkoan izan du babesik handiena. Lasarte-Orian irailaren 14an onartu zen, PSE-EE, EH Bildu eta Elkarrekin Podemosen babesarekin. EAJ eta PP abstenitu egin ziren, berriz. Zumarragan gaur aurkeztuko da, eta Ordizian, Pasaian, Hernanin, Beasainen, Andoainen, Arrasaten eta Astigarragan, berriz, datozen egunetan. Tolosan, urrian izango da eztabaidagai.
Bizkaian, Bilbo, Barakaldo, Portugalete eta Basauriko udaletan aurkeztu da mozioa, eta Santurtzin eta Sestaon urriko udalbatzarretan egitea espero du Kaleratzeak Stopek.
Gasteizen, aurreko ostegunean erregistratu zen mozioa, baina herri txandaren bidez. Izan ere, EH Bilduk gaiari buruzko mozio bat aurkeztu zuen ,eta Elkarrekin Podemosek beteta zeukan mozioak aurkezteko gehienezko muga. Hala ere, erregistratu zen mozioa ez zen Kaleratzeak Stopena izan. Hortaz, plataformarena urriko osoko bilkurara joango da.
Plataformak EAJri gogoratu dio udal gehienek alokairu mugatuak nahi dituztela, eta horietan etxebizitza legearen alde bozkatzen ari direla jeltzaleak. «EAJk ezin du aitzakiatzat erabili etxebizitza legearen 18. artikuluaren eskumen inbasioa ez jarduteko eta putre funtsek eta jabe handiek etxebizitzarako duten eskubidearekin espekulatzen jarraitzeko». Halaber, plataformakoek Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailari eskatu diote lehenbailehen aintzat hartzeko udalek egindako eskaerak, uste baitute modua emango dutela etxebizitza larrialdia arintzeko, bizitoki «duin eta eskuragarriak» eskaintzeko, eta gehiegizko alokairuak ez ordaintzeagatik etxegabetze eskaera gutxiago izateko.