Kaleratzeak Stop-ek, Alokairuk eta Azora funtsak kalte egindakoen plataformak agerraldia egin dute gaur, EH Bilduko eta Elkarrekin Podemoseko zinegotzien babesarekin. Merkatu pribatuko alokairuaren prezioa kontrolatuko duen kanpaina bat abian jartzeko eskatu diote Eusko Jaurlaritzari, eta Etxegintzan izena eman eta etxebizitza bat lortu ez duten pertsonen egoera salatu dute.
Rosa Garcia Kaleratzeak Stop elkarteko bozeramaileak adierazi duenez, «familia horiek, izena eman duten gehienek bezala, seme-alabak dituzte ardurapean, eta haien diru sarrerak 3.000 eta 16.000 euro artekoak dira, eta horrek eragotzi egiten die Donostian eta Gipuzkoan dauden gehiegizko alokairuak ordaintzea».
Horrez gain, zera eskatu du: alokairu sozialeko etxebizitza gehiago sortzea, «Donostian dauden 4.000 etxebizitza hutsak» mobilizatzea, eta merkatu pribatuan alokairuaren prezioa kontrolatzeko kanpaina bat abiatzea. Izan ere, Garciaren arabera, «borondate politikoa egonez gero», egin daiteke.
Elkarteko bozeramaileak adierazi duenez, «eskubide bat da etxebizitza, ez negozioa», eta gaineratu du ez dietela eragotziko eskubide hori eskatzen jarraitzea «Estatuko hiririk garestienetan hirugarrena» den horretan.
Alokairuko etxebizitzen prezioak, gora
Apirilean Economic Research-Ekonomska IstrazÌŒivanjak zientzia aldizkarian argitaratu zen ikerketa baten arabera, Donostiako etxe turistikoak ugaritu egin dira, eta, horrekin batera, alokairuen prezioa igo. Lanaren emaitzek adierazi dutenez, «Airbnb-ren presentzia zenbat eta handiagoa izan, orduan eta handiagoa da alokairuko etxebizitzen prezioa»; hau da, «Airbnb-ren presentziak alokairuaren prezioa igo du».
Bizilagunekin plataformak —ikerketan oinarrituta— adierazi zuenez, «etxejabe askok beren jabetzak alokairu merkatutik atera eta merkatu turistikoan eskaintzeko hautua egiten dute». Horren ondorioz, «gero eta etxebizitza gutxiago daude eskuragarri alokairuan, eta prezioak igo egiten dira».