Kaleratzeak Stop-ek mozioak aurkeztuko ditu udalerriak «tentsio handiko eremu» izendatzeko

Donostiako Udalak mozioa berretsi zuen uztailaren 4an, eta Donostia «tentsio handiko eremu» izendatzeko eskaera egin zion Eusko Jaurlaritzari.

Bilboko plaza bat, hainbat etxebizitza bloke eta landare bakan batzuekin. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Markel Garzon Goitia
2023ko uztailaren 10a
17:46
Entzun

Alokairuen prezioa hainbeste igo ez dadin, Kaleratzeak Stop plataformak mozioak aurkeztuko ditu Bizkaiako, Arabako eta Gipuzkoako «udal nagusietan». Udal horiek «tentsio handiko eremu» izendatzeko eskatuko diote Eusko Jaurlaritzari. Kaleratzeak Stop kolektiboak ohartarazi duenez, hilabete honetan eta irailean aurkeztuko ditu mozioak. Donostiako Udala izan da lehenbizikoa mozioa berresten. Hain zuzen ere, uztailaren 4an udalak Jaurlaritzari eskatu zion Donostia «tentsio handiko eremu» izendatzea.

Espainiako Gorteek maiatzean onartu zuten Etxebizitza Legea. Horri esker, erkidegoko gobernu batek «tentsio handiko eremutzat» jo ditzake hiriak, auzoak edo herriak. Legeak tentsio handiko eremutzat hartzen ditu alokairuaren edo etxebizitzaren prezio neurrigabeak dituzten udalerriak.

Halere, eztabaida iturri izan zen legea onartu berritan; EAJk aurka bozkatu zuen Espainiako Kongresuan, eta Jaurlaritza ere kontra agertu zen, bere eskumenak urratzen zituela argudiatuta. Kaleratzeak Stop kolektiboak, ordea, ez du uste eskumen arazorik dagoenik; beraz, plataformak salatu egin ditu tentsio handiko eremuak izendatzeko prozesuak «atzeratzeko» EAJk jarritako «aitzakiak».

Kaleratzeak Stopen iritziz, Bilbok, Donostiak, Gasteizek eta beste udalerri askok betetzen dituzte «tentsio handiko eremutzat» joak izateko lege berriak ezarritako baldintzak. Horretarako baldintzak hauek dira: batetik, hipoteken edo alokairuen prezioak (gastuak barne) etxe bakoitzeko batez besteko diru sarreren %30 gainditzea; bestetik, azken bost urteetan eremu horretan etxebizitzaren salmenta edo alokairu prezioa KPI kontsumo prezioen indizea baino hiru puntu gehiago igo izana. Dena den, udalerri bat “tentsio handiko eremu” izendatu ahal izateko, nahikoa da bi baldintzetako bat betetzea.

Kaleratzeak Stop kolektiboak eredutzat hartu du Kataluinako joera alokairuen aferan. Hain justu ere, alokairuaren prezioa mugatzeko intentzioz, 60tik 140ra handitu da tentsio handiko eremu izendatu diren udalerrien kopurua.

Neurriak “tentsio handiko eremuetan”

Neurri hauek ezartzen dira, besteak beste, «tentsio handiko eremu» izendatzen diren udalerrietan: %90erainoko hobaria ezartzen diren PFEZaren kalkuluan; bost etxebizitza edo gehiago dituztenak «jabe handitzat» hartzea; eta prezioa %10 igo ahal izatea hobekuntza obrak egiten badira edo hamar urteko kontratuak sinatzen badira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.