EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboak 2017an hartu zuen «kaleratze bidea espetxe legediaren baitan egiteko prestutasuna», eta horretan jarraituko dute aurrerantzean ere, atzo BERRIAri bidalitako oharrean jakinarazi zutenez: «Etengabean jarraitzen dugu ahalegin horretan, eta euskal preso politiko guztiak kaleratu arte jarraitzeko erabakia berresten dugu». Salatu dute, ordea, bidea ez dela izaten ari «traba eta zailtasunik» gabea: «Salbuespeneko epaitegiek ezarritako zigorrek mendeku izaera hartzen dute guregan, eta horren ondorio dira aspalditik kalean eta aske behar luketen kideen egoerak». Besteak beste, legea «bihurrituta» jarritako zigorrak aipatu dituzte, baita tortura testigantzen ondorioz ezarritako kondenak ere: «Estatu espainiarreko espetxeetan gaudenon artean, ehundik gora kidek, % 57k zehazki, torturak salatu zituzten atxiloketaren ondoren, eta torturapean erauzitako deklarazioak baliatu zituzten zigorrak ezartzeko».
Presoek haien «ekinbidean» eragindakoa «onartzen» duten gisan, presoei haiei eragindako «minaren errekonozimendua» ere galdegin du EPPK-k: «Torturatu gaituztela onartuz, zuzenbidearekin zerikusirik ez duten epaiketen errealitatea onartuz, espetxealdiak luzatzeko lege bihurritzeak, berrogei urtera arteko edo bizi osorako zigorrak, kartzela aldiak luzatu eta zigorra gogortzeko legediak espresuki prestatu izana eta abar onartuz».
Joan den asteazkenean Sortuk egindako hitzaldian Rufi Etxeberriak eta Oihana Garmendiak nabarmendu bezala, halaber, EPPK-k azpimarratu du presoen kolektiboko anitzek baimenekin, hirugarren graduan ala baldintzapean aske behar luketela: «%90ek betea dugu zigorraren laurdena, eta irteera baimenak legozkiguke; %70 kidek betea dugu zigorraren erdia, eta hirugarren gradua legokiguke; %30 kidek beteak ditugu zigorraren hiru laurdenak, eta baldintzapeko askatasuna dagokigu». Eritasun larriak eta zigor luzeak dituzten presoen egoera ere salatu dute, eta nabarmendu dute presoentzat ez ezik «Euskal Herriarentzat» ere «beharrezkoa» dela «espetxeak hustea eta iheslari eta deportatuak etxeratzea»: «Aspaldi honetan Euskal Herrian bizi den egoera berriak ezin du onetsi arrazoi politikoengatik inor espetxean, ihesean edo deportazioan egotea. Aspektu horiek konpontzea beharrizan bat da demokrazia eraikiko bada».
Gaur da Preso Politikoen Nazioarteko Eguna, eta bezperan kaleratu zuen EPPK-k oharra, atzo. Salatu zuenez, aurtengo urteak erakutsi du «espetxeak bere alderik zaurtzaileenean» presoen «osasuna eta bizia lapurtzen» dituela. Oharrean bereziki salatu dute senide eta lagunekiko komunikazioak eten izana: «Gehienok hilabeteak daramatzagu bisitak egin ezinik, guraso edo seme-alabekin elkartu gabe, etxekoekin harremana izateko aukerarik gabe». Kolektiboak gaitzetsi du, halaber, Madrilek eta Parisek «uko» egin diotela «pandemiaren aurrean espetxeetan hartu beharreko neurrien inguruan nazioarteak emandako gomendioak» betetzeari.
«Lehen urratsa», egiteke
EPPK-k adierazi du «kontuan hartzen» dituela «2018az geroztik espainiar eta frantziar gobernuek» egindako «urrats propioak», baina, haren hitzetan, hori ez da aski presoen egoerari «zentzu gizatiarra» emateko: «Gaur ikusten duguna ere ez da, inondik inora, nahi genukeen mapa». «Lehen urrats» gisa ezarri dute euskal preso guztiak Euskal Herrian eta bigarren edo hirugarren graduan egotea, eta Frantziako Estatuan betetako zigorrak Espainiakoan batzea. «Salbuespenezko neurri eta legediak behingoz ezabatzea» ere galdegin dute: «Preso, iheslari eta deportaturik gabeko egoerara iristeko, ezinbestekoa da Madrilek eta Parisek salbuespen politikak eta legedi berezituak, ordainsaria eskatu baizik egiten ez duten espetxe politikak, albo batera uztea guztiz».
Kolektiboak oroitarazi du Aieteko Adierazpenaren laugarren puntuak dioela «gatazkaren oinarrian arrazoi politikoak» daudela, «eta politikoak direla, beraz, gatazka horren ondorioak». Hori aitortzeko eskatu dute: «Oinarrian dauden arrazoi horietara jo behar da gure herrian konponbide eta elkarbizitza demokratikorik izango bada». Independentziaren bidean gazteei «konpromisoa» eskatu diete.
EPPK-k kaleratutako ohar osoa BERRIAren webgunean irakurgai: www.berria.eus
Kaleratzeak legea betez egiteko prestasuna berretsi du EPPK-k
Madrilek eta Parisek 2018tik egindako urratsak «kontuan hartu» arren, gehiago galdegin ditu kolektiboak: «Gaur ikusten duguna ere ez da, inondik inora, nahi genukeen mapa»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu