«Kalera» joko dute preso ohiek, euskal presoen askatasuna helburu

Mobilizazio eta ekitaldiz beteriko hilabeteko dinamika jarriko dute abian, 'Kalera, kalera! Bakea eta askatasuna irabaztera' lelopean. «Presorik gabeko herria» irudikatzen hasteko garaia dela uste dute

Preso, iheslari eta deportatu ohiak, atzo, Bilbon, dinamika berria aurkezteko egindako agerraldian. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
gotzon hermosilla
Bilbo
2016ko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Hilabete oso bat iraungo duen dinamika antolatuko dute euskal preso eta iheslari ohiek, Kalera, kalera! Bakea eta askatasuna irabaztera goiburupean, abenduaren 10etik urtarrilaren 8ra. Dinamika bikoitza izango da: alde batetik, Usurbilen (Gipuzkoa) itxialdia egingo dute, eta Kaleragunea izena izango duen esparru horretan jarduera ugari antolatuko dituzte, bai eta harreman sorta bat ere eragile askorekin; beste alde batetik, herri eta auzoetan dinamika deszentralizatua ere antolatuko dute, jarduera eta mobilizazio ugarirekin, Usurbilen egingo denaren osagarri.

Ekinbide horiek guztiek xede argia izango dute: euskal preso, iheslari eta deportatuak Euskal Herrira ekartzea. Eta, bereziki, gizarteari ohartaraztea helburu hori lortzeko mobilizazioa ezinbestekoa dela, «presoak ez baititu haizeak ekarriko».

Euskal Herriko herrialde guztietatik iritsitako hamabost bat preso ohik aurkeztu dute dinamika berria, eta Juan Mari Olano eta Oihana Garmendia preso ohiek azaldu dituzte horren helburuak eta antolatutako ekitaldien egitaraua. Olanok azaldu duenez, duela urtebete inguru hasi ziren preso, iheslari eta deportatu ohiak elkarren arteko «komunikazio esparru bat» sortzeko ahaleginean, bi helbururekin: alde batetik, preso, iheslari eta deportatuen auzia «geldiunean» eta «agenda politikotik at» zegoela ikusita, etxeratze prozesua «azkartzen» laguntzea; eta, beste alde batetik, «giza eskubideen dimentsio garrantzitsu horretatik harago» mobilizaziorako «gune politikoak» sortu nahi zituzten.

Geroztik, hainbat jarduera bultzatu dituzte, bizi izandako jazarpenaren eskarmentutik «euskal gizarteari zer esana» badutelakoan. Euren esperientzia ekarri nahi izan dute presoen auziari buruzko eztabaida publikora. Baina, ekarri ez ezik, jaso ere egin izan dute: Olanok esan duenez, herririk herri antolatu dituzten hitzaldietan herritar ugarirekin egon dira, eta «entzuteko ariketa handia» egin dute lagun askoren iritzi eta proposamenak jasoz.

Edozein modutan, Olanok zehaztu du preso eta iheslari ohiek ez dutela «eragile politiko» bilakatzeko asmorik, ezta presoen alde lan egiten duten beste elkarte eta erakunde batzuk ordezkatzekoa ere; lan horren «osagarri» izan nahi dute.

EPPKren agiria

EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboak 2013ko abenduan plazaraturiko agiria gogora ekarri du Olanok. Agiri hura «oharkabean» igaro zela uste dute preso ohiek, baina haren garrantzia nabarmendu nahi izan dute; euren ustez, orduan hasi baitzen «euskal presoen ildo politikoaren egokitzapena egoera berrira». Agiri hartan, «errealismo politiko handia» eta «egoera berriarekiko konpromiso tinkoa» zegoen, eta hango edukiek «gaurkotasun handia» dute, preso ohien aburuz.

Alde horretatik, dei argia egin nahi izan diote preso ohiek euskal gizarteari: «Etorkizun hurbilari begira, presorik gabeko herri bat irudikatzeko ariketa mentala egiteko garaia heldu zaigu», esan du Olanok. Presoen auzia konpondu nahi duten eragile eta instituzio guztien artean «esparru bat eraikitzeko» baldintzak badaudela uste dute preso horiek, eta eragile horiekin guztiekin «elkarlanean aritzeko» prest agertu dira.

Abenduaren 10ean abiaraziko duten dinamika berriarekin beste urrats bat egin nahi dute norabide horretan. Kalera, kalera! Bakea eta askatasuna irabaztera izango da dinamika horren goiburua, eta, Oihana Garmendiak azaldu duenez, goiburu horren bi leloen bitartez mezu bikoitzak plazaratu nahi dituzte: Kalera, kalera! presoen aldeko abesti ezagunetik hartutako ahapaldia da, eta, horrekin, presoak kaleratzeko beharra nabarmendu nahi dute, eta, aldi berean, helburu hori lortzeko euskal gizartea kalera atera beharra.

Bakea eta askatasuna irabaztera leloarekin, berriz, nabarmendu nahi dute presoen askatasunarekin «euskal gizarte osoak» bakea eta askatasuna eskuratzen dituela, eta, era berean, presoak askatzea beharrezkoa dela «bakearen eta askatasunaren alde borrokatzen» jarrai dezaten. «Erbestea eta espetxea ezagutu ditugunok ez goaz etxera, kalera baizik, borrokatzen jarraitzera», esan du Garmendiak.

Preso ohiek euskal gizarte osoari dei egin diote Kalera, kalera! Bakea eta askatasuna irabaztera izeneko dinamikaren baitan antolatuko diren ekitaldi eta mobilizazioetan parte har dezan, baina dei berezia egin diete «amnistiaren, bakearen eta askatasunaren alde bizitza osoan modu batera edo bestera borrokatzen aritu diren milaka euskal herritarrei».

Garmendiak esan duenez, «enpatia ariketa bat» izango da dinamika berria, «presoekin, eta amnistiaren, bakearen eta askatasunaren zuziari pizturik eutsi dioten guztiekin». Izan ere, su lama izango da ekinbidearen ikurra, «senideek eraman ohi dituzten kriseiluetakoa, amnistiaren nazioarteko ikur den kandelakoa, askatasunaren suarena».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.