Kalera irtengo da LGTBI mugimendua, «gorroto diskurtsoen aurka»

LGTBI komunitatearen egunerako manifestazio bat antolatu Bizkaiko E28 taldeak. Borrokaren «merkantilizazioaren» arriskuez ohartarazi du

E28 koordinakundeko kideak, atzoko agerraldian. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2017ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
«LGTBIfobia eta gorroto diskurtsoen aurka borrokatzeko» eta komunitatearen eguna ospatzeko mobilizatuko da Bizkaiko E28 koordinakundea ekainaren 28an, datorren asteazkenean. Ez da adierazpen askatasuna, gorrotoa besterik ez da leloa hartuko dute ardatz. «Sistema zisheteropatriarkalaren aurka borrokatzen gara», jakinarazi dute koordinakundeko kideek.

Aurten ere kolektiboak askotariko «indarkeria eta gorrotoa» jasan dituela salatu dute. «Autobus transfoboak, trans pertsonentzako hormona hornidura falta eta markak hautsi dituzten erasoak jasan ditugu». Txetxeniako kasua nabarmendu dute, herrialde horretan «torturatu eta hil» dituzten gay eta bisexualak gogoan. LGTBI etorkinen babes eskaerak erantzuteko Europako gobernuen «interes» falta ere sakatu dute. Koordinakundekoen iritziz, adibideok sexu orientazioaren eta genero identitatearen aurkako delituen oinarri ideologiko dira. Horregatik, «LGTB+ legedi integral» bat erdiesteko eztabaida zabaltzeko beharra dagoela uste dute. Komunitatearen eguna dela eta, «merkantilizaziorik» eta asmo «kapitalistarik» gabeko ospakizuna nahi dute.

Horregatik, asteburu honetarako antolatu den Bilbao Bizkaia Pride egitasmoa kritikatu dute: «LGTB+fobiarik gabeko Bilbo nahi dugu, eta, horretarako, ezin dugu zikinkeria ezkutatu ortzadar koloreko alfonbraren azpian gure irudia garbitu eta mapan agertzeko». Hirugarrenez egingo da aipatu ekintza, «pertsonen eskubideen alde sentsibilizatzeko». Bilbao Bizkaia Friendly taldeak antolatu du, eta bertan parte hartzen dute, besteak beste, Bilboko Udalak eta Gehituk.

E28 koordinakundeko kideen iritziz, ordea, horrelako ekintzen helburua etekin «ekonomikoa» da. «Guk aldarrikapena egingo dugu. Ekainaren 28a borroka eguna da, baina ospakizuna ere bada. Ospa dezagun Harrotasunaren Eguna gure existentzia, ikusgarritasuna, errealitateak eta harremanak aldarrikatzeko egun gisara». Manifestazioa 19:30ean abiatuko da, Bilboko Plaza Eliptikotik.

Eskoletarako neurriak

Ikastetxeetan LGTBIfobia ekiditeko neurriak zehazteko eskatu dio Eusko Legebiltzarrak Jaurlaritzari. Alderdi guztiek sinatu dute Elkarrekin Podemos taldearen proposamena. Balizko jazarpenen aurrean, kontuan hartu beharko dituzte honako hauek: arreta, ez errepikatzea eta erreparazioa. Eskolako jokabide araudietan barneratuko dituzte neurriak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.