‘Kalera Info’-ren itxiera arbuiatzeko eskatu dio EH Bilduk Eusko Legebiltzarrari

Eusko Jaurlaritzari galdegin dio «bide judizial eta politikoetatik» ekiteko oinarrizko eskubideen alde

'Kalera Info' aldizkariaren itxiera salatzeko agerraldia. BERRIA
2021eko irailaren 24a
16:58
Entzun

Legez besteko proposamen bat aurkeztu du koalizioak Eusko Legebiltzarrean. Parlamentuak Kalera Info aldizkariaren eta webgunearen itxiera arbuiatu dezan eskatu du bertan. Audientzia Nazionalaren «hamaikagarren erasoa» dela esan dute, «adierazpen eta iritzi askatasunaren eta politikan parte hartzeko eskubidearen aurka».

Formazio subiranistak azpimarratu du hedabideen itxiera ez dela «fenomeno berria» eta Espainiako estatuaren izaera antidemokratikoa aspalditik datorrela. Horren harira, Madrilgo Gobernuari eskatu dio Europar Batasunaren Oinarrizko Eskubideen Gutuna sinatzeko, eta errespetatzeko adierazpen, iritzi eta informazio askatasunak.

Era berean, koalizioak Eusko Jaurlaritzari galdegin dio Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako biztanleen «oinarrizko eskubideak» defendatzeko, eta «bide politiko eta judizialak» erabiltzeko horretarako.

2017an sortu zen Kalera Info, eta hiru hilean behin argitaratzen da. Presoen eta haien ingurukoen informazioa ematen du: epaiketena, eta kartzelen arteko leku-aldatzeena, besteak beste. EH Bilduk adierazi du itxiera Espainiako Audientzia Nazionalaren eraso bat dela, alderdi politiko baten jarduera komunikatiboaren aurkakoa. Are gehiago, informazio askatasuna «bortxatu» ez ezik, mugimendu politiko oso baten aurka egiten duela.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.