Kalera ateratzeko prest: premiaz

Sarek etzi karrikara ateratzeko deia egin die herritarrei, nor bere herrian. EAJ, EH Bildu, Ahal Dugu eta Hego Euskal Herriko sindikatu guziak goizeko ekitaldian izanen dira

MARISOL RAMIREZ / @FOKU.
maddi ane txoperena iribarren
2022ko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun
Larunbatean ez dute eginen Bilboko urteroko manifestazio jendetsurik, baina Sare euskal presoen eskubideen aldeko mugimenduak herri eta hirietan antolatuko diren manifestazioetan parte hartzeko deia egin die euskal herritarrei. Mugimenduak nabarmendu du, hain zuzen, «garrantzitsua» dela «kalera irtetea eta salbuespenezko espetxe politikaren amaiera eskatzeko aldarrikapena aktibo mantentzea». Osasun egoeragatik karrikara atera ezin dutenei eskatu diete sare sozialetan zabal ditzatela haien aldarrikapenak, eta gainerakoei galdegin diete mantendu ditzatela osasun neurriak: «Oso garrantzitsua da».

Joan den astean iragarri zuten Bilboko manifestazio erraldoiaren partez herri eta hirietan eginen zituztela mobilizazioak. Bake Bideak eta Bakegileek, berriz, oraingoz eutsi egin diote Baionan egitekoa duten manifestazioari: gaur goizean emanen dituzte mobilizazioari buruzko azken xehetasunak.

Sarek, halere, bere horretan mantendu du Bilboko Euskalduna jauregian larunbat goizean egitekoa duten ekitaldia. 10:30ean hasiko da, eta, atzo Bilbon eginiko agerraldi batean jakinarazi zutenez, ordezkaritza zabala izanen da han: alderdi politikoen artean, EAJ, EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta Nafarroako Ahal Dugu egonen dira; Hego Euskal Herriko sindikatu guztiak, hots, ELA, LAB, UGT, CCOO, Steilas, ESK, Etxalde, Hiru, CGT, CNT eta EHNE; EAEko Arartekoaren bulegoko ordezkaritza bat, eta giza eskubideen defentsaren eremuan lan egiten duten elkarteetako ordezkaritza zabal bat ere bai. Kataluniako eta Galiziako alderdi eta eragileek ere agertu dute Bilbora joateko asmoa, nahiz eta osasun egoeraren araberakoa izanen den haien parte hartzea. Bertzeak bertze, atxikimendua eman dute ERCk, Juntsek, CUPek, ANCk, Omniumek, Consell per la Republicak eta BNGk.

Alde guzietako biktimek emanen diote hasiera goizeko ekitaldiari, mahai inguru batean, eta Sarek jakinarazi du hitza hartu behar dutenez gain bertze biktima batzuk ere izanen direla entzuleen artean, haiek hala eskatuta. Mahaiaren bueltan Robert Manrique, Naiara Zamarreño eta Rosa Lluch ETAren biktimak eta Maider Garcia eta Idoia Zabalza estatu indarkeriaren biktimak egonen dira.

Bertze herri eta hirietan bezala, Bilbon ere eginen dute manifestazioa, eta, urterokoa izanen ez den arren, inguruko herrietako jendeari hara joateko deia egin diote: Uribe Kostakoei, Ezkerraldekoei eta Basaurikoei. 17:00etan hasiko da Bilboko manifestazioa, plaza Eliptikotik, eta udaletxearen aitzinean bukatuko da.

Hiru aldarri nagusi

Sarek hiru aldarrikapen nagusi eginen ditu larunbatean. Lehena, euskal preso guztiak Euskal Herriratzea, «salbuespenik gabe eta gehiago atzeratu gabe». Bigarrena, «desblokea» dadila presoak bigarren gradutik hirugarrenera pasatzeko aukera, espetxe baimenak hartzekoa eta baldintzapeko askatasuna lortzekoa. Eta, hirugarrena, «bizikidetzaren eta bakearen alde aurrera egiten» jarraitzea, «erantzukizunez, errespetuz eta enpatiaz».

Euskal presoen eskubideen aldeko mugimenduak espero du urte hau «erabakigarria» izanen dela espetxe politika aldatzeko: «Sufrimenduari amaiera emateko eta etorkizun hobea eraikitzeko bide honetan elkarrekin aurrera egiteko urtea izatea espero dugu. Eta guztion artean egin behar dugu hori. Bestela, ezinezkoa izango da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.