Ingelesari tokia egiteko, euskarari kendu. Hori da, funtsean, Nafarroako Gobernuaren 57/2024 foru aginduak D ereduko zenbait ikastetxetan eginen duena. Horren arabera, ugaritu eginen dira PAI programaren barruan ingelesez emanen diren ikastorduak. D ereduko ikastetxeen kasuan, astean zazpi ordu egin beharko dituzte ikasleek ingelesez, gutxienez, eta horrek pisua kenduko dio euskarari. Erabakiak euskarazko murgiltze ereduari «kalte handia» eginen diola uste dute D ereduko ikastetxeetako komunitateek, eta kalera atera dira, gobernuari eskatzeko atzera bota dezala araua. Elkarretaratzea egin dute gaur Iruñean, Nafarroako Parlamentuaren parean.
Erriberri, Sarriguren, Tafalla, Gares, Buztintxuri eta Noaingo ikastetxeetako familiek egin dute protestarako deia, eta LAB, Steilas eta ELA sindikatuetako ordezkariak batu zaizkie gaur goizeko elkarretaratzera. D ereduko eskola publikoak dira denak, eta PAI programaren barruan daude. Sarrigurengo Joaquin Lizarraga ikastetxeko Carma Verdejok irakurri du familien idazkia gaztelaniaz, eta Garesko ikastetxeko Estibaliz Agirrek euskaraz. Hezkuntza Departamentuari leporatu diote «euskararen, ikasleen eta familien erabakiaren aurka» aritzea, ingelesezko ordu gehiago inposatuta.
«Orain arte, legeak behartuta, D ereduko ikastetxe berriek PAI programa ezarri behar izan dute, eta, gutxienez, astean sei ordu eman behar izan dituzte ingelesez», salatu dute Verdejok eta Agirrek: «Orain, 57/2024 foru aginduak zazpi ordura igo du ingelesezko gutxienekoa, eta, gainera, Zientzia ikasgaiari aplikatu diote igoera hori».
Familien ustez, ingelesez emaniko ikastorduak ugaritzeak ez du ekarriko ikasleek hizkuntza horretan duten maila hobetzea, baina kalte eginen dio murgiltze ereduari: «D eredua aukeratu genuen gure seme-alabek benetako murgiltze linguistikoa egin zezaten euskaraz, eta oso garrantzitsua da hizkuntza gaitasun egokia garatzea, ondoren beste hizkuntza eta ikasgai batzuetara transferitu ahal izateko». Ingeles orduak gehituta eta euskarazkoak murriztuta, ordea, Nafarroako Gobernuak euskararen irakaspenari «kalte egingo» diola uste dute. Era berean, ez dute begi onez ikusten zientzietako ikasgaiak ingelesez estudiatu beharra: «Ingeleseko A2 maila ez da nahikoa esparru zientifikoan sakondu ahal izateko, eta, beraz, zientzietako gaitasunean ere kalte eginen diete ikasleei», ohartarazi dute.
Tantaka, PAItik ateratzen
Salatu dute, halaber, Hezkuntza Departamentuak ez duela aintzat hartu familien iritzia, eta PAI programaren edukiak aldatzeko erabakia hartu duela «haurrak jada eskolatuta zeudenean, ikasturtearen erdian». Verdejok esplikatu du Sarrigurengo Joaquin Lizarraga ikastetxeak eskaera egin duela jada PAItik ateratzeko. Aurretik, Garesko, Elizondoko eta Castejongo ikastetxeak ere atera dira programatik.
Hala ere, familiek azaldu dutenez, ikastetxeak PAItik aterata ez da konponduko egungo ikasleen arazoa: «Hemendik aurrera matrikulatutako ikasleek ez dute PAIn ikasi beharko, baina gainerako ikasleek programa horren barruan bukatu beharko dute Lehen Hezkuntza», esan du Agirrek.