Bilboko Aste Nagusiak amaiera gazia izan zuen igandean: Udaltzaingoak Arriaga plazatik kanporatu zituen kaleko saltzaileak. Konpartsakideek aurre egin zieten ertzainei. Are gehiago, aurretik ere eskatu zuten kaleko saltzaileak bakean uzteko. Izan ere, Aste Nagusi osoan kaleko saltzaileek «etengabeko tentsioa eta jazarpena» pairatu dutela salatu du Manteroekin Bat plataformak, eta exijitu herritar horien eskubideei kalte «larria» egiten dieten udal politikak aldatzeko.
Mbolo Moye Doole elkartea, Ongi Etorri Errefuxiatuak plataforma eta Bizkaiko SOS Arrazakeria dira Manteroekin Bat plataformaren parte. Kaleko saltzaileen kontrako indarkeria poliziala areagotu dela salatzeko, elkarretaratzea egin dute gaur Bilboko Arriaga plazan, beste hainbat kolektiborekin batera. Argi utzi dute kaleko saltzailea izatea ez dela delitua. «Ikusi dugu atxilo hartu dituztela, identifikazio arrazistak eta konfiskazioak egin, dokumentuak atxiki, eta, gainera, gehiegizko indarra erabili dutela», salatu dute.
Bilboko Udalaren «erantzun falta» ere kritikatu du plataformak. Joan den hilabetean, udal politikak aldatzeko proposamen bateratu bat aurkeztu zioten. Ordutik, bilerak egin dituzte udaleko Berdintasun, Bizikidetza, Lankidetza eta Immigrazio Saileko eta Segurtasun Arloko ordezkariekin. «Eskaera bakoitzaren erantzuna ezezkoa izan da», zehaztu dute. «Nahiz eta bileretan asmo oneko hitzak esan dituzten, ez da aurrerapenik egon».
Erantzukizun politikoa
Hain zuzen, bost proposamen jaso dituzte eskaeran. Alde batetik, erantzukizun politikoa eskatu dute, baita «abusuen kontrola» ere. Poliziaren esku hartzeetan indarkeria fisikorik eta ahozko indarkeriarik ez erabiltzeko exijitu dute, eta beren «botereaz abusatzen» dutenei jarraipena egiteko, baita zigorrak ezartzeko ere. Beste aldetik, Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko beste toki batzuetan egin duten bezala, kale salmentarako gune seguruak ezartzeko exijitu dute, bai Aste Nagusian, baita Bilboko auzoetako jai herrikoietan ere. Udal instalazioetarako sarbidea izan dezaten nahi dute, modu duinean garbitzeko eta atseden hartzeko aukera izan dezaten.
Dokumentuak ez atxikitzea da plataformaren beste eskaera bat. «Dokumentazioa eta norberaren beste gauza batzuk atxikitzeak oinarrizko eskubideak urratzen ditu», adierazi dute. Ondasun pertsonaleak konfiskatzeak «eztabaidagarriak» eta «gardentasunik gabeak» direla argudiaturik, halakoak berrikusteko exijitu dute.