LABek kaleko saltzaileen aurkako «arrazismo poliziala» salatu du

Bilboko Udaltzaingoa eta Ertzaintza kaleko saltzaile batzuei oldartu zitzaien atzo, Bilboko Kale Nagusian. Aburtok esan du Poliziak legea bete zuela.

Kaleko saltzaile bat, Bilbon, iaz. ARITZ LOIOLA/ FOKU
Kaleko saltzaile bat, Bilbon, iaz. ARITZ LOIOLA/ FOKU
edurne begiristain
2024ko apirilaren 5a
15:20
Entzun

Atzo arratsaldean Bilboko erdialdean zeuden kaleko saltzaile batzuei jazarri zitzaien Polizia: haien atzetik joan ziren, jo egin zituzten, eta saltzen ari ziren materiala kendu zieten. Dozenaka udaltzain eta ertzainek parte hartu zuten Bilboko Kale Nagusian zabaldutako esku hartzean, eta tentsio momentuak izan ziren, herritar batzuek Poliziari haren jokabidea aurpegiratu ziotelako eta saltzaileei laguntzen saiatu zirelako.

LAB sindikatuak ere Poliziaren jokabidea txarretsi du, ohar bidez. Sindikatuak «arrazismo poliziala» eta «indarkeria instituzionala» salatu ditu, eta «neurrigabetzat» jo Poliziaren erantzuna. «Kaleko saltzaile izatea ez da delitua; lan hori egiten dutenak langileak dira», azpimarratu du. Halaber, gogoratu du milaka pertsona migraturen eta arrazializaturen «bizirik irauteko estrategia» dela kopia piratak saltzea.

Bilbon atzo gertatutakoa ez dela kasu bakana gogoratu du LABek, «gero eta ohikoagoak direlako etnia eta arrazaren araberako erregistroak, eta estigmatizatzen eta kriminalizatzen diren langileen aurkako operatiboak». Are, salatu du EAJ agintean den erakundeetan halako jokabideak «legitimatu eta babesten» direla. LABek administrazioei eskatu die jazarpena albo batera utzi eta pertsona guztien eskubideak errespeta ditzatela.

Bilboko alkate Juan Mari Aburtok, berriz, Poliziaren jokabidea txalotu du, eta adierazi «legea betetzen» ari zela. Radio Euskadin egin dituen adierazpenetan, Aburtok esan du halako kasuetan «interes kontrajarriak» egoten direla, eta tokian tokiko merkataritzak ere bere interesak defendatzeko eskubidea duela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.