Bilboko Konpartsek sei manta jarri dituzte Arriaga plaza eta Areatzaren erditik igarotzen den errepidean. Gainean, zenbait konpartsatako kamisetak utzi dituzte, baita jaietako zapi urdinak ere. Kaleko saltzaileei elkartasuna adieraztea izan dute helburu: euren kontrako oldarraldia salatu dute, eta bakean uzteko exijitu.
Manteroekin bat lelopean, konpartsakide ugari batu dira protestara. «Erasorik ez erantzunik gabe», «inor ez da ilegala» eta «hemen gaude manteroen alde» aldarrikapenak oihukatu bitartean, hamabost minutuko kontzentrazioa egin dute. Ostean, adierazpena irakurri dute Irati Cifuentes eta Patricia Lezama konpartsakideek. Azaldu dutenez, ugariak dira kale saltzaileek udaltzainen partetik jasaten dituzten oldarraldiak; Aste Nagusian bertan, baita urte osoan ere.
«Gertakari zehatzak zerrendatu ahalko genituzke, asko baitira kaleko saltzaileen aurkako oldarraldiak», zehaztu dute. Besteak beste: «Bortitz hitz egitea; salmentarako materiala eta, batzuetan, haien gauza pertsonalak kentzea; edota identifikatzera behartzea». Udaltzainen «jarrera oldarkor eta bortitza» salatu dute konpartsakideek, eta «onartezintzat» jo dute. «Jarrera hori erabaki politiko batek babestu du», erantsi dute.
Are gehiago, «egoera zaurgarrienean daudenen kontra jotzea» leporatu diete udaltzainei. Izan ere, kaleko saltzaileen egoera ez da erraza: «Paperik ez dutenez, lan prekarioa egitera behartuta ikusten dute euren burua: kale gorrian, ordu txikietan». Konpartsen ustez, «batzuei molestatzen» die euren presentziak: «Askotan, Bilboren hiri eredua ikusleentzat egina dela dirudi, eta ez herritarrentzat egina». Gogorarazi dute kaleko saltzaileak ere herritarrak direla, eta lanean ari direla. «Beraz, gainontzeko herritarrek eta langileek dituzten eskubide berberak dituzte, eta errespetu bera jaso behar dute».
«Isilarazteko» ahalegina
Kaleko saltzaileen kontrako jarrera salatzeaz gain, Bilboko Konpartsek ohartarazi dute eurak «isildu nahian» ari direla. Hain justu, Aste Nagusiaren lehenengo egunetan kaleko saltzaileei elkartasuna adierazteko eskegitako pankartak kendu dituzte, baita euskararen eta Palestinaren aldeko eta erasoen kontrako hainbat pankarta ere. «Ezin dugu onartu, inolako aitzakiarik gabe, gu isildu nahi izatea», argi utzi dute. Jaigunea «beti» izan da «adierazpen eta aldarrikapen libreen» gunea, eta hori aurrerantzean ere hala izan dadin lanean jarraituko dutela ziurtatu dute konpartsek.
Joan den ostiralean egindako agerraldian, konpartsek adierazi zuten euren helburua dela «txosnagunea segurua» izatea, eta lanean ari direla hori bermatu ahal izateko. Hori bera berretsi dute gaur, eta gogoratu dute «pertsona guztiak» ongi etorriak direla Bilboko Aste Nagusian. Elkartasun «osoa» bidali diete Bilboko kaleko saltzaileei, eta mezu argia helarazi: «Adierazi nahi diegu jaigunea espazio segurua dela, eta haien aurkako indarkeria salatzeko haien ondoan izango gaituztela». Izan ere, SOS Arrazakeriarekin, Mbolo Moye Doole sindikatuarekin, Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformarekin eta bestelako elkarteekin lanean ari dira, «Udaltzaingoaren aurrean tinko eutsi eta jaiak guztientzako leku atsegin eta segurua izan daitezen lortzeko».