Protesta giroa izan da gaur goizean Donostian. Protesta horietako bat, hain zuzen ere, Kaleko Afari Solidarioak (KAS) eta Hiritarron Harrera Sarea herri mugimenduek antolatutakoa izan da. Salatu dutenez, kalean lo egin behar izaten duten migranteek hiriko zenbait txokotan nola edo hala moldatzen dituzte lolekuak, eta haietatik kanporatuak izaten ari dira azken boladan, gero eta intentsitate handiagoz.
Haien ondoan, udaletxearen aurrean haiek ere, Donostiako gizarte arloko langileak zeuden, lan baldintzengatik protestan. Atzeraxeago, Donostiako suhiltzaileak ari ziren protestarako prestatzen. Handik gertu, irakasle mordoxka zihoazen hirugarren greba eguneko manifestaziorantz.
KAS eta Hiritarron Harrera Sarea herri mugimenduetako kideek eman dute prentsaurrekoa, «inor ez da ilegala» dioten pankarta txikiak eskuetan hartuak zituztela. «Desalojo arrazista gutxiago, udal baliabide gehiago» zioen pankarta handiak.
Garazi Montuschi KASeko bozeramaileak eta Isabel Kerejeta Hiritarron Harrera Sarekoak eman dituzte azalpenak. Manteon, Saguesen, Ulian eta Loiolan ari dira egunotan etxoletan edo hutsik dauden eraikinetan lo egiten duten migranteak kanporatzen. Poliziak joaten dira, eta, etorkinek eraiki dituzten etxolak suntsitu ostean, handik botatzen dituzte. «Manteotik bota ondoren, batzuek Uliako gune huts batean hartu zuten aterpe, eta gaur bertan, 08:00etan, handik ere kanporatu dituzte», azaldu du Garazi Montuschik. Saguesetik ere hamalau pertsona kanporatu zituzten orain dela gutxi.
Ikusi gehiago

Ekintza horien atzean udalaren «hipokrisia eta arrazakeria» daudela uste dute. «Erakunde publikoak ez badira gai gazte horiei beharrezko baliabideak emateko, zergatik suntsitu gazteok eta boluntariook elkarrekin egiten dugun lana?», kexatu dira. «Non daude orain boluntarioei buruzko diskurtso zoragarri horiek?».
«Erakunde publikoak ez badira gai gazte horiei beharrezko baliabideak emateko, zergatik suntsitu gazteok eta boluntariook elkarrekin egiten dugun lana?»
GARAZI MONTUSCHIKASeko bozeramailea
Maria Jesus Idoeta Donostiako Gizarte Zerbitzuetako zinegotziaren adierazpenei buruz ari ziren. 2024ko azaroan, Villa Saliako zentro berriaren inaugurazioan, honako asmo hau agertu zuen: «Villa Saliak denbora eskainiko die pertsonei, eta haien alde lan egingo du». Kalean bizi direnei laguntzeko elkartasun taldeetako ordezkarien aburuz, udala bultzatzen ari den kanporatzeek ez dute baieztapen horrekin bat egiten. «Hau al da udalak lortu nahi duen osotasuna? Aurkitzen dituen babeslekuetatik botatzea?», galdetu dute.
Udalaren jarrera ez ezik, zehazki Borja Corominas PPko zinegotziaren jarrera ere gaitzetsi dute. Corominasekin batera, sare sozialetako zenbait kontutatik magrebtar kolektiboaren aurkako gorroto kanpaina sustatzen ari direla salatu dute. Esan dutenez, segurtasunik ezarekin eta delinkuentziarekin lotzen dituzte migranteak, eta haien aurkako indarkeria sustatzen dute. «Gazteak lokalizatu eta jipoitzera bultzatu zituzten», ohartarazi dute. Egoera bidegabea dela uste dute. «Ez dira gaizkileak; beste edozeinek bezala, etorkizuna landu nahi dute».
«Ez daude kalean nahi dutelako, baizik eta hori delako hirian lehen hilabeteetan eskaintzen zaien bakarra»
ISABEL KEREJETAHiritarron Harrera Sareko bozeramailea
KASek eta Hiritarron Harrera Sareak gogorarazi dutenez, iazko urrian Kalegorrian taldeak egindako zenbaketaren arabera, 413 pertsona zeuden Donostian lo egiteko aterperik gabe. Hala eta guztiz ere, La Sirena neguko udal aterpetxea —100 leku dauzka— bost egunetan baino ez dute zabaldu. Aterpetxe hori azarotik martxora bitartean egoten da prest kalean lo egiten dutenak hartzeko, baina izozteak iragartzen dituztenean baino ez dute zabaltzen.
Elkartasun taldeen arabera, zentzugabea da udalak azpiegitura hori izanda pertsona horiek kalean lo egin behar izatea. «Izotzik beharbada ez du egin, baina nork ez du gogoratzen zenbat gau euritsu eta haizetsu izan diren hilabete hauetan?». Udal aterpetxe bat ere badago, baina pertsona bakoitzak hiru hilabetero bost gautan bakarrik erabil dezake. «Ulertzekoa da hori?», diote. Montuschik gogorarazi duenez, «ez daude kalean nahi dutelako, baizik eta hori delako hirian lehen hilabeteetan eskaintzen zaien bakarra».