Kaleko errealitateari etenaldi bat

Kalean bizi direnen «babeslekua» da Bidaide zentroa. Herritarrak hara joan daitezke kafea hartzera, arropa garbitzera edota atseden hartzera. Momentu oro kalean egotea «zaila» dela diote hara doazen lagunek.

(ID_13487642) (Oskar_Matxin_Edesa/@FOKU) 2024-01-12, Barakaldo. Bidaide, Goiztiri elkarteak kudeatzen duen eguneko zentroari bisita
Kalean bizi diren pertsonek Barakaldoko (Bizkaia) Bidaide zentroan gosaldu dezakete. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
Barakaldo
2024ko urtarrilaren 21a
05:00
Entzun

«Hau hotza!». Jaka goraino itxita sartu da Inmaculada Arroyo Bidaide zentrora. Ohikoa bihurtu da esaldia. Izan ere, tenperatura baxuek kaleak hartu dituzte azkenaldian. Horrelako egunetan, kalean bizi direnek Bidaide zentroan aurkitu dezakete berotasun hori. Eguneko ordu batzuk, behintzat, han igaro ditzakete.

Arroyo zentrora sartu denean, dozena bat herritar daude barruan. Gazte batzuk, baita helduak ere. Gizonak gehiago badira ere, emakumeak ere ari dira atseden hartzen. Barakaldon (Bizkaia) dago Bidaide, eta Goiztiri elkarteak kudeatzen du. Urteko egun guztietan irekitzen ditu ateak, kalean bizi direnentzat eta bazterketa arriskuan daudenentzat. «Eguneko zentro bat da, herritarren oinarrizko beharrei erantzuna emateko», azaldu du Tania Diez Orol Goiztiriko kide eta gizarte hezitzaileak.

Bidaideren lehenengo funtzioa «babeslekua» izatea da. «Egunean ez ditzaten hainbeste ordu kalean igaro». Herritarrak kafe bat hartzera joan daitezke, sakelako telefonoa kargatzera, norbaitekin hitz egitera edo, besterik gabe, atseden hartzera eta lo egitera. Hamar besaulki dituzte telebistari begira, eta gehienak beteta daude. Batzuk adi-adi daude pantailari begira; beste batzuek nahiago dute sakelakoaren pantaila txikiari begiratu. Alboan, mahai batzuetan, kafea eta ogia gosaltzen ari dira bi lagun, eta, haien ondoan, emakume bat egunkaria irakurtzen ari da.

Kalean bizi direnez harago

«Goizean 08:30etik 12:30era irekitzen dugu, eta arratsaldean 16:00etatik 19:00etara», zehaztu du Diezek. Eguerdian Caritasen jantokira joaten dira gehienak, bazkaltzera. Dutxatzeko eta arropa garbitzeko tokia dute Barakaldoko zentroan, eta norberaren gauzak gordetzeko gela bat ere bai. Maletaz eta poltsaz beteta dago toki hori. Liburuak mailegatzeko zerbitzuan, bestalde, aukera ugari dituzte. Eta Txoko Moreak informazioa eskaintzen die emakumeei.

Hirurogei pertsona inguru pasatzen dira egunero zentrotik, baina denak ez dira kalean bizi. «Kalean edo aterpeetan lo egiten dutenez gain, beste pertsona batzuk ere artatzen ditugu; esaterako, baliabide gutxi dituzten eta etxeko hornidurak ordaindu ezin ditzaketenak», esan du Diezek. Etxerik gabeko pertsona baita «bizitza autonomoa eta independentea» izateko «gutxienekoa ez duena».

Arroyok, esaterako, Goiztirik kudeatutako aterpe batean egiten du lo, eta eguna zentroan ematen du. Bilbokoa da, eta 59 urte ditu. «Lagun batekin bizi nintzen Alokabideren etxe batean; behin, lagunak istripu bat izan zuen, eta ospitalera eraman zuten». Lau urte elkarrekin bizitzen eman bazituzten ere, Arroyok ez zituen lagunaren senideak ezagutzen: «Momentu horretan ezagutu nituen; ikusi zutenean non bizi ginen, pentsatu zuten ni traba bat nintzela, nahiz eta etxea nik ordaindu». Arroyo etxetik bota zuen familiak, «eraso eginda, gainera».

«Edonor egon daiteke egoera horretan, edozein momentutan; hori ikusarazi behar diogu gizarteari: etxebizitza guztion eskubidea da».

TANIA DIEZ OROLGoiztiriko gizarte hezitzailea

Poliziak Goiztiriren aterpera eraman zuen Arroyo, eta han dago orain. Autoestimuarekin lotutako ikastaro bat egin du. Ez zaionez gustatzen geldirik egotea, euskara ikasten hasi da. Nahiz eta orain hobeto egon, garai «gogorrak» bizi izan ditu: «Munduak irensten ninduela ikusten ari nintzen, berriro». 30 urte inguru zituen garaia ekarri du gogora; kalean bizi zen, menpekotasun arazoengatik. «Asko borrokatu naiz ordutik, eta ikusten ari nintzen berriro gertatzen ari zitzaidala».

«Gaztetan, nik sortutako arazo batengatik egon nintzen kalean; baina, orain, etorri egin zait». Horregatik, Arroyok argi utzi du edonori gerta dakiokeela. Eta Diezek berretsi du: «Edonor egon daiteke egoera horretan, edozein momentutan; hori ikusarazi behar diogu gizarteari: etxebizitza guztion eskubidea da».

Hainbat soslai

Gaur egun, Barakaldon behintzat, kalean bizi direnen erdiak baino gehiago gazte migratzaileak dira. «Ilusioarekin datoz, ikastera, lanera, bizitza independente bat izatera». Helburu horrekin iritsi zen Hamsa —nahiago du bere izena ez aipatu—. «Nire egoera hobetzeko etorri nintzen duela lau urte Marokotik». Bizileku baimena lortzeko aukera luke, lan kontratu bat lortuz gero. Hor dago arazoa: baimenik gabe, ez du kontraturik aurkitzen.

Aterpe batean egiten du lo Hamsak, eta Bidaidera joan ohi da. Sakelakoa kargatzen du han, film bat ikusi, edo ikasi. «Behintzat hemen egon gaitezke; oso zaila da momentu oro kalean egotea, hotza egiten du, eta euria». Euskal Herrira iritsi zenean, aterpera joan aurretik, egun batzuk kalean eman behar izan zituen. «Gogorrak» izan ziren egun horiek: «Alde batetik, toki bat bilatu behar duzu tapakiak eta zure gauzak uzteko; bestetik, egunez bertatik alde egiten duzunean, posible da garbiketakoek zure gauzak botatzea eta itzultzean ezer ez izatea».

«Ez nuen inoiz horrelako egoerarik imajinatuko». 

ANA PINO PEREZBarakaldoko herritarra

Gero eta emakume migratzaile gehiagok ere uzten dute euren bizitokia. «Euren herrietan ikasitakoari lotuta dagoen arloren batean lan egin nahi dute, baina oso aukera gutxi dituzte hemen». Diezek ohartarazi duenez, kalean bizi diren emakumeen egoera gizonena baino askoz larriagoa da.

Nolanahi ere, Diezek argi utzi du bertakoak ere bizi direla kalean. Ana Pino Perez Barakaldokoa da, eta 52 urte ditu. Duela zazpi hilabete aterpe batera bizitzera joan zen, ezin zuelako alokatutako pisua ordaindu. Aterpean sartu aurretik, gau bat igaro zuen kalean. «Gogorra izan zen, hotza egiten zuen, ez nekien non sartu». Helduen Hezkuntzan ikasten ari da Pino.

Goizetan, Bidaide zentrora joaten da. Eta, jantokian bazkalduta, «kalean bueltak» ematen ibiltzen da, «dirua eskatzen» eta «jendearekin hitz egiten». Aitortu du: «Ez nuen inoiz horrelakorik imajinatuko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.