Euskararen Kaleko Erabilera

Kaleko erabileraren inguruko ondorioak aterako ditu Klusterrak Euskal Soziolinguistika Jardunaldian

Ekainaren 22an egingo dute jardunaldia Bilbon, eta kaleko erabileraren emaitzen interpretazio eta irakurketa errazteko elementuak eskaintzeko baliatuko dute.

Euskal Soziolinguistika Jardunaldia aurkeztu du gaur Klusterrak. SOZIOLINGUISTIKA KLUSTERRA
inaut matauko rada
2022ko maiatzaren 31
12:41
Entzun

Euskal Herriko Hizkuntzen Erabileraren Kale Neurketaren emaitzak duela gutxi argitaratu ditu Soziolinguistika Klusterrak, eta emaitza horien azterketa izango da aurtengo Euskal Soziolinguistika Jardunaldiaren muina. EHUren Bilboko Bizkaia Aretoan egingo dituzte jardunaldiak, ekainaren 22an.

Jardunaldian euskararen biziberritzean beharrezkoak diren gaien inguruan arituko dira, eta aktibistek, adituek eta erakunde arduradunek ondorioak eta iritziak partekatuko dituzte. Bestalde, datozen urteetarako erronkak identifikatzen ere saiatuko direla nabarmendu du Klusterrak.

Goiz eta arratsaldez tailerrak, hitzaldiak eta mahai-inguruak egingo dituzte, eta datuen interpretazio eta irakurketa erraztu dezaketen elementuak eskaintzeko baliatuko dute egitaraua. Hausnarketarako galderak ere luzatu dituzte: “Hizkuntza-erabilera nola aldatu den badakigu, baina... nola aldatu da kalea bera? Nola aldatu da euskaldunen testuingurua? Zein eragin izan du globalizazioak? Eta digitalizazioak? Zer dago jokoan hurrengo urteetan?”.

Pasa den astean argitaratu zituen Soziolinguistika Klusterrak 2021eko Hizkuntzen Erabileraren Kale Neurketaren emaitzak, eta Euskal Herrian euskararen kaleko erabilera orokorra 2016tik berdin mantendu dela nabarmendu zuten, %12,6. 2006. urtean izan zen euskararen kale erabilera maila altuena neurtu zuen urtea, %13,7, baina hurrengo bi neurketetan jaitsi egin zen, 2011n %13,2 eta 2016an %12,6 zela ikusi baitzuen.

Streaming bidez ere

Nahiz eta presentzialak izango diren, streaming bidez parte hartzeko aukera ere egongo da aurten. Klusterraren webgunean eman behar da izena, eta ekainaren 17a izango da izena emateko azken eguna. Matrikula arruntak 50 euroko prezioa du, baina ikasleek, langabetuek eta Klusterreko bazkideek 30 euroko prezio murriztua izango dute; streaming bidezko sarbideak hamabost euroko kostua izango du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.