Iluntzeko zazpiak inguruan hasten da mugimendua. Egunak joan egunak etorri, Kaleko Afari Solidarioak (KAS) Donostiako ekinaldiko boluntarioak Gros auzoko Marruma elkartean biltzen dira, kalean bizi direnei afari beroa bermatzeko helburuz. Xalba Muñoz eta Leire Maiz boluntarioak lehentxeago hasi dira prestaketa lanetan. Lapikoak sutan daude. Gaurko menua dilistek eta jogurtek osatuko dute. Opari berezi bat izango dute. «Hotza egiten duenez, txokolate beroa ere prestatuko dugu», azaldu du Muñozek.
Egia auzoan banatu izan dute orain arte janaria, urriaren amaieran Donostiako Udalak debekua ezarri zuen arte. Udalak argudiatu zuen janariaren banaketaren aitzakian «kanpoko jende gatazkatsua» joaten zela Donostiara, eta istiluak eta segurtasun falta sortzen zituztela. Auzoan azken urteetan delituek gora egin dutela ere esan zuen udalak.
Horri gehitu behar zaizkio herritarren plataforma baten kexak eta elkarretaratzeak. Giroa gaiztotu egin zen. Ondorioz, elkartasuna lekuz aldatu du KASek: Egiatik erdialdera, Gipuzkoa plazara. Hor ez dutela arazorik izan jakinarazi du Leire Maizek.
Albisteetan ateratzeak haien lana ikustarazteko balio izan duela baietsi dute. «Batzuek gure berri izan dute albisteak ikusi dituztenean, eta etorri zaizkigu beren burua boluntario izateko eskaintzen». Beñat Gaztelumendi bertsolariak ere lagundu du KASen jarduna plazaratzen. Abenduaren 14an, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalean, 6.500 lagunen aurrean bota zuen bertsoa: «Segi lanean auzorik auzo/ ta sukalderik sukalde/ askok ikusi nahi ez luketen/ Donostia honen alde».
2020an hasi ziren KASeko boluntarioak kalean bizi direnei afari beroak ematen. Hiru banaketa gune dituzte: Amaran, Parte Zaharrean eta, orain, Gipuzkoa plazan. Egunero 200 bat pertsonari ematen diote afaria. Abenduaren 16tik 22ra, astebetean, 1.383 afari eman zituzten. Dozenaka boluntarioren lana eta konpromisoa beharrezkoa da elkartasunez betetako poltsa horiek egunero, huts egin gabe, kalean daudenen eskuetara iristeko.
«Janari beroa emateaz gain, epairik gabe berdinen arteko harreman bat ere sortzen saiatzen gara. Gaixorik badaude, sendagilearengana laguntzen diegu»
LEIRE MAIZ ETA IKER JAUREGIKASeko boluntarioak
Zazpiak pasa dira, eta elkarteko giroa epeldu da. Txokolatearen usain gozoa eta dilisten usain gazia nahasten hasi dira. Boluntario gehiago ari dira apurka-apurka iristen. Atetik sartu orduko, irribarreak, agurrak eta besarkadak banatzen dira nonahi. Ussama Mahi marokoar gaztea iritsi da. Berokia erantzi, eta lanari ekin dio. Boluntario lanean hirugarren eguna du: mahai luzearen gainean poltsak ireki, eta bata bestearen ondoan ipintzen hasi da. Bitartean, tuperrak betetzen hasi dira batzuk, eta jogurtak eta paperezko aho zapi batean bildutako mahai tresnak poltsetan banatzen ari dira besteak, muntatze kate batean bezala.
Txantxak eta barreak entzun daitezke lanean ari diren bitartean. Gustura daude. Adin, jatorri eta motibazio desberdinak dituzte, baina elkartasunak eta justizia nahiak batzen ditu denak. Yuness El-Abdellaui mutil gaztea ere gehitu da taldera. Ussama Mahi bezala, bera ere marokoarrada, eta udan hasi zen laguntzen.
Gazte horien parte hartzea oso garrantzitsua da, haiek egiten baitute boluntarioen eta erabiltzaileen arteko zubilana. Poltsen banaketa egiten denean, arabieraz ematen dizkiete azalpenak zain daudenei; kalean bizi diren asko apenas moldatzen baitira euskaraz edo gaztelaniaz.
Lana ondo antolatuta dago; erraza eta guzti dirudi. Baina urteko egun guztietan janariz betetako poltsa horiek atera ahal izateko, antolakuntza itzela dago atzean. Sakelako telefonoen bidez asteko plana egiten dute: menu orientatiboa jartzen dute janaria etxean egiten duten boluntarioek jakin dezaten zer prestatu. «Bakoitzak ahal duena egiten du, baina saiatzen gara menu orekatua prestatzen», azaldu du Leire Maizek.
Tripa betetzen duten elikagaiak prestatzen dituzte: lekaleak eta arroza, eta horiek barazkiekin osatzen dituzte. Plater nagusiarekin batera, jogurta edo fruta jartzen dute. «Egunero, gutxienez, sei arduradun behar dira: janaria prestatzeko, erosketak egiteko, jasotako janari guztia sukaldean berotzeko, janaria garraiatzeko eta txartelak eta poltsak banatzeko». Boluntarioek beren poltsikotik ordaintzen dute dena. Elikagaiak, tuperrak, koilarak eta sardeskak, ezpainzapiak...
Hala ere, KASeko boluntarioek, janari beroaz gain, ematen dute gehiago: «Epairik gabe berdinen arteko harreman bat sortzen saiatzen gara», esan dute Leire Maiz eta Iker Jauregi boluntarioek. «Gaixorik badaude, sendagilearengana laguntzen diegu; beste beharrak badituzte, zein zerbitzu dauzkaten jakinarazi eta horien telefonoak ematen dizkiegu». Udalek zerbitzuak eskaintzen dituzte larrialdian daudenentzat, baina ez dituzte behar guztiak asetzen. «Gero eta behar handiagoa dago», ohartarazi dute.
413 pertsona kalean
Kale Gorrian elkarteak kalean lo egiten dutenen zenbaketa egin berri du, eta emaitzak berretsi egiten du KASen baieztapena. Ehunka boluntariok eta zerbitzu sozialetako profesionalek, urriaren 23ko gauean, kaleak miatu zituzten, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 30 herritan, lo egiteko aterperik ez dutenak zenbatzen. 413 lagun aurkitu zituzten Donostian; 2022. urtean, 220 lagun zenbatu zituzten. Bi urtean kopurua bikoiztu egin da ia.
Marruma elkartean lanak amaituta, 90 poltsa hartu eta Gipuzkoa plazara eramateko prest daude. Ordurako beste boluntario batzuk ari dira dagoeneko arkupeetan bildutakoei txartelak banatzen. Ilunpean diz-diz egiten duten argi urdinekin etorri da Ertzaintzaren auto bat. Une batez arkupeen parean gelditu da, baina handik minutu batera aurrera jarraitu du. Ilara ordenatuan zain zeudenak aztoratu egin dira txartelak ikusitakoan. Yoness El-Abdellaui boluntarioa azalpenak arabieraz ematen hasi da, urduri jarri diren batzuk lasaitzeko asmoz.
Zenbakiak banan-banan ozen esan eta poltsak banatzen hasi zaizkie. Islamek hizketarako gogoa du. 75. txartela dauka; lasai ari da bere txandaren zain. Oran (Aljeria) kostaldeko herrikoa da, eta arrantzale aritu da 14 urte zituenetik. Patera batean gurutzatu zuen Mediterraneoa. Espainiako zenbait lekutan egon ostean, Euskal Herrira iritsi da, Donostiara. Bertan geratu nahi du. «Nik lan egin nahi dut, eta ez zait gustatzen zikin egotea, beti bilatzen dut garbitzeko moduren bat». Ama eta anaia-arrebak Oranen dauzka; ama gaixorik du, eta haien falta sentitzen du. «Bakarrik nago hemen. Ez daukat neska lagunik, baina gustatuko litzaidake familia osatzea». Amets hori betetzea lortzen duen bitartean, kalean bizi da. Afaldu ondoren, Belartza aldera joango da; bertan loleku lasaia topatu du.
«Ama eta anaia-arrebak Oranen [Aljeria] bizi dira. Bakarrik nago hemen. Ez daukat neska lagunik, baina gustatuko litzaidake familia osatzea»
ISLAMAfari solidarioen erabiltzailea
Izan ere, Donostiako Udalak etxerik gabekoentzat dituen zerbitzuak ez dira nahikoa. Gaueko aterpea eskaintzen du. Abuztuan izan ezik, gauero dago zabalik. 29 lagunentzako tokia dauka, egoera berezietan 40 pertsona ere har ditzake. Beste zerbitzu batzuk ere eskaintzen ditu urte osoan, pobrezian daudenentzat: harrera etxebizitzak, eguneko zentroa eta ostatua ordaintzeko diru laguntzak, besteak beste.
Neguko zerbitzu berezi bat ere badago: La Sirena aterpetxea, Hotzaren Aterpe esaten zaiona. Igeldon dago, 100 toki ditu, eta azaroaren 14tik apirilaren 1era eskaintzen du zerbitzua. Euskalmetek bost gradutik beherako tenperaturak iragartzen dituenean zabaltzen du udalak. «Iaz bi gautan bakarrik ireki zuen», dio Xalba Muñozek. Zerbitzuak egon arren, «beti daude sistema horretatik kanpo geratzen diren pertsonak, eta horiengana iristeko ari gara gu lanean», adierazi du Muñozek, Marrumako sukaldean, dilistak nahasten dituen bitartean.
Janaria banatu eta banatu ari dira, eta, guztientzat poltsarik ez dela egongo ohartu direnean, iskanbila txiki bat piztu da. Plaza zeharkatzen ari den jendea, erosketak egiten edo jaiotza erraldoia ikusten ari dena, une batez geratu da haiei begira. Gero, aurrera jarraitu dute. Mohammed, berak ere txartela eskutan duela, kazetariari gerturatu zaio, eta, borrokan aritu direnen portaera justifikatu nahian, zera esan du: «Ez ezazu hau kontuan hartu, mesedez. Batzuek ez dute jan egun osoan. Oso zaila da manera onak izatea gose zarenean».