Frantziako Senaturako bozak

Kaledonia Berriko independentistak, estreinakoz Senatuan

FLNKS Askatasun Nazionalerako Fronte Sozialista Kanakeko kide bat izango da Frantziako goi ganberako senatarien artean

Kaledonia Berriko herritarrak FLNKS koalizio independentistako mitin batean, 2019an. FLNKS.
maddi iztueta olano
2023ko irailaren 26a
00:00
Entzun
Lehen begi kolpean irudi dezake ez zela aldaketa handirik izan igandeko Frantziako Senaturako bozetan. Baina izan zen estreinako gertakari bat: lehenengoz, Kaledonia Berriko independentistek ordezkaritza lortu dute goi ganberan. Askatasun Nazionalerako Fronte Sozialista Kanakeko (FLNKS) kide Robert Xowiek eskuratu zuen eserlekua, bigarren itzulian gailendu ondoren.

Barruti berean, Senatuan eserlekua lortzeko hautagai zen Sonia Backes Kaledoniako Errepublikanoak (LRC) alderdiko presidentea. Baina lehenengo itzulian hirugarren izanda, goi ganberara iristeko aukerarik gabe gelditu zen —bi hautagai lehiatu ziren bigarren itzulian—. Behin betiko emaitzak jakinarazi eta gutxira, zera idatzi zuen Facebook sare sozialean: «Datozen asteetan ikusiko ditugu alde ez-independentistaren saldukeriaren ondorioak». Georges Naturel Elkarretaratzea alderdi kontserbadore eta loialistako hautagaiari mintzatu zitzaion hala. Hura zen eserlekua lortzeko beste hautagaia, eta lehen itzulian Backesi aurrea hartuta, bigarren itzulira iritsi zen. Bada, hari eta haren boto emaileei «traizioa» eta «hautagai independentistaren alde» egitea leporatu zien.

Ikusteko dago independentisten garaipenak nolako ondorioak izango dituen, baina igandeko bozek argi adierazi zuten Kaledonia Berriko independentismoa indartsu dagoela. Frantziako Gobernuak, eta independentistek eta loialistek, iazko azaro amaieran berrabiarazi zituzten Ozeaniako uhartediaren etorkizunari buruzko negoziazio politikoak. Oraingoz, bien arteko desadostasunak nabarmenak dira. Subiranistentzat, elkarrizketen oinarriak «independentziara iristea» izan behar du; Frantziako Gobernuarentzat, berriz, «proiektu berri bat eraikitzea Frantziaren barnean».

Azken urteotan, deskolonizazio prozesuko hiru independentzia erreferendum egin dituzte Kaledonia Berrian: 2018an, 2020an, eta 2021ean. Galdeketa horietan guztietan, emaitza ez zen subiranisten aldekoa izan, baina azkenak hautsak harrotu zituen. Izan ere, boikota egin zuten independentistek, eta horrek eragin zuen ezezkoak irabaztea.

Eskuinak du gehiengoa

Frantziako goi ganberako eserlekuen erdiak berritu zituzten igandeko bozetan —348 eserleku ditu, eta 172 berritu zituzten—. Berritasunak izan ziren arren, indar orekan ez zen aldaketa nabarmenik izan, oraindik ere eskuindarrek baitute gehiengoa.

Errepublikanoak (LR) alderdiak du ordezkaritzarik handiena, duela hiru urte baino sei senatari gehiagorekin, 151 guztira. «Garaipen eder bat» izan zen haientzat, alderdiko buruzagi Eric Ciottiren arabera. Eskuindarrek goi ganberan duten indarraren adibide da, hain zuzen, Senatuko presidente Gerard Larcher; 2008an, 2014an eta 2017an ere izendatu zuten.

Hala, LRk atzetik ditu Alderdi Sozialista eta Batasun Zentrista talde parlamentarioa. Emmanuel Macron Frantziako presidentearen Errepublika Martxan (LREM) alderdiak, berriz, beherakada nabarmena izan du beste behin. Zazpi senatari soilik lortu zituen, 2020an baino hamahiru gutxiago. Bestalde, eskuin muturreko Batasun Nazionalak (RN) hiru senatari lortu zituen. Alderdiko buru Marine Le Pen pozik agertu zen emaitzarekin: «Honek ahalbidetuko du patriotak Senatuan ordezkatuta egotea».

Hiru urtetik behin egiten dituzte Frantziako Senaturako hauteskundeak, baina goi ganberako senatariak ez dituzte herritarrek aukeratzen, horien ordezkari politikoek baizik; alegia, diputatuek, senatariek, kontseilariek eta hautetsiek. Denera, 89.000 «hautesle handik» eman zuten botoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.