Etxebizitza partekatu batean bizi diren gazteak

Abdessamad eta Ilyas: «Kalean, zeure kabuz moldatu behar duzu; burua gal dezakezu»

Kalean hainbat hilabetez bizi ostean, alokairu sozialeko gela banatan bizi dira Abdessamad eta Ilyas marokoar gazteak. Lehen urratsa egin dute, pobreziaren eta bazterkeriaren zulotik ateratzeko bidean.

Adbessamad (eskuinean) eta Ilyas gazte marokoarrak, Iruñeko Elkarri Laguntza elkartean. / ION ORZAIZ
Adbessamad —eskuinean— eta Ilyas gazte marokoarrak, Iruñeko Elkarri Laguntza elkartean. / ION ORZAIZ
Ion Orzaiz.
IRUÑEA
2024ko azaroaren 17a
05:00
Entzun

Abdessamad eta Ilyas lagunak dira —ez dute abizenik eman nahi—, eta Iruñean bizi dira, alokatutako gela banatan. Ez da beti hala izan: biek ala biek dakite zer den edukiontzien artean edo bankuetako kutxa automatikoetan lo egitea eta negu beltzetan berotzeko adina arropa ez edukitzea. «Orain ongi bizi naiz», esan du Abdessamadek, irribarre lotsatiz. «Tira, zeri esaten diozun ongi, ezta? Ongi, aurrekoarekin alderatuta!», zuzendu dio Ilyasek. Elkarri Laguntza elkartean ezagutu zuten elkar, eta hara joaten dira astelehenero, elikagaiz beteriko poltsa bana hartzera.

Ilyasek, gazteagoa izanagatik —23 urte ditu—, denbora gehiago darama Euskal Herrian bizitzen, eta interprete lanak egiten ditu duela bi urte etorritako Abdessamadentzat (28 urte). Haiena da gaur egun kalean bizi direnen soslairik ohikoena: atzerrian jaioak, gazteak, seniderik edo sostengu sarerik gabeak. Eta, askotan, paperak eta baimenak eskuratzeko zailtasun handiekin. Horrek itxi dizkie bizitoki duin baterako ateak, orain arte.

«Neure bizitza berreraikitzen ari naiz, pixkanaka», esan du Ilyasek. Aurki hamar urte beteko dira Maroko atzean utzi eta Europara ihes egiteko hautua egin zuenetik. Artean adingabea zela hartu zuen erabakia: 14 urterekin. «Adin horrekin jada lanean nintzen Marokon, baina egoera ez zen ona. Ez zen batere ona. Eta norbaitek proposatu zidan Europara joatea, bizimodu hobe baten bila». Autobus baten behealdean ezkutatuta egin zituen Ceuta eta Sevilla (Espainia) artean dauden 225 kilometroak. Penintsulara iritsita, ordea, Espainiako Poliziak atzeman zuen, eta adingabeentzako zentro batean atxiki. «Leku hura gainezka zegoen, eta, handik bi egunera, autobus txartel bana eman ziguten iritsi berriei, Donostiara joateko».

Ilyasek hilabete eman zuen Donostian, beste zenbait herrikiderekin batera, kalean bizitzen. Ez du askorik kontatu nahi denboraldi hartaz, baina gogoan du negua zela, eta «hotzak akabatzear» zirela: «Ezin genuen egoera hori luzaro aguantatu; hortaz, Bartzelonara zihoan tren batera igo ginen, txartelik gabe». Berehala harrapatu zituzten, ordea, eta Iruñeko tren geltokian jaitsarazi. Han, zain zuten Polizia. Ilyasek Nafarroako hiriburuko zentro batean eman zituen hurrengo urteak, 18 urte bete zituen arte. Eta hortik, kale gorrira berriz: «Adingabea zaren bitartean, gobernuak zutaz arduratu behar du. Hori izan zen nire abantaila bakarra. Adinez nagusia zarelarik, ordea, zeure kabuz moldatu behar duzu, eta oso latza da. Burua gal dezakezu», kontatu du.

Elkarri Laguntza elkartera jo zuen, eta han, janaria eta arropa emateaz gain, paperak tramitatzen eta bizitoki bat lortzen lagundu zioten. Orain, ezkonduta dago, eta emaztearekin batera bizi da, etxebizitza partekatu batean. 450 euro ordaintzen dituzte hilean, etxe horretako logela bat erabiltzeagatik. «Garestia? Iruñean, hori ez da garestia», esan du. «Uste dut zorte handia izan genuela».

Zazpi hilabetez kalean

Ilyasen baikortasun berarekin mintzo da Abdessamad. Hura ere Marokon jaio zen, eta bide bertsua egin zuen, Iruñera iristeko. «Zazpi hilabetez bizi izan naiz kalean, baina, zorionez, ez dut inoiz arazorik izan Poliziarekin», kontatu du: «Errolda eta oinarrizko errenta tramitatu bitartean, ez nuen non egon, non lo egin. Saiatzen nintzen udal zerbitzuetara eta bestelako erakundeetara jotzen, une oro kalean ez egoteko. Hotz handia pasatu nuen. Neguko hilabeteak iristen zirenean, aukera ematen zidaten ostatu batera joateko edo udal aterpetxean lo egiteko».

Gizarte langileak eman zion Elkarri Laguntza elkartearen berri, eta han lagundu diote logela bat aurkitzen. Ilyasek bezala, alokairu horretan gastatzen du oinarrizko errentaren zatirik handiena, eta elkartera doa astelehenero, astebete iraun behar dion elikagai poltsa hartzera. Elkarteari esker, gainera, izena eman du Jose Maria Iribarren ikastetxean, ikastaro bat egiteko. Paperak lortzeko erdibideko urratsa da formakuntza, gerora lan bat bilatu ahal izateko: «Egunen batean autonomoa izanen naiz, eta elektrizitate lanetako enpresa bat irekiko dut». Abdessamaden xalotasunak irribarre bat marraztu dio Ilyasi ezpainetan. Komentario gaizto bat egitera zihoan, baina nahiago izan du isilik egon. Hura ere baikor sentitzen da, lan elkarrizketa bat baitu hurrengo goizean. «Sumatzen dut, orain bai, nire bizitza konpontzen ari naizela». Solasaldia bukatuta, Elkarri Laguntzako boluntario batek gogorarazi die astelehena dela, eta elikagai poltsak hartu behar dituztela. Astebete iraun behar die jatekoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.