Kale Gorrian deituriko estrategiak —hainbat instituziok eta elkartek ehuntzen dute— egiten du zenbaketa Donostian. Iñigo Estonba (1966, Irun, Gipuzkoa) gizarteratze zerbitzuko burua da Donostiako Udalean, eta estrategiako kidea. Argi utzi nahi du ikerketak duen garrantzia. Hain justu, etxegabeak artatzen diharduten elkarte eta instituzioen informazioa usuegitan «sakabanatuta» dagoela adierazi du, eta ikerketa bateratu bat sustatzea zinetan garrantzitsua dela.
Zergatik da beharrezkoa kalera irten eta etxegabeei buruz era horretako ikerketa bat egitea?
Honekin hasi ginenean, ikusi genuen zerbait aldatzeko, lehenik eta behin, ezagutu egin behar dela. Kasu honetan, ez da bakarrik etxerik gabe kalean zenbat pertsona dauden jakitea; etxegabe bakoitzari inkesta bat ere ematen zaio, bete dezan. Inkesta luzea da: osasunari buruzko datuak, beren bizitza eta egoerari buruzkoak, gizarte zerbitzuen inguruan egiten duten erabilerarekin lotutakoak... Uste genuen jakin behar genituela kontu horiek. Halaber, gaia instituzioetara eraman nahi genuen. Nolabait ere, esan: «Arazoa hemen dago». Bestalde, gaia agerian ipintzea ere bada helburu bat: prentsan agertzea, adibidez, eta boluntarioekin lan egitea. Donostian, esaterako, aurten 150 boluntario inguru batu dira zenbaketan aritzeko.
Zer informazio bilatzen da?
Batetik, jende asko dago guregana etortzen ez dena; garrantzitsua da jende hori identifikatzea. Baina, batez ere, arazoa da usu ez dakigula zer dagoen: ateratzen gara jakiteko kalean zer dagoen. Hala ere, badakigu kalean baino jende gehiago dagoela gure zerbitzuetan, askoz ere gehiago. Fotografia bat egitea da asmoa.
Denena, ezta? Zeren eta inkesta betetzeko ematen baitiezue kale gorrian atzemandako pertsonei eta gizarte zerbitzuetan artatuta daudenei: guztiei.
Bai, gero badira, hala ere, esaten dutenak ez dutela bete nahi inkesta. Jakina, utzi egiten diegu:hautazkoa da. Kalean dauden pertsonen artean, halaber, hainbat lo egoten dira, eta pertsona horiek ere bakean uzten dira. Hori bai, inkesta betetzen ez badute ere, zenbatu egiten dira.
Zein etxegabe definizio hartzen duzue ikerketa egiteko orduan?
Etxegabeentzako zentroetan dauden pertsona guztiei eman zaie, oro har, inkesta; bai udalen esku dauden zentroetan, eta bai Caritasen gisako zentro pribatuetan. Etxeak-eta ere izaten dira etxegabeentzat, eta horietara ere helarazi da inkesta. Eta zera izan behar da argi: inkesta bete dutenen artean bada jende kopuru bat, eta ez txikia, ez dena inoiz kalean egon. Baina guk inkesta egiten diegu horiei ere, etxegabeak direlako horiek ere. Izan ere, etxegabeen artean lehen multzo handia dira kale gorrian daudenak, gero badira aldi laburreko egonaldietako zentroetan dauden pertsonak, eta badira, orobat, prozesu baten barruan zentro edo etxebizitzetan bizitzen dauden andre eta gizonak. Egokia litzateke, era berean, etxebizitzetan pilatuta edo modu txarrean bizi diren pertsonak ere ikerlanean zenbatzea; niri gustatuko litzaidake horiek ere kontuan hartzea, baina horretarako ez dugu erarik.
Baina garrantzitsua da argi uztea ez dituzuela soilik kalean lotan daudenak zenbatzen...
Sarri gertatzen zaigu, adibidez, guk ikerketan sartzen ditugula tratu txarrak jasan eta harreran hartuta dauden emakumeak. Jende askok esaten digu andrazko horiek ez direla etxegabeak. Baina ez daude beren etxean: hori da beren egoera guk ikerketa egiten dugun gau horretan, eta horregatik hartzen ditugu kontuan. Interesgarria litzateke, halaber, kartzelan dauden pertsonen artean etxegabeak zenbat diren aintzat hartzea, honako galdera hau aintzat hartzea: «Gaur itxiko balitz kartzela, zenbat lagun geratuko lirateke kale gorrian?». Asko.
Irizpide bateratuekin egin duzue zenbaketa hiru herrialdeetan. Nola egiten da?
Donostia, esate baterako, bost eremutan banatzen dugu, eta eremu bakoitza, azpieremu txikiagotan. Azpiremu horietako bakoitzean, neurriaren arabera, lau edo sei pertsonako taldeak egoten dira ikerketan parte hartzen, eta eremu bakoitzak arduradun bat izaten du. Eremuka erabakitzen da zein ibilbide egin, eta zenbaketa egiten ari diren pertsonak taldeka joaten dira beti; gutxienez bi pertsona.
Eta zein irizpide klase ematen zaizkie? Nola hurbildu behar dute kalean aurkitzen dituzten pertsona horiengana?
Errespetu osoz: beste irizpiderik ez dago. Errespetuz, eta kontu handiz. Errespetua, pertsona horren etxea delako toki hori. Eta kontuz esaten dut, batez ere, beldurrik ez emateko. Kalea gogorra da oso, batez ere, hainbat kolektiborentzat: gaztetxoenentzat, eta emakumeentzat. Horregatik, ikusten bada norbait erdi lo dagoela, garrantzitsua da ez hurbiltzea, edo errespetu osoz hurbiltzea sustorik ez emateko... Baina gero, hortik aurrera, naturaltasun osoz: aurkeztu, esan zure izena, zertan ari zaren, eta parte hartzeko aukera eman. Lehenengo bost segundoetan antzematen da traba egiten ari zaren.
Ongi identifikatuta egongo dira lehendik ere etxegabeek usuen jotzen duten lekuak zein diren...
Bai, aurreko ikerketak hor daudelako, eta Donostian, adibidez, kale hezitzaileen zerbitzuen bidez ere identifikatuta daudelako. Ez ditut esango, jakina. Ikerketan ere, gero datu hori ez da jakinarazten. Ikertzen den pertsona bakar bat ere ezin da galtzen irten guk azterlan hau egitea erabaki dugulako. Horregatik, gero argitaratzen den ikerketan lekuen izenik ez da agertzen; inkesta betetzen dutenen izenik ere ez.
Datozen urteetan antzeko zenbaketak egiten jarraitu beharko dela iruditzen zaizu?
Bai, guk oso datu kaxkarrak ditugu askotan, eta hainbat iturritakoak. Ikerketa honek beste indar txiki bat dakar, gainera, bazterkeriaren kontra egiteko, eta uste dut orain lortzen ari garela bazterkeria beste begi batzuekin ikustea. Lehenago gertatu zen hori, esaterako, adimen urritasuna edo mendekotasuna duten pertsonen alorrean, edo tratu txarrak jasaten dituzten emakumeenean ere bai... Gure arloan orain ari da gertatzen. Eta ez dut uste oraindik ere hemendik bi urtera edo lau urtera zerbitzuen mapa egokia izango dugunik. Baina ikerketa honek bere indarra izango du begirada berri horretan laguntzeko. Aukera polita da, gainera, boluntarioekin lan egiteko; interbentzioetan zaila izaten da sarritan elkarlan hori bideratu ahal izatea, baina ikerketetan errazagoa da.
Etxegabeen egoera. Iñigo Estonba. Kale Gorrian
«Kalean zer dagoen jakiteko da»
Argazki batekin alderatzen du zenbaketarekin egiten duten lana; irudi horretatik etxegabeen egoera hobetu ahal izateko informazio arras lagungarria eskuratzen dutela iruditzen zaio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu