Eguneko menua: 15 euro». Kale erdian jarrita dagoen arbeleko jakien izenek gosea eragiten dute irakurtze soilarekin: arroza, entsalada, bakailaoa, kroketak... Jendea erakartzea lortzen dute. Eguerdiko ordu bata da Donostian, eta lehenengo bezeroak jatetxean sartzen hasiak dira. Etxetik kanpo bazkaltzeko gonbidapena izan daitekeen hori, ordea, kalean lasai eta bakarrik ibiltzeko oztopoa besterik ez da hainbatentzat.
Begiris elkarteko kidea da Josean Txintxurreta, eta urteak daramatza itsuen eta ikusmen desgaitasunak dituztenen eskubideen alde lanean. Azkenaldian, baina, bidean aurkitzen dituzten trabak ugaritu egin dira, eta, ondorioz, borroka are zailagoa dute aurrean. «Kaleen erabilera publikoa pribatizatzen ari dira. Espaloiak merkataritza gunetako, hiriko dendetako eta ostatuetako trasteekin josita daude, eta horrek asko zailtzen du gure ibiltzeko gaitasuna eta segurtasuna».
Txintxurreta bera itsua da, eta makila batekin atera behar du halabeharrez kalera. Taberna batzuetan sartu ahal izateko, berriz, horrekin ez da nahikoa. «Sarreran dauden perretxiko moduko mahaiak ezin ditut makilarekin ukitu, eta ez dakit non dauden». Hor daudela konturatzen denerako, berandu da: «Sorbaldarekin eman, min hartu edota gainean dagoena lurrera botatzen dut». Tabakoaren kontsumoa murrizteko asmoz egindako legea duela hamasei urte ezarri zuten HegoEuskal Herrian; azaldu du orduanhasi zirela tabernak mahai horiek jartzen, eta ez daki orain kentzerik dagoen. «Donostiako Udalak esan digu ez dagoela horren inguruko araudirik».
Elkartu Federazioko irisgarritasun teknikari Norma Andradek kezka du arropa dendetako esekilekuekin hori bera gertatuko den. «Hasieran, arropa kalera ateratzeko proposamena egun bakar baterako ideia izaten zen. Orain, egunero eta leku guztietan daude kanpoan zintzilikaturiko arropak». Andradek salatu duenez, gainera, zailtasun horiek ez dira kolektibo bakar bati eragiten dioten kontuak, eta adibide anitz eman ditu: «Gurpil aulkietan doazenek, zaharrek, umeen aulkia daramaten gurasoek... Denek izan ditzakete antzeko mugikortasun arazoak».
Arazo orokortua
Oztopo horien arazoa ez dute Donostian bakarrik. «Hiriburu guztietan gertatzen dira horrelakoak. Bilbon, Iruñean eta beste hainbatetan oztopo antzekoak topatu ditugu», adierazi du Andradek. Gasteizen, esaterako, espaloietan autoei bidea galarazteko jartzen diren hainbat oztopo zutoin gaizki jarrita egoten direla salatzen ari dira ikusmen urritasuna duten pertsonak. «Gure elkarteko kide guztiek hegalekin emandako kolpeak izan dituzte, edo, bestela, tabernetako terrazekin emandakoak», azaldu du Idania Jimenez Begisare elkarteko kideak.
Jimenezek gaueko itsutasuna du. Eritasun horrek argi gutxi dagoen lekuetan ondo ikustea galarazten dio, eta horrek are gehiago zailtzen dio mugikortasuna. «Gasteizen ez dago argiztapen onik, eta gaueko itsutasuna dugun pertsona askok etxean geratu behar dugu negua heltzen denean». Askok egun osoa etxean ematen ez badute ere, gehienak 18:00 aldera bueltatzen dira etxera, eguzkia desagertu bezain laster. «Horrek izugarrizko arazoak sortzen dizkigu geure buruarekin: depresioa, autonomia falta, autoestimurik eza... Pentsatzen dugun baino larriagoa da irisgarritasunik ez izatea». Txintxurreta ere hala sentitzen da askotan, eta agintariei ahots goran galdera egin nahi izan die horregatik: «Zer lortu nahi dute? Gu etxean geratzea? Hori dirudi, behintzat».
Erantzunik ez
Udaletara jotzea erabaki dute elkarteek, bakoitzak bere eragin eremuan. Gipuzkoako Begiris elkartea, adibidez, Elkartu Federazioarekin eta federazioan bertan sartuta dauden beste elkarte batzuekin batera ari da lanean. Duela bost hilabete, apirilaren 5ean zehazki, egoera salatzeko azkenengo idazkia bidali zuten Donostiako Udalera, baina erantzunaren zain daude oraindik. «Pandemia aurretik ere kexatu ginen, eta itxaroteko eskatu ziguten, ekonomia gaizki zihoala argudiatuta. Bi urte igaro dira. Noiz arte itxaron beharko dugu?».
Jimenezek azaldu duenez, Arabako Begisare elkarteko kideentzat egoera antzekoa da. «Irisgarritasunaren eta mugikortasunaren inguruan hitz egiteko batzarra eskatu genion ekainean udalari. Ez dugu erantzunik jaso». Ez da udalarekin biltzeko egiten duten lehen eskea; duela urtebete, baimendutako ibilgailuen pasaguneak konpontzeko bilera izan zuten. «Anbulantziak askotan soinurik gabe pasatzen direlako, adibidez». Orduan ere ez zieten irtenbiderik eman.
Haien eskubideak defendatzeko, egun Euskal Herrian indarrean dauden mugikortasun araudietan oinarritu dira elkarte guztiak. «Ez gara ezer asmatzen ari», azaldu du Andradek. «Legearen arabera, eraikinetako fatxadetatik bi metrotara ezin da ezer jarri». Zergatik ez dute betetzen, ordea? Txintxurretaren ustez, bazterkeria dago horren atzean: «Norbait kontuan hartua izan dadin, sektore boteretsuren baten parte izan behar du». Horrek ez ditu kikiltzen; lanean jarraitu nahi dute: «Udalari idaztea izan da aurreneko pausoa, eta komunikabideekin hitz egitea bigarrena. Erantzunik jasotzen ez badugu, ikusiko dugu zein izango den hurrengoa».
Kalean ibili ezinik
Ikusmen urritua dutenentzat zaildu egin da kalean bakarrik ibiltzea: tabernetako terrazak-eta ugaritu egin dira, besteak beste, eta udalen aldetik orain ez dute borondaterik igartzen halakoak kentzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu