Kalean, gero eta gazteagoak

Gutxienez 3.380 lagun daude bizitegi bazterketa larrian Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Kalean bizi diren 30 urtetik beherako gazteak ugaritu egin dira: %25etik %35era lau urtean

Bizitegi bazterketako egoera aztertzeko jardunaldiak egin zituzten atzo Gasteizko Europa jauregian. JAIZKI FONTANEDA/ FOKU.
edurne begiristain
Gasteiz
2023ko urriaren 12a
00:00
Entzun
Goranzko joera etengabean. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bizitegi bazterketa larrian daudenen egoerari buruzko azken azterlanak joera argia islatzen du: gero eta pertsona gehiago bizi dira kalean, eta gero eta gazteagoak dira. Horra datuak: 2018 eta 2022 urteen artean, %53 egin zuen gora kalean bizi zirenen kopuruak, eta egoera horretan zeuden 30 urtetik beherako gazteen kopurua ere handitu zen: %25etik %35era.

Bi urtez behin egiten dute EAEn bizitegi bazterketa larrian daudenen egoerari buruzko azterlana, 2012tik. Iazkoa da azkena, eta atzo aurkeztu zuten, Gasteizen, Eusko Jaurlaritzak antolatutako jardunaldietan. 23 udalerritan egin zuten zenbaketa, iazko urrian, eta, Raquel Sanz SIIS Dokumentazio eta Ikerketa Zentroko kideak jakianrazi zuenez, ohi baino etxegabe gehiago kontatu zituzten hiru lurraldeetan. Hala, 3.380 lagun zenbatu zituzten bizitegi bazterketako egoeran aterpetxe eta gaueko zentro arruntetan, indarkeria matxistaren biktimentzako zentroetan, kalean, eta gizarteratze zentro eta etxeetan —2012an, 1.704 lagun zenbatu zituzten—. «Goranzko joera argia da. Arazo bat dago», ohartarazi zuen Sanzek.

Datuak eskuan, etxegabeen egoerari argazkia atera zioten atzoko topaketetan. SIISeko ordezkariarekin batera eta mahai beraren bueltan aritu ziren Joseba Gaia EAPN gobernuz kanpoko erakundeko kidea, Sonia Gorbeña Bizitegi elkarteko ordezkaria eta Xabier Legarreta Eusko Jaurlaritzako Migrazio eta Asilo zuzendaria.

Sanzek hainbat xehetasun eman zituen bizitegi bazterketa larrian daudenen egoera soziodemografikoaren inguruan. Lau datu azpimarratu zituen nagusiki. Bat: kalean bizi direnen artean, hamarretik zortzik jatorri atzerritarra dute —gehienak Magrebekoak dira—. Bi: etxegabeak gero eta gazteagoak dira, eta horien %20 adingabeen zentro batean egon dira. Hiru: «kroniko bilakatzen» ari da bazterkeria larrian daudenen egoera; izan ere, «herenek lau urte daramatzate etxerik gabe». Eta lau: %45ek osasun arazo larriak edo kronikoak dituzte, eta hamarretik bik ez dute tratamendu medikorik jasotzen.

Datuek ezkutatzen dutena

Ez da erraza jakitea Euskal Herrian zenbat etxegabe dauden. 3.000tik gora direla zenbatu dute azterlanean, baina badakite askoz gehiago izan daitezkeela. Bizitegi elkarte sozialaren arduradunak ohartarazi zuen azterketa egiteko erabiltzen den metodologia «mugatua» dela, eta datu ofizialek dioten baino «askoz pertsona gehiago» daudela etxerik gabe eta bazterketa egoera larrian.

Bilboko Otxarkoaga auzoan lan egiten du Bizitegi elkarteak, pertsona zaurgarrienei zerbitzuak eta laguntzak eskainiz. Bazterketa larrian daudenen egoerari buruzko azterlanaren arabera, kalean bizidiren 658 lagunetik 37 baino ez dira emakumeak —%10 inguru—, baina, Gorbeñaren ustez, andreen proportzioa askoz handiagoa da. Errealitatea larriagoa dela ziurtatu zuen: «Joan den urtean, kalean bizi ziren 79 emakume artatugenituen Bilbon. Aurten, uztailean, abuztuan eta irailean soilik, beste 28».

Gorbeñaren esanetan, begirada «zabaltzea» funtsezkoa da ezkutuan dagoen errealitate hori azaleratzeko. Esaterako, gizonezkoaren irudiarekin lotu ohi da etxegabeen profila, baina azpimarratu zuen beharrezkoa dela ikuspegia ireki eta «estigmak» alboratzea: «Etxerik gabeko emakume bat ni bezalakoa izan daiteke: ni bezala jantzita egon daiteke, poltsa bat hartuta, sakelako telefonoa eskuan, banku batean eserita. Kalean bizi diren emakumeek ez dute beti buruko gaitzen bat edo adikzioren bat. Badira beste batzuk ere, baina ez ditugu zenbatzen».

Gorbeñak ustedu etxegabeen inguruko aurreiritziak albo batera utzi behar direla, eta arlo horretan «ezkutuan» dagoena eta «ikusten ez dena» agerian uzteko lan egin behar dela. «Instituzioak eta gizarte osoa interpelatzen ditu arazo honek», erantsi zuen.

Antzeko gogoeta egin zuen Gaiak. Etxegabeen eskubideak ardatz hartuta erantzun bat ematea eskatu zuen, argazkiaren «ikuspegia» aldatzeko: «Pertsona guztiak baldin badira eskubideen subjektu, asistentzian ardaztutako erantzunetatik harago jo behar dugu». Gaiaren iritziz, sistemaren arrakalei begiratu behar zaie, sistema bera hobetu nahi baldin bada.

Etxebizitza politikei erreparatuta, bazterketa larrian dauden pertsona askoren beharrak parke publiko baten bidez aseko lirateke, Gaiak adierazi duenez. Eta, alde horretatik, esperantza agertu zuen etxebizitzaren aldeko itun sozialean elkarlanerako aukerak zabaldu eta irtenbideak bilatuko direla.

Bestalde, familia sarerik ez duten gazteei laguntzeko Eusko Jaurlaritzak abian jarritako Trapezistak programaz ere mintzatu zen Legarreta. Jakinarazi zuenez, programa horrekin artatzen dituzten gazte gehienak migratzaileak dira, gizonak (%97), batez beste 22 urtekoak, adingabe izanda iritsitakoak, eta kalean bizi izandakoak. Legarretaren iritziz, ezinbestekoa da azterketa espezifiko bat egitea etxegabeak diren eta jatorri atzerritarra dutenen egoeraren inguruan: «Diagnostiko horretan funtsezko aldagaia izan behar du migrazio fluxuak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.