Batu Elkarlaguntza Sareak elkarretaratze bat egin du Basaurin (Bizkaia), eta, ondoren, kanpaldi bati ekin dio hango Arizgoiti plazan, Hego Uribe eskualdeko hamazortzi herritar kalean gelditzeko arriskuan daudela salatzeko. Batuk irtenbide bat eskatzen du herritar horientzat, eta interpelazio zuzena egin die instituzioei,auziaz ardura daitezen.
Aspalditik ari da Batu sarea lanean herritarren premiei erantzun kolektibo bat eman nahian, batez ere etxebizitzaren arloan, eta aspaldi honetan igarri dute gero eta gehiago direla haiengana jotzen duten herritarrak. «Bakoitzaren egoera kontuan hartuz, irtenbide bat aurkitzen saiatzen gara», azaldu du Batuko kide Eder Bengoetxeak, «baina ikusi dugu egoerak gainezka egin duela, eta ez garela gai guztiei erantzun bat emateko». Horregatik,hamazortzi herritar horien arazoa «modu kolektiboan» jorratzea eta kanpaina bat abiaraztea erabaki dute, «egoera ikusarazteko, denak problematika zehatz bati lotuak daudelako». Joan den maiatzaren 5ean ekin zioten kanpainari.
Oso egoera desberdinak dira hamazortzi lagun horienak, eta soslaiak ere askotarikoak dira: familiak eta norbanakoak daude, emakumeak eta gizonak, gazteak eta adinekoak, bertan jaiotakoak eta atzerriko jatorria dutenak. Baina denek dute ezaugarri komun bat: etxebizitzarako eskubidea ez dute bermaturik, eta, arrazoi desberdinak direla medio, goizetik gauera kalean gelditzeko mehatxua dute euren gainean.
Adibidez, haietako zenbaitek ez dute etxebizitza finkorik, eta leku batetik bestera ibiltzen dira, gaua lagunen etxeetan emanez eta kalean gelditzeko arriskupean gauzak okertuz gero; familia bat prozesu judizial batean sartuta egon da, eta epaia kontrakoa balitz, bizitokia husteko beharrean egongo lirateke; beste zenbaiten kasuan, haien jatorriak edo errefuxiatu politikoaren estatusa lortzeko egindako eskaerak erantzuna jaso ez izanak zaildu egiten die etxebizitza bat lortu ahal izatea.
Bengoetxeak nabarmentzen duenez, pertsona horiengan zirkunstantzia batzuk gurutzatzen dira, egungo gizartearen aje eta gabezien erakusgarri direnak: bizitza duin bat izateko baliabide ekonomiko nahikorik ez izatea, indarkeria matxistaren biktima izatea, edo arrazakeria pairatu izana: «Horrek guztiak are lazgarriago egiten du haien egoera».
Batuk interpelazio zuzena egin die erakundeei, bereziki udalei eta etxebizitzaren arloan zeresana duten instituzio publikoei:«Azken finean, erakunde horiek dira etxebizitza eta gainerako eskubideak bermatu behar dituztenak». Oraingoz, Arrigorriagako Udalak baiezkoa eman dio Batuk egindako eskaerari sareko kideekin elkartzeko, eta komunikazio bide hori zabalik dago; Basauriko Udalak, berriz, ez dio oraingoz gonbidapenari erantzun, ezta etxebizitza publikoen kudeaketarako dauden gainerako erakundeek ere.
Kanpaldia kalean
Atzo beste urrats bat egin nahi izan zuen Batuk hamazortzi herritar horien etxebizitzarako eskubidea bermatzearen aldeko kanpainan, eta kanpaldi bat antolatu zuten Basaurin. Asmoa, arazoa kalean ikusaraztea: «Kanpaldia egiteko plaza hori aukeratu izana ez da kasualitatea», azaldu du Bengoetxeak; «udaletxea aurrean dago, eta horrekin interpelazio zuzena egin nahi diogu Basauriko Udalari, eta arazoa ikusarazi». Kalean nahi bagaituzte, kalean izango gaituzte izan da kanpaldirako aukeraturiko goiburua.
Atzo arratsaldean, batzar ireki bat egin zuten Arizgoiti plazan, hamazortzi herritar horien egoeraren berri eman, eta kanpaldiaren antolaketari buruzko azken kontuak lotzeko, eta, gero, elkarretaratze bat eta prentsa agerraldi bat egin zuten. Elkarrekin afaldu eta gaua plazan eman ondoren, asmoa zen gaur goizean «gosari solidario» baten bidez kanpaldia bukatutzat ematea.
Edonola ere, bart egindako ekintza ez da ezeren amaiera, abiapuntua baizik: «Kanpaldia mugarri bat da, baina gure asmoa da kanpainarekin aurrera jarraitzea hamazortzi herritar hauei irtenbide bat eman arte, eta erakunde publikoek dagokien erantzukizuna har dezatela exijitzeko», adierazi du Bengoetxeak.
Hamazortzi herritar horien taldekoa den emakume batek etxeko ugazabaren eraso sexista bat salatu zuen duela aste batzuk, eta hari elkartasuna adierazteko elkarretaratzea egingo dute etzi Batuko kideek, Basauriko Asanblada Feministarekin batera; Basauriko Bentako plazan izango da.
Kalean ez geratzeko, kalera
Basauriko eta Arrigorriagako hamazortzi herritar etxebizitzarik gabe eta kalean gelditzeko arriskuan daudela salatu dute. Batu Elkarlaguntza Sareak kanpaldi bat egin du Basaurin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu