Kalean dira gaur berriro Araba, Bizkai eta Gipuzkoako eskola publikoetako irakasleak

Grebaren oihartzuna gaur ere «zabala» izan dela esan dute sindikatuek: langileen %75ek egin dute.

Manifestazioa, Donostian, gaur. JON URBE / FOKU
Manifestazioa, Donostian, gaur. JON URBE / FOKU
arantxa iraola
2025eko martxoaren 26a
13:20
Entzun 00:00:0000:00:00

Berritu egin da irudia. Ezohiko eguna izan da gaur berriro Araba, Bizkai eta Gipuzkoako eskola publikoetan: irakasleen grebak baldintzatutakoa. Mobilizazio ugari egin dituzte ikasturte osoan, eta atzo berriz bost eguneko grebaldi bat hasi zuten. Goizaldean hartu zuten deialdiarekin jarraitzeko erabakia Steilas, LAB, ELA eta CCOO sindikatuek, argudiatuta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin egindako negoziazioetan ez zutela ikusten lan baldintzak hobetzeko aurrerabide «errealik». Seigarren greba eguna dute gaur guztira, eta deialdiaren erantzuna berriro ere «zabala» izan dela esan dute sindikatuek: langileen %75 ez dira lanera joan.

Aurreko greba egunetan ere ehuneko horren bueltan ibili da beti sindikatuek eman duten datua. Aurrez hainbatetan egin duten moduan, kaleak bete egin dituzte gaur berriro: manifestazioak egin dituzte Bilbon, Gasteizen eta Donostian. Lan baldintzak hobetu, hemen eta orain erabakita! leloak batu ditu irakasle guztiak. 10.000 irakasle inguru mobilizatzen ari direla azaldu dute. Denek horretarako modurik ere ez dutela esan dute, hala ere; deitoratu egin dituzte administrazioak ezarri dituen zerbitzu minimoak, «gehiegizkoak» direla esan dute, eta ehunka langileri greba eskubidea ukatu zaiela.

Eusko Jaurlaritzaren jarrera kritikatu egin dute gaur berriro irakasleek: «Sindikatuok garbi daukagu eszenifikazio eta itxurakeria baten aurrean gaudela». Gogora ekarri dituzte aldarrikapen nagusiak. Batetik, esan dute hamabost urte daramatzatela lan ituna berritu gabe, eta ezin dutela gehiago horrela jarraitu. Bestetik, gogora ekarri dituzte berriro eskari nagusiak: lan zamak arintzea, lantaldeak gazteberritzeko plan egoki bat ezartzea, enplegu publikoa egonkortzea, erosahalmena berreskuratzea, eta lan osasuna sustatzeko eta euskara eta hezkidetza bermatzeko neurriak jartzea martxan. Mobilizazioak bertan behera utziko dituzte horietan guztietan erantzun irmo bat ikusten badute: «Ez badago aldarrikapen hauen erantzunik, grebekin jarraitzeko indarrez gaude».

Greban jarraitzeko asmoa

Aurrera egite aldera, Hezkuntza Sailak «zehaztapenak eta konkrezioak» eraman behar ditu negoziazio mahaira. «Hezkuntza publikoa indartzeko ezinbestekoa da inbertsioa handitzea eta lan baldintzak hobetzea eta eskola publikoa baliabidez hornitzea», gogora ekarri dute sindikatuek. Bihar ere mobilizazioekin jarraitzea da asmoa; zehazki, Donostian egingo dute manifestazioa. 11:30ean abiatuko da, Bulebarretik.

Bihar greba berriz eginda, ostiralean lanera itzuliko dira irakasleak. Datorren asterako dituzte deituak grebaldiko hurrengo bi greba egunak: astearterako eta asteazkenerako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.