«Kalean daude, baina ez aske»

Iñaki Abad eta Aratz Urrizola Zaballako espetxetik atera dira, asteon bigarren gradutik hirugarrenera aldatu dituztelako. Altsasuko Gurasoek borrokan segituko dute gazte denak «benetan aske» izan arte

Antxon Ramirez de Alda, hitz egiten —Adur Ramirez de Alda gazte espetxeratuaren aita da—, atzo Altsasun egindako elkarretaratzean. IÑIGO URIZ / FOKU.
joxerra senar
Altsasu
2019ko abenduaren 21a
00:00
Entzun
Etxean dira Iñaki Abad eta Aratz Urrizola gazte altsasuarrak. Asteon, Zaballako espetxeak (Araba) aldatu egin die gradua, bigarrenetik hirugarrenera. Tratamendu berri horren ondorioz, asteburuak etxean pasatu ahalko dituzte, eta asteko gainerako egunetan atera daitezke, gaua espetxean igaro behar badute ere. Iazko ekainean espetxeratuak izan ondotik, atzo lehen aldiz kartzela utzi zuten, baina ez betiko: «Kalean daude, baina ez aske. Zigorra betetzen jarraitzen dute, hirugarren gradu batekin bada ere», zehaztu zuen Gotzon Urrizolak, Aratz Urrizolaren aitak. Gradu aldaketa horrek ez die eragingo beste bost gazteei, eta haiek gogoan izan zituen Urrizolak: «Aurrera jarraituko dugu guztiak benetan aske izan arte». Urrizolak eta Abadek etxean igaro ahal izango dituzte Gabon gaua eta eguna, baita Gabon zahar eguna ere.

Goizean goizetik ikusmina zegoen Zaballako atarian.08:00etatik, hogei lagun inguruko talde bat elkartu zen inguruetan. Nahiz eta irteeraren ordu zehatzik ez izan, 09:00etan izatea espero zuten. Luzatuz joan zen dena, eta azkenean bi gazteek 11:30ean utzi zituzten atzean espetxeko hormak. Euren zain zituzten senide eta lagunak. Albisteak komunikabideen artean sortu zuen ikusminaren jakitun, bi gazteen aitek adierazpenak egin zituzten.

«Sentsazio oso onak ditut», onartu zuen Javier Abadek, Iñaki Abaden aitak. Espetxetik atera berri zen semeari musu eman eta kazetariei egindako adierazpenetan ez zuen gogoan zer esan zioten elkarri. «Pozarren» zegoen, dena den. «Ez dakit nola dagoen semea, baina ni ezin hobeto nago». Haren esanetan, hori zen beren helburua, eta hirugarren graduarekin astelehenetik ostiralera gaua espetxean egin beharko badute ere, «kalean dira jada». Abaden ustez, semeak denbora beharko du egoera berrira egokitzeko. «Izugarria izan da hainbeste denbora etxetik kanpo izatea, deskribaezina».

Bizitzari berrekin

Hunkituta zegoela nabari zitzaion Gotzon Urrizolari ere, «oso egun berezia» izan baitzen atzokoa. «Elkarri besarkada bat eman diogu, eta hemendik aurrera denbora izango dugu haiekin egoteko», esan zuen. Asteburuetan eta astelehenetik ostiralera egunez atera ahal izango dute ikasketekin jarraitzeko, lanerako edo nolabaiteko normaltasuna berreskuratzen hasteko:«Bizitzari berrekin ahalko diote, eta, ondorioz, guk ere bai», onartu zuen Urrizolak.

Gradu aldaketak bi gazte horien egoera samurtuko badu ere, «bidegabekeria ez da amaitu», bi guraso horien hitzetan. Adur Ramirez de Aldak, Oihan Arnanzek, Jokin Unamunok, Julen Goikoetxeak eta Jon Ander Cobek espetxean jarraitzen dute, bigarren graduan. «Haiek ere kalean ikusi nahi ditugu; bederen aurrerapauso bat eman dezatela. Ea itxaropen izpi hau handiagoa egiten den guztiak aske izan arte, etxean eta kalean».

Hain zuzen ere, hori da Altsasuko Gurasoak taldearen eta herriko babes plataformaren helburua. «Behin betiko urrats hori egin nahi dugu familiekin, Altsasuko herriarekin eta elkartasuna adierazi diguten guztiekin batera», aipatu zuen Urrizolak. Abadek ere argi du borrokan jarraituko dutela gazte guztiak behin betiko aske geratzea lortu arte. «Ateratzen diren bakoitzeko, bila etorriko gara, eta espero dugu hau guztia azkar amaitzea denontzat», adierazi zuen, eta gaineratu: «Espetxean egin duten denbora hori guztia astakeria da, bidegabekeria bat».

Zaballako espetxea atzean utzi ondoren, gazteek Altsasura jo zuten, eta han ez zieten inongo harrera berezirik egin. Dena den, ostiralero herrian elkarretaratzea antolatu ohi dute zazpi gazteak aska ditzatela eskatzeko, eta, gertatutakoaren ondoren, atzokoa berezia izan zen.

Altsasun, ikusmina

Euria goian-behean ari zuela, 150 bat lagun elkartu ziren. Gotzon Urrizolak hartu zuen hitza. Nabarmendu zuen Aratz semea eta Abad ondo daudela, baina nahiago izan zutela elkarretaratzera ez joan, «emozio kontrajarriak» dituztelako; «bost lagunek espetxean jarraitzen dute». Esan zuen Urrizolarentzat eta Abadentzat «esanahi berezia» edukiko dutela datozen egunetan herrian jasoko dituzten «besarkadek». Antxon Ramirez de Aldak ere hitz egin zuen —Adur Ramirez de Aldaren aita da—, eta adierazi zuen onartzen dutela hirugarren graduaren bidez «tarteko bidea hartzea». Zehaztapen bat egin zuen, ordea: «Baina hau guztia amaitzeko beharra dago. Haien bizitzak moztu dituen bidegabekeria bat da». Amets Arzallusek bertso bat kantatu zuen. Hona bukaerako puntua: «Goza zazue gaurko erdiaz / ta iritsiko da dena».

Jadanik hiru urte eta bi hilabete pasatu dira gazteentzat eta haien familientzat amesgaiztoa hasi zenetik. 2016ko urriaren 15eko goizaldean Koxka tabernaren inguruetan izandako liskarrek bizitza betiko aldatu zieten. Terrorismo delitua egotzita, Auzitegi Nazionalak bere gain hartu zuen instrukzioa, eta urte hartako azaroaren 14an atxilotu zituen Altsasuko zortzi gazte. Hilabete baten buruan lau gazte aske utzi bazituen ere, ordutik preso daude Jokin Unamuno, Oihan Arnanz eta Adur Ramirez de Alda. Gaur, 1.132 egun beteko dituzte.

Iazko apirilean Auzitegi Nazionalean epaiketa egin zuten, eta ekainaren 1ean 79 urteko espetxe zigorra ezarri zieten, guztira, zortzi gazteei —bederatzi eta hamahiru urte arteko espetxe zigorrak—. Epai haren ondotik, espetxeratu egin zituzten Abad, Urrizola, Goikoetxea eta Cob. Martxoan, Auzitegi Nazionaleko apelazio aretoak berretsi egin zuen lehen epai hura; urrian, berriz, Auzitegi Gorenak espetxeratuei zigorra murriztu zien —hiru urte eta erdi eta bederatzi urte eta erdi artean—, ez baitzuen arrazoirik ikusi ideologiagatiko astungarriak ezartzeko. Zigorraren laurdena beteta, Abadi eta Urrizolari gradua aldatu diete orain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.