Kalean bizi zen gizon baten heriotza salatu du Bestebi plataformak Barakaldon

Uztailaren 7an Bilboko banku batean hilik agertu zen; 40 urte bete berri zituen. Plataformak baliabideak eskatu dizkie administrazioei egoera zaurgarrian dauden pertsonentzat.

Etxebizitza eskubidea aldarrikatzen duen pankarta bat, Bilbon. MARISOL RAMIREZ/FOKU
2022ko uztailaren 28a
13:19
Entzun

Etxerik ez zuen 40 urteko gizon bat banku batean hilda aurkitu zuten Bilboko Zorrotza auzoan, uztailaren 7an. Heriotza hori salatu du Bestebi plataformak, Barakaldon egindako omenaldi batean; izan ere, Karol izeneko gizona Bilboko kaleetan bizi zen, baina azken hilabeteetan Barakaldora lekualdatua zen.

Etxegabeen gorakadaz ohartarazi du, era berean, plataformak: «Bizi garen sistemak egiturazko fenomeno gisa eta gero eta handiagoa den fenomeno gisa mantentzen du gizarte bazterketa. Hain zuzen ere, etxegabeak gora eta gora ari dira azken urteotan, pertsonak alde batera uzten dituen sistema bidegabe baten bidez elikatuta».

Horrekin batera, «euskal administrazioei» baliabideak eskatu dizkie plataformak, eta gogorarazi die udalerri guztiek lehen mailako arretarako aurrekontu bat izan behar dutela, zaurgarritasun egoerei aurre egiteko. Izan ere, etxegabeek pairatzen duten egoera ere argitara ekarri du: «Osasun fisikoaren eta mentalaren narriaduraz ari gara, desgaitasunaz, adikzioaz, menpekotasunaz, administrazio egoera irregularraz, horietakoren batzuk aipatzearren. Horrek arintasuna eskatzen du diagnostikoan, balorazio prozesuen eta kronifikazioen moteltzea eragozteko».

Gizarteari ere dei egin diete kalean bizi diren pertsonen gaineko begirada «zabaltzeko»: «Herrikide gisa aitortu behar ditugu, beren eskubide eta betebeharrekin, beren duintasunarekin».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.