Kalean bizi diren emakumeen aterpetxea itxiko dute Barakaldon

Argitan eta Berri Otxoak elkarteek salatu dutenez, horretarako diru laguntza ekainaren 30ean bukatu da. Lau andrek erabiltzen zuten

Barakaldoko udaletxearen aurrean egindako protesta. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
gotzon hermosilla
Barakaldo
2023ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Barakaldoko Udalak (Bizkaia) itxi egingo du kalean bizi diren emakumeentzako aterpetxea. Argitan emakumeentzako aholku etxeak eta Berri Otxoak pobreziaren eta bazterketa sozialaren kontrako elkarteak salatu dutenez, aterpetxea martxan jartzeko Eusko Jaurlaritzaren diru laguntza ekainaren 30era artekoa zen; epe hori amaituta, eta erakundeek kontrakoa ebazten ez duten bitartean, egitasmoak ez du lanean jarraitzeko baliabiderik eta, beraz, ateak itxi behar izango ditu.

Aterpetxeaz gain, udalak bazuen kale hezitzaileen talde bat, etxerik gabekoekin lanean ari zena. Horren aurrekontua ere ekainaren 30ean amaitu da, eta, Berri Otxoak elkarteak esan duenez, talde horretan aritu diren langileei jadanik jakinarazi diete ez dutela jarraituko.

Aterpetxea Barakaldoko Arrontegi auzoan dago, eta Eusko Jaurlaritzak COVID-19aren ondorioei aurre egiteko bideratutako diru laguntzei esker iraun du orain arte. Sei emakumerentzako tokia du, eta azken bolada honetan lau emakumek erabiltzen zuten, gaua han emateko. Barakaldoko Udalak badu beste aterpetxe bat Lasesarre auzoan, baina, elkarteek salatu dutenez, han ez dago emakumeentzako toki espezifikorik eta segurtasun eta intimitate arazoak ekarri ahal dizkie orain kalean gelditu diren emakumeei hara bideratzeak.

Hiru hildako azken asteetan

Berri Otxoak-ek eta Argitan-ek salatu dute kalean bizi ziren hiru lagun hil egin direla azken asteetan Bilbo inguruan: bi Bizkaiko hiriburuan, eta emakume bat Santurtzin. «Murrizketek pobrezia gorrian eta egoerarik larrienean daudenei eragiten diete», azaldu Berri Otxoak taldeko Javi Alonsok.

Barakaldoko aterpetxeko gizarte hezitzaileen taldea desegin izanari dagokionez, elkarteek Barakaldoko Udala kritikatu dute, diru laguntzak ekainaren 30ean amaituko zirela jakinda horretarako baliabide gehiago ez jartzeagatik: «Inflazioak eta beharrizanik oinarrizkoenei erantzuteko zailtasunak handitzen ari diren honetan, udal gobernuaren jarrera da baliabideak murriztea, eta horiek lortzeko bidean oztopoak jartzea».

Alonsok kritikatu du ardura berria hartzeaz batera euren soldata igotzen ari diren udal hautetsien jarrera: «Ez da bidezkoa batzuk kalean hiltzen ari diren bitartean, beste batzuek horrelako dirutzak irabaztea eta, gainera, soldata igotzea. Badirudi horixe dela politikari batzuek proposatzen diguten aldaketa».

Horren guztiaren kontra protesta egiteko, bi taldeek elkarretaratzea egin dute Barakaldoko udaletxearen aurrean, eta kanpadenda bat ere jarri dute han, etxerik gabeko emakumeen egoera irudikatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.