LGTBI eguna

Kaleak hartzera, harrotasunez

Gaur, harrotasunaren egunean, karrikak beteko dituzte LGTBI komunitateko kideek, eta berdintasunaren eta eskubideen aldeko aldarriak ozendu. Sexu askatasuna eta genero aniztasuna defendatuko dituzte, eta euren kontrako diskriminazio oro salatu.

Iazko Bilboko manifestazioa. ARITZ LOIOLA, FOKU
Jone Bastida Alzuru.
2021eko ekainaren 28a
09:53
Entzun

Gaur da LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Eguna. Kolektibo horien eskubideen alde kaleak hartzeko eguna; berdintasuna aldarrikatzeko borroka eguna. Gehitu elkarteak onartu du eskubideen aitorpenean lortutako aurrerapausoak «ospatzen» dituela, baina «erabateko berdintasunean bizitzeko aldarrikapena egiten» jarraituko duela. «Euskal erakundeek LGTBI pertsonen duintasunerako eskubidea onartu badute ere, oraindik mekanismo eraginkorrak ezartzea falta da eskubide horiek bermatzeko».

Premiazkotzat jo dute Eusko Legebiltzarrak lege integral bat onartzea, eta eremu guztietan jarduteko beharra azpimarratu dute: «LGTBIfobia elikatzen duten jarrerei aurre egiteko, ezinbestekoa da sexu joeren eta genero identitateen errespetuaren alde lan egitea gizarteko esparru guztietan». Eskatu dute aldarrikapenak eraginkortasunez betetzeko beharrezkoak diren politika publikoak susta ditzatela.

Bestalde, herritarrei ere galdegin die sexu identitateen eta genero adierazpenen aniztasuna errespetatzeko konpromisoa areagotzea, «benetako berdintasunean bizitzeko eskubidea babestuz eta LGTBI pertsonen kontrako diskriminazio edo indarkeria adierazpenak baztertuz».

Gaurko mobilizazio nagusiak:

Bilbo. Manifestazioa egingo dute, 18:30ean, Moyua plazatik abiatuta.

Donostia. Manifestazioa izango da, 19:00etan, Bulebarretik hasita.

Gasteiz. Andre Maria Zuriaren plazatik abiatuko da manifestazioa, 19:00etan.

Iruñea. Manifestazioa antolatu dute, 19:30ean, Baluarteko plazatik irtenda.

Bizkaiko E28 koordinakundeak nabarmendu du harrotasunaren eguna «borroka eguna» dela. LGTB+ borroka klase borroka da lelopean hartuko dituzte kaleak. «Langile klaseko kide garen aldetik, ekoizpen baliabideak eta jabetza pribatua kendu dizkigute, eta, horrela, hamaika oztopori egin behar diegu aurre». Horrez gainera, Bilbao Bizkaia Harro izenarekin antolatutako jardueretan parte ez hartzeko deia egin dute. «Pride eredu horrek kapitalizatu eta merkantilizatu egiten gaitu; gure mugimendua despolitizatzen du».

Euskal Herriko Bilgune Feministak adierazi du biharkoa izan daitekeela «maitasuna eta harreman afektibo-sexualak nola eraiki eta elikatzen ditugun hausnartzeko eguna». Eta hauxe nabarmendu du: «Iraultza txiki-handiak eragin ditzagun, kolektiboan». Esan dute planto egin behar zaiola «normalizatzailea den sistema honi». LAB sindikatuak, berriz, mobilizatzera deitu du «lan munduak inposatzen dituen armairuak apurtzeko».

Trans legearen atarian

Espainiako trans legearen itzalpean dator LGTBI komunitatearen aldarrikapen eguna. Bihar onartuko du aurreproiektua Ministroen Kontseiluan, Unidas Podemosek eta PSOEk adostasuna lortu ondoren; hilabeteak egin ditu blokeatuta. Genero autodeterminazio kontzeptua izan da eztabaidagai nagusia.

Lege horren bidez, transek ez dute osasun arloko profesionalen eskuetatik pasatu beharko beren genero identitatea «baieztatzeko», eta, hortaz, nork bere identitatea zein den adieraztea nahikoa izango da maila administratiboan aldaketak egiteko. Adostu dutenez, hiru hilabeteko epean berretsi beharko dute. Legeak kanpoan uzten ditu hamalau urtetik beherakoak, migratzaileak eta binarioak ez direnak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.