Kalea logela izan ez dadin

Donostiako Hiritarron Harrera Sareko boluntarioek kalean bizi diren etorkinen beharrak asetzeko egiten dute lan. Donostiara iristen diren etorkinek talka egin ohi dute hiriko errealitatearekin.

Etxegabe batzuk Donostiako Foru Aldundiaren atarian, lo. OIHANE PUERTAS RAMIREZ.
Sara Iriarte Lasa
Donostia
2023ko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
Gizonezkoentzako zapatilak eta txankletak, zein gizonezkoentzako udako arropa. Horixe da uda honetan Donostiako Hiritarron Harrera Sareak euskal herritarrei eskatu diena. Orain dela bost urte sortu zuten harrera sarea, hirira etortzen ziren migratzaileek zituzten beharretan laguntzeko. Gaur egun, kalean bizi diren migratzaileekin egiten dute lan, batez ere.

Donostiako harrera sareko kide da Garazi Montuschi, eta, azaldu duenez, egiten dituzten ekintzen zerrenda luzea da: boluntario batzuek gestioak egiten laguntzen diete etorkinei. Beste batzuek medikuarengana joaten laguntzen diete. Harrera sarekoek bitartekari lanak ere egiten dituzte etorkinei etxe bat aurkitzen laguntzeko; izan ere, logela bat bilatzeko garaian, «gizartearen arrazakeria» azaleratzen da. Ondorioz, boluntarioek hitz egiten dute etxeen jabeekin. Gaztelerazko eta euskarazko eskolak ere ematen dituzte. Arropa banatzen dute astean hiru aldiz; eta hilabetean behin, janaria. Beste hainbat ekintza ere egiten dituzte, eta, Montuschik azaldu duenez, boluntarioak etorkinen beharretara moldatzen dira. Horietan «oso harreman politak» sortzen dira: «Boluntarioek etorkinek bizi duten errealitateak ezagutzen dituzte. Gainera, etorkinentzat ere oso positiboa da euskal herritarrak eta hemengo ohiturak ezagutzea».

Sareko langileak boluntarioak dira, eta ez dute diru laguntzarik jasotzen erakundeen aldetik. Harrera sareak 50.000 euro behar ditu gutxienez bere lana egin ahal izateko, eta sareak «geroz eta behar ekonomiko handiagoa» du. Ondorioz, sortzen diren beharrak beren poltsikoko diruarekin ordaindu behar izaten dituzte batzuetan. Artatzen dituztenentzako garraio publikorako txartelak ere haiek ordaindu behar izan ohi dituzte. Behar ekonomiko horiengatik boluntarioak beharrezkoak direla ere nabarmendu du Montuschik: «Giza kapitala da sarearen funtsa».

Emakumeak eta migrazioa

Gizonezko migratzaileen beharrak asetzen ditu gehienbat harrera sareak. Izan ere, artatzen dituztenen %95 gizonezkoak dira. Horren zergatia hau da: emakume migratzaileen egoera «ikusezina» da. «Emakume batzuk Espainiara iristen direnean, emakumezkoen salerosketa sareetan sartzen dira». Gaineratu duenez, beste batzuek prostituzioaren munduan sartu behar izaten dute. Beste zenbait kasu ere identifikatu dituzte: «Ikusi ditugu kasuak ere non babesa lortzeko asmoz gizonekin elkartu diren. Hor harreman oso toxikoak sortzen dira».

Donostiako harrera sareari beste helburu bat izatea gustatuko litzaioke: Donostiara etortzen diren migratzaileen integrazioan lan sakonagoa egin nahiko lukete, haien integrazioan laguntzeko, baina, egoera den bezalakoa izanik, migratzaileen oinarrizko beharrak asetzeko egiten dute ahaleginik handiena.

Ustea eta errealitatea

Donostiara etortzen diren migratzaileek hiriko errealitatearekin talka egiten dutela deskribatu du Montuschik: «Askok esan digute egindako bidaia baino askoz ere okerragoa dela Donostiara etorri eta kalean bizitzea». Gehitu du beren herria utzi eta hirira iristen direnek ez zutela uste kalean bizi beharko zutenik. Haren arabera, kaleak izugarrizko eragina du pertsona horiengan: «Kaleak pertsona narriatzen du, eta pertsonaren hondatze hori guk ikusi egiten dugu». Egoera hori baliabide gehiago jarriz saihestu daitekeela adierazi du sareko kideak.

Bestetik, gizartean arrazakeria «geroz eta presenteago» dago, Montuschiren ustez: «Erakundeetatik ere geroz eta diskurtso xenofobo gehiago ari gara entzuten». Azaldu duenez, baliabide sozial gehiago ez jartzearen ondorioa da hori. Haren ustez, gutxieneko baliabide batzuk egon beharko lirateke: «Kalean bizitzeak ezin du inolaz ere aukera bat izan. Hori aldatzeko, baliabideak behar ditugu». Etorkinak gaur egun Donostian nola bizi diren azaltzeko, harrera sarean artatu zuten pertsona baten kasua aipatu du: «Euriteak izan ziren egun horietako batean, hona etorri zen migratzaile batek, etsita, esan zidan hemendik joan nahi zuela. Lau egun zeramatzan kalean lo egin gabe eta blai eginda. Ezin zuen gehiago».

Poliziek etorkinei egiten dieten jazarpena eta ematen dieten tratu txarra ere salatu du sareko kideak. Donostian Poliziak «egunero» gelditzen eta identifikatzen ditu etorkinak. «Izugarria» iruditzen zaio Poliziak ematen dien tratu txarra: «Hau guztia etorkinak izateagatik bizi behar izaten dute». Gehitu duenez, identifikatzeaz gain, sarritan migratzaileak miatu egiten dituzte, eta dituzten gauzak konfiskatu ere egiten dizkiete. Tokietatik botatzen dituzte «etengabe», eta erakundeek ez diete horretarako alternatibarik ematen: «Jende horrek nonbaiten egin behar du lo. Oso konplikatua da bizi duten egoera». Geroz eta polizia gehiago eta geroz eta baliabide sozial gutxiago dauden garai honetan, etorkinen egoera ulertzearen garrantzia azpimarratu du Montuschik: «Batek ez du bere herria uzten uzteagatik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.