«Kalea irabaztera» deitu du Otegik, instituzioetako lana «zabaltzeko»

Prest azaldu da proiektu independentista bat gidatzeko, «amaierara arte argia izan behar duen bide orri batekin». Presoekin «xantaia» egitea leporatu die Espainiari eta Frantziari

Kazetari, eragile eta pertsona ezagunen galderei erantzun zien atzo Arnaldo Otegik Donostiako Kursaal jauregian. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
jokin sagarzazu
Donostia
2016ko maiatzaren 1a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Esan zuen espetxetik irten berritan, Anoetako belodromoan eginiko ekitaldian, ezker abertzalearen helburua izan behar dela estatu burujabe eta «dezente» bat sortzea. Dezente hitza ez erabiltzea gomendatu diotenez, «duina» erabili zuen atzo Arnaldo Otegik, baina gauza bera azaltzeko. «Lege justuak, herri kultua eta gobernu ondradua izango duen estatu bat eraiki behar dugu». Aldarrikatzetik eraikitzera pasatzeko garaia dela azpimarratu zuen atzo Sortuko idazkari nagusiak. Klasiko batez, Zizeronen definizio batez, baliatu zen horretarako, eta beste hiruko bat erabili zuen, Angela Davis ekintzaile feminista estatubatuarrarena, helburu hori lortzeko motorra izan behar dutenak azaltzeko: «Nazioa, klasea eta generoa». Agerraldi osoan feminismoari eginiko keinu ugarietako bat izan zen hori.

Aipuz beteriko hitzaldia egin zuen Otegik Donostiako Kursaal jauregian, antzokia leporaino bete zuten 1.800 bat lagunen aurrean, Gara egunkariak antolatutako ekitaldian. Ekintzaileak, politikariak, filosofoak... denetarik izan zuen ahotan, zuzenean edo zeharka: Jose Mujica, Che Guevara, Lenin, Roosevelt, Kant... eta hamaika gai jorratu zituen. Bi orduz aritu zen, espainolez gehien-gehiena, han bertan zeudenen galderei edota bideoz bidali zizkiotenenei erantzuten. Informazioaren alorreko profesionalek eta Euskal Herriko gizarte eragile eta pertsona ezagunek egin zizkioten galderak: besteak beste, Iñaki Gabilondo eta Monica Terribas kazetariek, Itziar Ziga ekintzaile feministak, Haritz Larrañaga eta David Zurutuza kirolariek eta ixtera doazen Arcelor enpresako langileek. Jorratu behar izan zituen gaien kopurua eta horien askotariko izaera dela-eta, zertzeladekin erantzun zien Otegik, baina bere ikuspuntuaren gakoak agerian utzi zituen. Orain arte esandakoen laburpen moduko bat izan zen ekitaldia.

Haren hitzaldia independentismoan zentratu zen. Euskal Herrian helburu hori duen mugimendua «birsortu» behar dela adierazi zuen hainbat alditan. Bereziki, azpimarratu zuen «ausardiaz» jokatzeko garaia dela eta euskal gizartean proiektu independentista bat abian jartzeko «gaitasuna, inteligentzia eta esperientzia historiko nahikoa» dagoela. Mezu baikor horiek beste hain ez baikor batzuekin uztartu zituen, errealitatearen diagnosi zintzoagoa egiteko asmoz. Hala, aitortu zuen gaur-gaurkoz gisa horretako proiekturik ez dagoela, «desaktibatuta» dagoela, eta «eraiki» beharrean dagoela. Berak eta berarekin batera ari direnak «lidergo» hori hartzeko prest daudela adierazi zuen Otegik, orain artekoaz autokritika eginda. «Herri hau pultsu eskasarekin ibili da, tonu oso apalean. Baina ez erratu; denbora bat hartu dugu, arazoak izan ditugu, baina bagatoz». Gisa horretako esaldi ugari bota zituen, eta han bilduta zeudenek txaloekin erantzun zioten.

Bozei buruz ere hausnartu zuen Otegik, datozen hilabeteetako hauteskunde egutegia gertu izanagatik-edo, eta esan zuen luzera begirako estrategia marraztea zela bere asmoa. Ekainaren 26an egingo diren Espainiako Gorteetarakoei buruz esan zuen boto independentista dela «erradikalena eta min gehien egiten duena». Espainia «demokratizatzerik ez dagoela» uste arren, azpimarratu zuen bozetan parte hartzea garrantzitsua dela, herritarrak «aktibatzeko». «Behetik, herritarrekin batera eta konpartitua, aktibatu behar da independentismoa, amaierara arte argia izan behar duen bide orri batekin». «Herri honek bere onena eman du independentismo indartsu bat egon denean, eta alderantziz».

Bitarteko guztiak

Hain justu, hori izan zen Otegiren atzoko hitzaldiaren beste oinarrietako bat. Esan zuen ezker abertzaleak bere helburu politikoak lortzeko ezinbestekoa duela «kalea irabaztea», maila politikoko alor guztietan eta instituzioetan eginiko lana zein esparru horietan lorturikoak «zabaltzeko», independentziarako bidean eta baita horrekin lotzen duen, errail berean kokatzen duen, gatazkaren ondorioen konponbidean ere.

Lehentasunen artean preso eta iheslarien etxeratzea jarri zuen Otegik; haren ustez,«bitarteko guztiak» erabili behar dira horretarako, eta herritarrek presoen erabakiak «lagundu» behar dituzte. «Inoiz baino bahituago dituzten presoak gure aktibo bihurtu behar ditugu». Otegi gogor mintzatu zen Espainiako eta Frantziako gobernuen aurka. «Badakite hori konpontzen ez badugu ez dugula Kataluniako moduko prozesurik abiatuko». «Espetxetik irteten den preso bakoitzeko, xantaiarako bat gutxiago eta gure helburuetatik gertuago», azpimarratu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.