Tenperaturak bost gradutik behera egiten duen gauetan, Donostiako Udalak etxegabeentzako aterpe bat irekitzen du. «Hotzaldirako dispositiboak 40 toki zituen berez, baina, orain, COVID-19arengatik ezarritako osasun neurriengatik, lekuak erdira murriztu dituzte. Kontua da kalean ez dagoela jende gutxiago. Ongi dago osasun neurriak hartzea, baina, hori eginez gero, baliabide gehiago jarri beharko dituzu, ezta?», salatu du Garazi Montuschi Donostiako Harrera Sareko kideak. Uba aterpea hilaren 5eko gauean zabaldu zuten, eta astebete geroago itxi, hilaren 12an. Parte Zaharreko zenbait bizilagunek sare sozialen bidez jakinarazi dute egun horretan bertan hamabost bat etxegabek jo zutela Konstituzio plazara mantak eta janaria eskatzera.
Elkarrekin Donostiaren udal taldeak salatu du etxegabe «askok» zailtasunak eduki dituztela udalak hotzaldirako atondutako zerbitzuak erabiltzeko. Eneko Goia Donostiako alkateari horri buruz galdetu zioten 12an, hots, joan den asteartean egindako prentsa agerraldi batean, eta udalaren kudeaketa defendatu zuen, adieraziz arazoari «erantzuten» ari zitzaiola.
Datuak ematen hasita, azaldu zuen ezen lehen gauean, 5ekoan, hamahiru etxegabe aterpetu zituztela —«instituzio bakar batek ere ezin du inor inora joatera behartu»—, eta 11koan 48 izan zirela nola Uban hala «udalaren beste baliabide batzuetan» aterpetutakoak. Alkateak nabarmendu zuen Gipuzkoako biztanleriaren %25 bizi dela Donostian, baina hango udalak ematen dituela probintzian gizarte zerbitzuek ematen dituzten «era horretako baliabideen» %60. «Askoz ere errazagoa da egoera hauek kudeatzea norberak bere erantzukizunak onartzen dituenean», kexatu zen Goia.
Montuschiren iritziz, ez da «nahikoa». Gainera, zalantzan jarri ditu udaleko gizarte zerbitzuek Uba aterpearen ateak nori ireki erabakitzeko ezarritako irizpideak: «Zer gertatu zen? Hogei pertsona horietako gehienak oso-oso zaurgarriak ziren, kalean urte asko daramatzatenak, eta horietako batzuek ez zuten egun gutxi batzuetarako aterpera joateko gogorik». Uba ez zen bete hotzaldiko lehen gauean. Baina Harrera Sareko kidearen ustez, kontrara, gizarte zerbitzuen irizpideak aintzat hartuta,«askok» ez dute udal aterpeetara joateko aukerarik.
Bi udal aterpe daude: Uba, soilik hotzaldian irekitzen dutena, eta Abegi Etxea, urte osoan zabalik dagoena, 40 tokikoa. «Han, Uban ez bezala, eguna ere pasa dezakezu, eta egoera zaurgarrian daudenentzat da». Hirian badira, gainera, Caritasek kudeatutako aterpeak, baita Gurutze Gorriarenak ere. Montuschik gogoratu du «konfinamenduaren ondoren» programa bat abiatu zuela Eusko Jaurlaritzak. «Hamar milioi euro bideratu zituen, eta, horren bidez, udalak-eta alokairuetarako-eta laguntzak ematen hasi ziren, pisuak eskaintzen. Tokiak ugaritu ziren, eta askok lortu zuten lo egiteko leku bat». Plan hori ekainaren 30era arte luzatu dute.
Nolanahi ere, Donostian berrogei pertsona baino gehiago daude «beti kale gorrian». Bi profil bereizten ditu Montuschik. Batetik, «txoko batean, kutxa automatiko baten gelan» lo egiten dutenak. «Eta, bestetik, gazte pila bat daude eraikin abandonatuetan lo egiten. Horiek badute, nolabait, sabai bat, baina kalean daude, egoera oso prekarioan». Horiek badaude gizarte zerbitzuetan erregistratuta, baina, «orokorrean», ez daude aterpeetarako zerrendetan. «Normalean oso gazteak dira, osasunez ondo daude, eta ez dituzte zaurgarritzat hartzen». Montuschiren ustez, «arazo bat» dago horiekin. «Baldintza horietan sekulakoa da degradazioa. Kontsumoetan amaitzen dute, arazo psikologikoekin...».
«Borondate politikoa»
Donostiako Harrera Sareak «baliabide gehiago» jartzeko eskatu dio udalari, eta Montuschik pentsatzen du «borondate politikoa» beharrezkoa dela horretarako. Zer falta den adierazteko, adibide bat jarri du. «Ez dago jatetxe sozialik, eta gazte horiek guztiek ez dute bero eta kozinatutako elikagaiak non jan». Uste du «oinarrizko beharrak» ez daudela beteta. «Arropak, mantak... Erantzun publiko bat ematea falta da, ardura... Herritarren elkartasunarengatik ez balitz...». Eta aipatu du, hain zuzen, Donostiako Konstituzio plazako arkupeetan bizilagunek beraiek artatu dituztela azkenaldian etxegabeak.
Iñigo Estonba Donostiako Udaleko, Gizarteratze Zerbitzuen arduraduna: «Sistemak aukera edo irtenbide gutxiegi ematen ditu»
Etxegabeak. Aterpeak
Kalea hotzegi dagoenean
Etxegabeentzako aterpeen arazoa azalera atera da Donostian hotzaldian. Alkateak kudeaketa defendatu du. Harrera Sareak «baliabide gehiago» eskatu ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu