Kalea ere irabazi du aldaketak

UPNk eta eskuin muturreko talde batzuek deialdia egina zuten zentsura mozioaren kontra protesta egiteko; azkenerako, baina, jai giroa nagusi izan da Iruñeko Udaletxe plazan.

Joseba Asironen kargu hartzea
Joseba Asiron, alkate izendatua izan berritan, plazara atera denean. IÑIGO URIZ / FOKU
Ion Orzaiz.
2023ko abenduaren 28a
16:05
Entzun

Iruñeko alkatetza galdua zuela jakinda, borroka mediatikoa eta kontakizunarena irabazi nahi izan ditu UPNk. Eta, horretarako, kalea behar zuen. Eskuin muturrak Madrilen nola, asalduraren bidetik jo du Cristina Ibarrolak Iruñean, egunetik egunera bere diskurtsoaren tenperatura koska bat igota. UPNk sutan nahi zituen kaleak, «traizio historikotzat» jo duten horren kontra protesta egiteko. Horretan ere porrot egin du, ordea. Gaurko zentsura mozioak agerian utzi du gehiengo politikoa ez ezik gehiengo soziala ere falta duela eskuin erregionalistak. Kalea falta duela, alegia. Kontrara, aldaketaren aldekoek indar erakustaldia egin dute Iruñeko Udaletxe plazan: uztailaren 6ko txupinazoa balitz bezala, ehunka lagun batu dira Joseba Asironen kargu hartzea ospatzera. UPNk epika eta dramatismoa nahi zituen, amorru aurpegiak eta ukabil estutuak; kalean bildutako jendetzak, baina, cumbia eta rantxerak dantzatu ditu.

Eskuin espainiazaleak lortu du, hala ere, dozena batzuk mobilizatzea. Espainiako eta Nafarroako bandera eta «¡Viva España!» oihu artean iritsi dira plazara. Berandu. 12:00etan —ordu horretarako egina zuen deialdia UPNk—, jendez leporaino beterik zegoen inguru osoa. Manifestatzeko baimenik ere ez zuten eskatu indar espainiazaleek; hortaz, sarbidea ukatu die Espainiako Poliziak. Festa hesiaren beste aldetik ikustea beste aukerarik ez dute izan eskuindarrek; Kale Berritik eta Mercaderestik, zehazki. Hona hemen goizak eman duenaren kontakizuna.

11:00

'Pole position'-aren bila

Ibarrolaren aurkako zentsura mozioa bozkatzeko bilkura 12:00etarako deitua zegoen, baina ordubete lehenago, jende andana ikusten zen Udaletxe plazan. Espainiako Poliziaren zaintzapean sartu da jendea: furgonetak jarri dituzte San Saturnino, Zapateria eta Mercaderes karriketan, sarbideak kontrolatzeko. Iruñeko Udaltzaingoak, berriz, hesi bat paratu du udaletxearen inguruan, ordezkari politikoen sartu-irtenak errazteko. Telebista kateetako kamerek berehala hartu dituzte tokirik onenak, alkate berriaren agurra eta herritarren erreakzioak bertatik bertara jasotzeko. Ohiko hedabideez gain, Espainiako telebista eta kazetari ugari ere bertaratu dira. Eskuin muturreko webgune ezagun bateko berriemaileak ere plazan ibili dira, Asironen aldekoak xaxatu nahian. Inor ez zaie oldartu, eta, beraz, ez dute lortu bila zebiltzan irudia. Aldaketaren aldeko elkarretaratzera batu direnek argi zuten jarraibidea: «Ez diegu probokazioei erantzunen. Gaur, ospatzeko eguna da». Antolatzaileek eskuorriak banatu dituzte aholku horiekin.

11:30ak jo berritan lehertu da festa. Iruñeko auzoetatik ez ezik, Nafarroako zenbait herritatik ere etorri dira manifestariak: Berriozarko, Goizuetako, Burlatako eta Tafallako bizilagun ugari bildu dira, besteak beste. Hain zuzen, Tafallako Malatxo txaranga arduratu da elkarretaratzea jai giroz janzteaz. Sanferminetako doinuak abendura aurreratu dituzte tronboiek, tronpetek eta perkusioak. Ordu horretan hasi dira ordezkari politikoak bilkura aretora sartzen ere. Jendeak txalo zaparrada batekin hartu ditu EH Bilduko Miren Zabaleta, Laura Aznal eta Bel Pozueta. Plaza erabat bete da minutu gutxiren buruan.

11:56

Sartzeko ahalegina egin du eskuinak

Argi zegoen lehendik ere Nafarroako eskuinak duen mobilizazio gaitasuna ez dela ezker independentistak duena, baina gaurko agerraldian nabarmen ikusi da aldea: Asironen aldekoei txiki geratu zaie Udaletxe plaza, eta, osoko bilkura hasi denerako, oso zaila zen ingurura hurbiltzea ere; eskuinak, berriz, deialdi nahasia egin du —hasieran Udaletxe plazan egin nahi zuten protesta, gero Burguen plazan, eta, azkenik, udaletxe aurrean elkartzera deitu zituzten beren jarraitzaileak atzera ere—, eta, eskuineko lehen manifestariak iritsi direnerako, bidea itxia zuten. Hala ere, Espainiako banderekin sartzeko imintzioa egin dute, baina bainenik ez zutenez, atzera egitera behartu ditu Poliziak. «¡Viva España!» eta «Ibarrola, no estás sola» (Ibarrola, ez zaude bakarrik) oihukatu dute batez ere, baina bota dituzte Guardia Zibilaren eta Felipe Borboikoaren aldeko lelo batzuk ere. Hala ere, eskuinaren aldarriak ozentzen ziren bakoitzean, plazan zegoen jendetzak berehala isilarazten zituen, izan «Independentzia!» eta «Agur, Ibarrola, agur» oihukatuz, izan txarangaren doinuekin.

13:00

Alkatearen agurra

12:00etatik aurrera, plazan bildutakoek sakelakoan iltzatuak izan dituzte begiak. Batzuek zuzenean ikusi dute osoko bilkura; beste batzuek nahiago izan dute zentsura mozioa Twitter bidez jarraitu, eta batek baino gehiagok aldean zeraman transistorea, udaletxe barruan zer gertatzen ari zen zuzenean jakiteko. «UPNkoak ari dira eztabaida atzeratzen, antza», kontatu dio Goizuetako gizon batek emazteari, eskua belarriko entzungailuan jartzen zuen bitartean. Luze jo du bilkurak, baina jendeak ez dio kantatzeari utzi. 13:00etan, ahoz aho zabaldu da albistea: «Bukatu da! Asiron alkate izendatu dute». Txaloak eta alkate berriaren aldeko oihuak. Nafarroako banderak dantzan hasi dira plazan. Baita ikurrin bat, presoen aldeko banderola bat eta Palestinako bandera bat ere.

13:09an, Joseba Asiron udaletxeko balkoira atera da, ukabila goratuta eta aginte makila eskuan. Ozendu dira txaloak, oihuak eta kantuak. Tafallako txarangak soinu banda jarri dio uneari: Pirritx, Porrotx eta Marimototsen Maite zaitut. Asironen atzetik, balkoira atera dira EH Bilduko zinegotzi guztiak, banan-banan, baita udal-gobernu taldea osatuko duten beste zinegotziak ere: Geroa Baiko Koldo Martinez eta Mikel Armendariz, eta Zurekin Nafarroa koalizioko Txema Mauleon. EH Bilduko Maider Belokiri, Joxe Abaurreari eta Garbiñe Buenori besarkada estua eman die Asironek. Negar malkotan atera dira batzuk balkoira.

Plazatik kanpo, Kale Berriko txokotik, irainka eta txistuka hasi dira manifestari espainiazaleak. Erdiko hatza atera diete alkate berriari eta zinegotziei. Plazan sartzeko imintzioa egin dute berriro, eta aldaketaren aldeko batzuen aurka ere oldartu dira, baina ez da aparteko istilurik izan.

13:40

Zinegotziak atera dira

UPNren udal taldea izan da udaletxetik ateratzen lehena. Ibarrolak aurretik esana zuen udaletxetik aterako zela «ate nagusitik, eta burua makurtu gabe». Hala egin du. UPNko idazkari nagusi Javier Esparzarekin batera zeharkatu du udaletxeko ate nagusia. Kopetilun egin du autorako bidea, ordea, udaltzainek, Espainiako poliziek eta bizkartzainek inguratuta. Plazako elkarretaratzearen antolatzaileek deia egina zuten UPNren ordezkariak «isiltasunez» agurtzeko, baina batek baino gehiagok ezin izan dio gogoari eutsi, eta txistuka hasi dira Ibarrola ikusi bezain pronto. «Agur, Ibarrola, agur» ere kantatu diote.

Handik ordu erdira atera dira Joseba Asiron eta EH Bilduko gainerako hautetsiak, eta oso bestelakoa izan da erreakzioa. Txalo zaparrada batekin hartu dute alkatea. Goiz osoaren isla izan da bukaerako agurra ere, hesi batek bananduta aritu baitira UPNren aldeko Pamplona eta aldaketaren aldeko Iruñea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.