Fragaren heriotza

Kalea beretzat zuen frankista

Frankismoan eta trantsizioan hainbat krimenetan izan zuen ardura politikoagatik epaitu gabe hil da Manuel Fraga bere etxeanFrancoren ministroa eta Espainiako PPren sortzailea izan zen, besteak beste

inaki petxarroman
2012ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Manuel Fraga Iribarne, Francoren Informazio eta Turismo ministro izan zena bere etxean hil da, 89 urterekin. 1976ko martxoaren 3ko langileen aurkako errepresio eta hilketaren arduradun politiko zuzena izan arren, Franco bezala, bere ohean hil da Fraga ere. Beraz, ez du gertakari larri horiengatik —eta beste hamaikagatik ere— auzitegi baten aurrean erantzun behar izan.

Are eta gehiago, diktadorearen ministroak «demokraziaren» alde ustez egindakoak goraipatu dituzte, haren heriotzaren berri jakin ostean, eragile askok Espainian, eta ez haren alderdian bakarrik. Nabarmenak izan dira, esaterako, UGT sindikatuko eta PSOEko hainbat buruzagiren aldetik jaso dituen loreak. «Demokratok esker onez oroituko ditugu beti 1978ko Konstituzioaren txostengile moduan egindako lana», jakinarazi du PSOEko exekutiboak ohar baten bidez, haren familiari doluminak ematearekin batera.

Manuel Fraga Iribarne Franco diktadorearen Informazio eta Turismo ministro izateaz gain, trantsizio garaiko Gobernazio ministro ere izan zen. Eta bi aldi horietan hainbat krimenetan erantzukizun politiko zuzena eduki du. Esaterako, hark agindu zuen Loiola irratia ixteko, 1965. urtean. Urtebetez ixilik egon zen irratia. Handik urte batzuetara (1969an) Jakin aldizkaria itxiarazi zuen. Urte horietan izandako hainbat fusilamendu eta hilketetan ardura politiko zuzena izatea leporatu diote, esaterako, Julian Grimau militante komunistaren fusilamenduan,1962. urtean; etaFrancisco Granado, Joaquin Delgado eta Salvador Puig Antich anarkistei garrote ematean.

Horrekin batera, bera zen Poliziako burua Gasteizko martxoaren 3ko gertakaria larrietan. Alegia, haren agindutara zeuden Pedro Maria Martinez Ocio, Francisco Aznar Clemente, Romualdo Barroso Chaparro, Javier Castillo eta Bienvenido Pereda langileak tiroz hil zituzten poliziak. Bost langile horiek hiltzeaz gain, ehunka zauritu zituzten poliziek Gasteizko greba eta liskar egun haietan. Egun haietan bota zuen Manuel Fragak ezagunen egin zaioen esaldietakoa: «Kalea neurea da».

Eta Euskal Herritik irten gabe, 1976an bertan, Montejurran bi karlista ezkertiar hil zituzten paramilitar faxistek, han ziren poliziek ezertxo ere egin gabe.

Ez krimen horiengatik, ez Francoren erregimenak egindakoengatik, sekula ez du ez barkamenik eskatu ez damurik erakutsi Fraga Iribarnek.

Ibilbide luzea

1922an jaio zen Manuel Fraga, Villalban (Lugo, Galizia). Haren ama Nafarroa Beherekoa zen, baina Fragak sekula ez ditu ezkutatu euskal kulturarekiko eta euskararekiko herra eta ezinikusia. Honelaxe bota zuen behin euskararen inguruan: «Nire amak erabat ulertu zuen frantsesa erakutsi behar zigula, eta ez euskara, hori hildako hizkuntza baita». Ikurrinari buruz hau esan zuen: «Nire gainetik pasatu beharko dute hura legeztatu aurretik».

Francoren diktadurako lehen kargu politikoa 1951n jaso zuen Fragak: Hispaniar Kulturako Institutuko idazkari nagusi izendatu zuten. Garai hartantxe harro eta gartsu zabaltzen zituen Fragak Carl Schmitt jurista naziaren teoriak aukera zuen toki guztietan.

Informazio eta Turismo ministro izendatu zuten 1962an. Alegia, haren ardurakoa izan zen, 1969ra arte, hain zorrotz funtzionatzen zuen propaganda eta zentsura makineria frankista.

Franco hil ondoren, Carlos Arias Navarrok Gobernazio ministro izendatu zuen. Gertukoek diotenez, bizitza osoko unerik txarrena pasatu zuen Fragak Espainiako errege Juan Carlos I.ak esan zionean Adolfo Suarez izango zela gobernuko presidentea. Izan ere, Espainiako presidente izatea zuen bere xede nagusia. Gobernu hartako ministro izatea ere eskatu zion erregeak Fragari, baina errefusatu egin zuen eskaintza.

Konstituzioaren zazpi txostengileetako bat izan zen Fraga, baina ez zuen haren alde bozkatu, ez zetorrelako bat erkidego autonomoen egitura deszentralizatuarekin. Alianza Popular alderdia sortu zuen orduan, Francoren erregimeneko beste hainbat buruzagi atzerakoirekin batera. Hortik aurrera, erregimen jaio berriaren barruan lan egiteari ekin zion, demokraziarako birziklatuta. Felipe Gonzalez PSOEko lehen presidenteak zinez eskertu zion jarrera hura Fragari. Hala definitu zuen buruzagi sozialistak: «Estatua buruan kabitzen zaio». Horrekin batera, oposizioko burutzat jo zuen Gonzalezek Fraga.

Hasieran politikoki oso ahul zegoen PP alderdia gobernuko alternatiba bihurtu izanaren merezimendua ere aitortu izan diote hainbatek. Haren helburua, behintzat, argia izan da beti: aurreko erregimenarekin hautsi gabe, haren helburuei erregimen berriaren tresnekin eustea.

Galiziako presidente

Espainiako presidente izatearen ametsa bete ezinik, Konstituzioa onartu zen garaian kritikatzen zuen autonomia horietako bateko presidente izatearekin konformatu behar izan zuen. Eta hamasei urte luzez izan zen Galiziako presidente. Orduan Galiziar erregionalista gisa definitu zuen bere burua: «Galegista izan daiteke nazionalista izan gabe, hori Espainia eta konstituzioa traizionatzea baita», adierazi zuen.

Bere ibilbide politiko luzean jarrera atzerakoia agertu du Fragak beti, gai askori buruz, esaterako, homosexualitateaz: «Homosexualitatea anomalia bat da, eta, horregatik, nahiz eta okerra izan garai bateko jazarpena, gay harrotasuna ere oker handia da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.