Kalapita kalamu elkarteetan

Kalamu elkarteak arautzeko Nafarroako legea bertan behera utzi berri du Espainiako Auzitegi Konstituzionalak, eskumenak urratzen dituela iritzita. Kexu agertu dira kalamu elkarteak.

Antsoaingo kalamu elkartea, artxiboko irudi batean. Klub horiek erregulatzeko eskea egin dute sarritan. J. MANTEROLA / ARP.
Oihan Vitoria.
2015eko maiatzaren 10a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Araudi bat, eta bakarra». Asmo horrekin eratu zuten kalamu elkarteak arautzeko lege aitzindaria Nafarroan. Ordezkaritza Kanabikoko kideek hartu zuten araua osatzeko lema, helburu ludikoetarako eta terapeutikoetarako kluben jarduna «mesedegarria» dela sinetsita. Espainiako Auzitegi Konstituzionalak jomugan jarri ditu: kalamu taldeak erregulatzeko Nafarroako legea bertan behera utzi du, Espainiako Gobernuaren helegiteari bide emanda. Argudiatu du urratu egiten dituela eskumenak.

Mamiaz erabaki ez badu ere, helegitea tramiterako onartu izanak kalamu kluben haserrea piztu du. Espero zuten PPren gobernuak legearen aurka jotzea. Horrek, alabaina, ez du elkarteetakoen ezinegona baretu. Kezkatuta dira, kolokan jarri baitute beren jarduna. Atzera eginarazi diete, ahantziak zituzten sasoietara. «Jazarpenean eta ziurgabetasunean bizitzera itzuli gara», salatu du Nafarroako Ordezkaritza Kanabikoko kide Ramon Morcillok.

Suminduta baina itxaropentsu mintzo da. «Helburuaren zati bat lortu dugu, behintzat: kalamu elkarteak arautzearen inguruko eztabaida sakona piztu dugu. Erregulatzearen alde dago Nafarroako gehiengoa, eta lehia irabazten ari gara». Morcillok jakin badakien arren orain lege babesik ez dutela, kalamu klubak arautzeko ahaleginari eutsiko diotela ziurtatu du. Argi du: «Ez dugu sekula etsiko».

10.000 sinadura bildu ondoren iritsi zen gaia parlamentura. PSN, Bildu, Aralar-NaBai, Ezkerra eta Geroa Bai agertu ziren herri ekinaldi legegilearen alde; UPNk eta PPk, berriz, aurka bozkatu zuten, parlamentuak halakorik onartzeko eskumenik ez zeukala iritzita.

Madrilek argudio horri heldu dio: ez ekoizterik, ez garraiatzerik, ez saltzerik... Kluben proposamen guztiak legez kanpoko jo ditu. «Norbanakoek, ordea, kontsumi dezakete, besteei eragiten ez dien esparru batean», argitu du Morcillok. Bestela ikusten du Madrilek: uste du araua onesteak areagotu egingo lukeela kalamua legeztatzearen «nahas-mahasa».

Dena dela, kalamua kontsumitu nahi dutenak hein batean «babes juridikorik gabe» utzi dituztela salatu du Nafarroako Ordezkaritza Kanabikoko ordezkariak: «Praktikan ez da asko aldatu egoera, legea ez zelako irmo ezartzen ari». Arau horri bide ez emateak «murriztailea» den esparrua are gehiago gogortzea dakarrela irizten dio: «Administrazioek bizkar ematen diote kalamuarekin lotura duenari, errealitatea ukatuz».

Interes «ilun ugari» igarri ditu Morcillok. Haren arabera, izan ere, badira kalamua baino «kaltegarriagoak» diren legeztatutako substantziak. «Baina horien kontra ez du inork egiten». Antsoaingo kalamu klubeko bazkidea ere bada Morcillo. Trabak traba, 330etik gora bazkide dituzte, elkartea iragartzea zaila bazaie ere; oraino delitutzat jotzen dela jakinarazi du. Kluba non dagoen esatea saihesten dute horregatik.

Morcilloren aburuz, handia da kalamuarekin gertatzen den «bidegabekeria». Nafarroan, esaterako, hogei mila herritar inguruk kontsumitzen dute gaur-gaurkoz marihuana, baina %5ek baizik ez dute xede terapeutikoetarako eskuratzen. Eskubideak «kriminalizatzen» ari direla salatu du, eta legeztatzearen abantailak xehatu ditu: «Ona da kontsumitzaileentzat, gizartearentzat eta osasunarentzat. Ezinbesteko neurria da, merkatu beltzera ez jotzeko. Mafiei mesede egitea saihesteaz gain, dirua biltzeko beta ematen du».

Eusko Legebiltzarrak ere egina du urratsa kalamu elkarteak erregulatzeko. Iragan urrian zabaldu zien atea: arau bat egiteko eskatu zuen, klubei «berme eta segurtasun juridikoa» emateko. «Antzekotasunak» ikusi ditu Morcillok. Jaurlaritzak bide beretik jo beharko lukeela iruditzen zaio. Halere, borondatea falta dela dio. Susmoa du, gainera, Madrilgo erakundeen erantzuna «bera» izango dela.

Aldez aurretik «epaituak»

Gakoa kalamuaren autokontsumoaren eta droga trafikoaren arteko muga labainkorrean dagoela deritzo Morcillok: «Marra gorria ez da bazkide franko izatea edota beharginak kontratatzea. Muga da ekoizten dena elkartearen barruan gelditzea. Kanpoko inork ez badu kontsumoan parte hartzen, dirua ekoizpenaren gastuak ordaintzeko erabiltzen bada eta jarduera hori legearen menpe badago, ez dago inolako deliturik».

«Zentzugabetzat» du egoera. «Marihuana ekoizteagatik atxilo zaitzakete, baina absolbitu egingo zaituzte autokontsumorako dela frogatuz gero». Elkarteekin antzeko zerbait gertatzen da. Errugabeak izan arren, «izututa» bizitzera zigortzen dituzte. Morcillo: «Aurretik epaitzen gaituzte».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.