Ekaitz Agirregoitia Marcos (Barakaldo, Bizkaia, 1979) EHUko irakasle eta ikertzailea da; osasun biologia ikasi zuen, eta kalamuari buruzko ikerketak egin ditu. Gainera, hesteetako gaixotasun bat dauka: kolitis ultzeraduna. Kalamuaren Osasun Erabilerarako Behatokiko kide da: landarearen sendatzeko erabilera arautzeko lanean ari dira.
Kalamua hartzen duzu, baina ezohiko moduan.
Duela hamalau urte diagnostikatu zidaten kolitis ultzeraduna, eta duela lau ospitaleratu egin ninduten. Ordutik, burua altxatu ezinik nenbilen. Gaixotasunari aurre egiteko aukera bakarra zen immunodepresiboak hartzea. Baina botika gogorrak dira. Kalamuarekin ikertzen dut, eta oso ona omen da antiinflamatorio gisa, mina kentzeko eta hesteen mugimendua gelditzeko: nire sintomak. Ohiko moduan hartu nuen, baina psikoafektibitate handia izan nuen. Halere, on egin zidan, eta kalamua hartzeko beste modu batzuk bilatu nituen. Egun, lurrundu daiteke, edo olio moduan har daiteke. Landareak molekula batzuk dauzka, cannabinoide izenekoak. Zein kontzentratze mailatan hartzen duzun, hobeto doa min baterako edo beste baterako. Molekula garrantzitsuenak bi dira: THC eta CBD. THC psikoaktiboa da: oso ona da minerako eta lo egiteko; gosea ematen du, eta goragalea kentzen du. CBDk funtzio antiinflamatorioa dauka, eta epilepsiaren kontra oso ondo doa. Beraz, nik jakin behar nuen zer hartzen nuen, eta zer kontzentraziotan. Olioek era ematen dute hori jakiteko, badakizu tanta bakoitzean zenbat hartzen ari zaren.
Zeure buruarekin azterketak egin dituzu dosia doitzeko?
Urtebete eman nuen egunero pisua kontrolatzen; zenbatetan joaten nintzen komunera, zer sentitzen nuen, zer jaten nuen eta zer botika hartzen nuen. Urtebetean 10-12 kilo hartu nituen, eta askoz ere gutxiago joaten nintzen komunera. Orain hobeto sentitzen naiz, hobeto egiten dut lo. Gaixotasun honek depresiorako joera handia dauka, eta, beraz, ondo zaudenean, gogo aldetik ere askoz hobeto zaude. Kalamuak lagundu dit orekatzeko. Inongo botikak ez gaitu guztiz zainduko, ez badira bakterioen kontrakoak eta, zenbaitetan, kirurgia. Baina beste botikek ez dute sendatzen. Kalamua botika moduan hartzen badugu, sintomak moteltzen ditu, eta horrek laguntzen du gerora, adibidez, hestea bere onera ekartzeko. Bizi kalitatea eman dit; hori da eri batek lortu nahi duena.
Baina olioa ez dago edonoren eskura, kalamua legearen kontrakoa da eta.
Ikerlari lagunengana jo nuen, Madrilgo Dosemociones zentrora: kalamua kontsumitzen duten gaixoen gunea da. Horrela jakin nuen nola neureganatu olioa: oso zaila da, merkatu beltzera jo behar baita. Klub bateko kide egin nintzen, baina ez da batere egokia, jende askok ez duelako sartu nahi giro horretan. Olioaren bila joatean, poliziarik dagoen begiratu behar da. CBD Internetetik eros daiteke, erdi alegala delako. THC, aldiz, inork ez daki nola lortzen den, baina lortzen da: marihuanarekin gertatu bezala. Merkatu beltza da, erabatekoa. Olioa egiten duten enpresei dagokienez, batzuk legezkoak dira, besteak legez kanpokoak.
Horregatik sortu duzue Kalamuaren Osasun Erabilerarako Behatokia?
Bai, mediku, ikerlari eta gaixo batzuen artean sortu dugu. Batetik, behatu nahi dugu gaixook zer hartzen dugun, eta osasunerako ona dela ziurtatu: adibidez, pestizidarik ez daukala. Bestetik, erabilera arautzea nahi dugu: zergatik jo behar dugu merkatu beltzera? Bi helburu horiekin sortu genuen. Zuzendaritzan elkartzen dira ikerlariak, medikuak eta gaixoak. Inguruan jendea batzen ari da hainbat zereginetarako. Partaideek ikerketak egiten dituzte, baina ez behatokiaren izenean. Hark lan politikoa eta ekintzailea egiten du. Espainiako estatu mailan sortu da, eskumena estatuak daukalako. Orain gutxi, Ciudadanos alderdiak proposamena egin du gai honi buruz Espainiako Parlamentuan, behatokiaren oniritziarekin. Europako hainbat estatutan eztabaidatzen ari dira gaiaz. AEBetan, adibidez, 28 estatutan legezkoa da kalamua sendatzeko erabiltzea.
Ikerketa zabalagoen bitartez jakin litezke benetako onurak?
Gehien egin den ikerketa mota preklinikoa da: zelulekin edo animalia ereduekin egiten dena da. Gizakira pasatzeko, entsegu klinikoak egin behar dira. Horretarako, diru asko eta denbora behar da. Kalamuaren kasuan, ez da hutsetik hasi behar. Jende askok hartzen du, eta badakigu ez dela toxikoa: fase batzuk gaindi genitzake. Badakigu kasu batzuetan eragin onuragarriak dauzkala, baina ezin dugu frogatu.
Ikertzaile moduan, saiatu zara horrelako azterketak sustatzen?
Nire ikerketa lerroa ugalketarekin lotuta dago. Bi sistemarekin lan egin dut beti: cannabinoidea eta opioidea. Orain hasi naiz gaixotasun inflamatorioak ikertzen, batez ere hesteei lotutakoak; behaketa lan bat egin nahi dugu. Jende multzo batek kalamua hartzen badu eta urte batean behatuz gero —nik egin bezala—, ondorio txiki batzuk atera litezke. AEBetako Zientzien Akademia Nazionalak txosten bat atera zuen urtarrilean. Bertan, lehenengoz aipatzen dira ezin eztabaidatuzko ebidentziak kalamua hainbat gaixotasunetarako baliagarria dela esateko, adibidez esklerosi anizkoitzaren espasmo, min kroniko, eta goragalerako. Bestalde, Osasunaren Mundu Erakundeak duela hilabete esan du txosten serio bat egingo duela kalamuak osasunari lagun diezaiokeen jakiteko. Oso garrantzitsua da; izan ere, OMEk gaiak mailakatuta dauzka, eta kalamua lehen taldean dago. Talde horretan daude abusua sor dezaketen eta medikuntzarako baliagarriak ez diren gaiak; adibidez, LSDa. Bigarren taldean daude abusua sor dezaketenak baina medikuntzarako baliagarriak izan daitezkeenak: opioa —morfina—, adibidez. Aspaldi eskatzen da kalamua bigarren taldera pasatzeko. Txosten horrekin Nazio Batuen Erakundeak legea lasaituko luke.
Zer gaixotasunetarako izan daiteke onuragarria kalamua?
Gaixotasunetarako bainoago, sintometarako da baliagarria. Mina, espasmoak eta goragalea tratatzeko erabiltzen da. Kalamuan oinarritutako legezko sendagai bat ere badago, esklerosirako erabiltzen dena. AEBetan, THC erabiltzen da minerako. Inflamazioa eragiten duten gaixotasun guztientzako baliagarri izan liteke: fibromialgia, esklerosia eta hesteetako gaitzetarako. Epilepsiarako ere onurak omen dauzka. Minbizirako, entsegu prekliniko batzuek diotenez, kalamuak ba omen dauka gaitasuna minbizi zelulak hiltzeko, baina asko dago ikertzeko. Arautzeak asko lagunduko luke ikerketak egin ahal izateko eta onura gehiagoren berri izateko.
Ekaitz Agirregoitia Marcos. Biologian doktorea, ikertzailea
«Kalamuak eman dit bizi kalitatea; hori da eri batek nahi duena»
Europako hainbat herrialdetan eztabaidatzen ari dira kalamuaren osasun erabilera arautzeari buruz. Gaixotasun askoren sintomak leuntzeko onuragarria dela diote, baina gehiago ikertu beharra dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu