Kalamua, gutxi batzuen eskura

Espainiako Osasun Ministerioak kalamua modu terapeutikoan erregulatzeko errege dekretuaren zirriborroa onartu du. Pazienteen elkarteek salatu dute araua murriztailea dela, eta ez duela pazientea erdigunean jarri.

Kalamu terapeutikoa
inaki rubio
2024ko urriaren 19a
05:00
Entzun

«Ohean egon naiz bizpahiru urtez, minak paralizaturik». Aitziber Berendiak —nahiago du bere benetako izena ez eman— fibromialgia eta endometriosia dauzka; gaixotasun kronikoak dira biak ala biak, eta horiek eragiten dituzten sintomek kasik mugitzea ere galarazi diote; are gutxiago lan egitea. «Har nitzakeen sendagai guztiak hartu ditut, baita ebakuntzak egin ere». Horiek, ordea, ez zuten haren oinazea arindu, eta behin-behinean mina apaltzeko sendagaiak hartzera kondenatu zuten medikuek: «Opiodunak, analgesikoak…». Baina oinazeak hortxe jarraitu zuen, oldarkor, kalamuarekin topo egin zuen arte: «Ikaragarria izan da; lauzpabost urtez kalamua hartu ostean apenas behar dudan mina arintzeko botikarik, eta lanera itzultzea ere pentsatzen ari naiz».

Baina oro ez da urre. Hego Euskal Herrian, gaur-gaurkoz, kalamuaren osagaiak dituzten bi botika erabiltzen dituzte Osasunbideak eta Osakidetzak: Sativex eta Epidyolex. Horien erabilera, ordea, mugatua da: soilik esklerosi anizkoitzaren ondorioz espastizitatea dutenei ematen diete lehenbizikoa, eta epilepsia errefraktario larria dutenei bigarrena. Berendiak, beraz, ez du izan botika horiek osasun sistema publikoaren bidez eskuratzeko modurik, eta bestelako bideetatik lortu behar izan ditu. Horregatik, nahiago du anonimotasunean mantendu, errepresalien beldur baita. Izan ere, kalamu terapeutikoaren erregulazioaren alde aritzen diren elkarte zein norbanakoen aurkako jazarpena etengabea dela salatu du. «Gainera, bide horietako askok ez dute segurtasun bermerik; urte asko daramatzagu kalamua modu terapeutikoan erregulatzeko lege baten alde borrokan».

Badirudi aldarrikapen horien oihartzunak izan duela erantzunik: Espainiako Gobernuko Osasun Ministerioak kalamua modu terapeutikoan arautzeko errege dekretuaren zirriborroa osatu du. Hiru urte iraun du araua osatzeko prozesuak: Espainiako Kongresuak 2021ean ekin zion egitasmoari, eta 2022an azpibatzorde bat eratzeko eskatu zuen, kalamua modu terapeutikoan legeztatzeko aukera ikertzeko. Kasik bi urtez aritu da AEMPS Espainiako Botiken eta Osasun Produktuen Agentzia adituen iritziak jasotzen, eta iragan otsailean publikatu zuen txostena. Gobernuak, orduan, elkarrizketak hasi zituen kalamua modu terapeutikoan arautzearen aldeko eragileekin, eta irailaren 30ean argitaratu zuen zirriborroa; astelehenera arte helegiteak jartzeko aukera egonen da. Ondoren, Ministroen Kontseiluak onartu beharko du, baina oraindik ez dute datarik jarri.

«Familia medikuak opiodun sendagaiak ematen ahal ditu, baina kalamurik ez; ez du zentzurik»

EKAITZ AGIRREGOITIAMedikua eta Dosemociones kalamu terapeutikorako pazienteen elkarteko kidea

Dekretuaren arabera, lau baldintza betetzen dituzten pazienteek izanen dute kalamuaren osagaien estraktuekin egindako botika horiek hartzeko aukera: esklerosi anizkoitzaren ondorioz espastizitatea dutenek, epilepsia errefraktarioa dutenek, kimioterapiak eragindako goragalea dutenek eta ohiko tratamenduak hartuta oinazea arintzerik ez dutenek. Ordea, soilik azken baliabide gisa eman ditzake medikuak botika horiek. Halere, Osasun Ministerioak azaldu du zerrenda hori zabaltzeko aukera egon daitekeela, «ebidentziek hala ondorioztatzen badute».

Dekretua, «hankamotz»

Pazienteen elkarteek, ordea, ez dute begi onez ikusi dekretuan jasotakoa. Osasun biologian doktorea da Ekaitz Agirregoitia, eta Espainiako Kalamu Medizinalaren Behatokian (OECM) eta Dosemociones kalamu terapeutikorako pazienteen elkartean ere ari da lanean. Haren ustez, aurrerapauso bat izan da dekretua egin izana, baina ez nahikoa: «Lehenbiziko legea da kalamua modu terapeutikoan erregulatzen duena, eta ospatzekoa da, baina oso hankamotz gelditu da». Agirregoitiaren arabera, araua murriztailea da, eta ez du pazientea arretagunean jarri. 

Izan ere, dekretuak hainbat eritasun utzi ditu kanpoan: «Endometriosia, antsietatea, zainketa aringarriak, hantura eragiten duten gaixotasun batzuk, gaixotasun neurodegeneratiboak…». Agirregoitiaren esanetan, kalamuaren eragina frogatuta dago horietan: «Neronek ere hartzen nuen kalamua, hesteetako gaixotasun bat tratatzeko». Alta, eritasuna izate hutsa ez omen da nahikoa izanen sendagaiak eskuratzeko: «Soilik kimioterapiak eragindakoa bada hartu dezakete kalamua goragalea duten pazienteek, eta min kronikoa dutenek ere gainerako sendagaiek eraginik ez dutenean hartu ahalko dute».

«Oraindik ez dakit botika horiek osasun publikotik hartzeko aukera izanen dudan; ez dut inolako ziurtasunik, eta oso beldurtuta nago»

AITZIBER BERENDIAKalamua hartzen duen pazientea

Pazienteak nork artatuko dituen erabakitzea izan da dekretuaren bertze gabezia bat, Agirregoitiaren esanetan: «Soilik mediku espezialistak artatu ahalko ditu, orain arte bezala, eta horrek itxaron zerrenda amaigabeen mende egotea esan nahi du». Izan ere, pazienteek behin baino gehiagotan aldarrikatu dute lehen arretako medikuek arta ditzaten. «Familia medikuak opiodun sendagaiak ematen ahal ditu, baina kalamurik ez; ez du zentzurik», esan du Agirregoitiak.

Era berean, ospitaleetako farmazietan eskuratu ahalko dituzte botikak, eta ez herriko saltokietan: «Horrek esan nahi du ospitaleraino joan beharko dutela pazienteek, horrek dakarren esfortzuarekin». Irisgarritasuna, beraz, bada pazienteek dekretuan ikusten duten beste hutsune bat. Sendagai horiek, gainera, paziente bakoitzarendako ad hoc eginak izanen dira, farmazialari baten zuzendaritzapean, eta beste aukerarik izan ezean hartzen ahal dituzte. «Horrek ekarriko du pazientea farmazia industriaren esku uztea», esan du Agirregoitiak.

Lorerik ere ez

Dekretuak, halaber, prestakin estandarizatuei dagozkien formula magistralen zerrenda jasotzen du, hau da, sendagaiak egiteko erabiliko diren substantziak espezifikoak izango dira, eta horien THC —kalamuaren substantzia psikoaktiboa— kopurua AEMPS agentziaren irizpideen araberakoa izanen da; beti %0,2ko mugaren azpitik. Soilik oliotan emanen dituzte botika horiek, ahotik hartzeko, eta arnastu edo azalean jarriz erabiltzen diren metodoak debekatu egin ditu Osasun Ministerioak, segurtasun bermeen gabezia argudiatuta. Beraz, kalamuaren lorea ere ezinen da erabili, pazienteen arabera oinazea azkarren arintzen duen modua bada ere. Era berean, autolaborantza ere debekatu du Ministerioak. Preseski, horiek izan dira urte luzez pazienteen elkarteen eskaera nagusiak.

Agirregoitiak minbizia ere izan zuen, eta kalamuaren lorea hartzen zuen lurrungailu baten bitartez, horixe baitzen mina eta kimioak eragindako goragalea arintzeko eraginkorrena. «Jendeak uste du erretzeko bakarrik erabiltzen dela kalamuaren lorea, baina onura asko ditu», esan du. Izan ere, kalamua likidotan hartzeak kontrako eragina izan dezake: «Zenbait kasutan ez du zentzu askorik goragalea eteteko likido bat irentsi behar izateak».

Trabak eta estigma

Dekretuak, beraz, ez ditu pazienteen eskaera nagusiak aintzat hartu: «Gaixotasun gehiago sartu behar dira, eta sintomak erdian jarri; herrietako farmazietan saldu behar dira botikak, eta horiek familia medikuak eman; autolaborantza eta lorea baimendu behar dira». Hori, ordea, dekretua goitik behera aldatzea litzateke, eta, beraz, Agirregoitiak ez du espero aldaketa sakonik. «Hortaz, pazienteak merkatu beltzera jotzen jarraituko du, arriskuak bere gain hartuz, babesgabe eta inolako bermerik gabe».

Horrek pazientearen kriminalizazioa dakarrela esan du Berendiak: «Kaletik nire substantzia hartzen banoa, poliziak trafikatzaile edo drogazale bat banintz bezala ikusiko nau, eta ez tratamendu hori behar dun gaixo bat bezala». Agirregoitiaren ustez, araua murriztailea izatearen arrazoia politikoa da, besteak beste: «Badakite landareak onurak dituela, baina legeak landare osoa estupefazientetzat hartzen duenez, beldur dira halakoak ospitale edota farmazietatik at ikusteaz». Horren atzean estigma dagoela ondorioztatu du: «Beti lotu izan da kalamua egoera konkretu batzuekin; jendeak ez daki kalamuaren onurez». Ezagutza hori medikuengandik hasi behar dela dio Berendiak: «Medikuek oso gutxi dakite kalamuaren inguruan, eta nola jokatuko ote duten beldur dira paziente asko».

Onurak, hamaika

Angel Uriarte medikuak urteak daramatza kalamuak medikuntzan dakartzan onurak ikertzen eta aplikatzen. Kontsulta propioa du Bilbon, eta, hark ere, ezinbestekotzat jotzen du kalamuaren onurak gizartearen luze eta zabalean hedatzea, «zaila bada ere». Uriarteren ustez, kalamuaren industriak alde batera utzi ditu medikuak, farmazia enpresei mesede eginez: «Inor ez da arduratu kalamuaren onurak gizarteari adierazteaz».

Eta onura horiek, ez dira gutxi, Uriarteren aburuz: «Kalamuak hiru ondorio positibo nagusi ditu organismoan: antiinflamatorioa, antioxidantea eta antikitzikagarria da». Sistema endokannabikoa erregulatzen laguntzen du: «Neuronek eta nerbio sistemako zelulek osatzen duten komunikazio sare bat da sistema endokannabikoa, eta kalamuaren eraginarekin gorputzeko hainbat eragin fisiologiko egokitzeko balio du». Hala nola insomnioa, estresa eta antsietatea. Tumoreak saihesteko ere baliagarria da kalamua Uriarteren aburuz: «1975etik dakigu hori, baina kalamua beti egon da substantzia narkotiko gisa klasifikatua, eta horrek ez du utzi kalamuaren onurak ikertzen». Izan ere, Agirregoitiaren aburuz, ez du zentzurik landarearen aldaera guztiak estupefazientetzat hartzea, kalamuaren substantzia psikoaktibo apaleko aldaera existitzen baita: Kanabidiola edo CBDa.

«Kalamuak ez du gaixotasuna sendatuko, baina bai sintomak arindu»

ANGEL URIARTEMedikua

Ordea, Lancet Psychiatry aldizkariak kalamuak buruko nahasmenduetan izan dezakeen eragina aztertu du, eta ondorioztatu du oraindik ez dagoela kalamuak antsietatea, depresioa edota bestelako nahasmendu neurologikoak tratatzeko duen ahalmena frogatzeko nahikoa ebidentziarik. Luis Callado EHUko Farmazia Departamentuko ikerlariak eman zituen atzo ikerketaren nondik norakoak, Donostian egin zen Psikiatriaren Kongresu Nazionalean: «Hainbat ikerketa dira kalamuak mina edota minbizia tratatzeko duen ahalmena iradoki dutenak, baina oraindik ez dago nahikoa frogarik». 

Halere, terapia osagarri gisa defendatzen du Uriartek kalamua. «Kalamuak ez du gaixotasuna sendatuko, baina bai sintomak arindu, eta lagunduko du ibuprofenoa eta antzeko sendagaiak ordezkatzen». Uriartek kanabidiolaren haziak eta olioa erabiltzen ditu terapiarako, eta ez du erretzea gomendatzen: «Landarearen efektu psikotropikoan erortzekoa arriskua dakar; loreek onura asko dituzte, erre gabe». Uriartek dio beti babestu duela lorearen erabilera, baina esan du erabiltzaileak jakin behar dituela arriskuak eta erabilerak zeintzuk diren.

Baina badirudi pazienteek itxaron egin beharko dutela lorea legalki landatu eta hartzeko. «Oraindik ez dakit botika horiek osasun publikotik hartzeko aukera izanen dudan; ez dut inolako ziurtasunik, eta oso beldurtuta nago», esan du Aitziber Berandiak. Ekaitz Agirregoitiak ere uste du ezer gutxi aldatuko dutela dekretua: «Esaldiren bat aldatuko dute, baina guk aldaketa sakonak behar ditugu, eta ez dituzte eginen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.