Kafesnea, euskaraz mesedez

2015eko abenduaren 6a
00:00
Entzun
BIZITZA aldatu zidan EUSKALDUNON EGUNKARIA delako berripaper zahar hark, beste hainbati legez seguruenik. Esan ohi da segundo bakoitzak aldatzen duela aurrekoa, eta hala da, hala denez. Zerbait berri jaio zen gure komunitatean, euskararen tribuaren baitan; eta geratzeko etorri zen. Egunkari hark atzean, oso atzean utzi zituen prentsa bako egunak, hilabeteak eta urteak.

Indar-transformazio batetik heldu zen egunerokoa; ez zen sortu hutsetik edo ezerezetik, ez baitzen magiarik izan orduko hartan: kazetari eta idazle euskaldunak baziren, aldizkariak-eta bagenituen gure artean, irakurleak zain zeuden kioskoari begira, diruak berak ere onartu zuen gonbita… Hemendik eta handik bultzatuta, gorpuztu egin zen ametsa, eta hogeita hamaseiko estatu-kolpearen osteko gerrak isilarazi zuen Eguna mitiko hura —Fenix euskalduna— mamitu egin zen gure artean, indar eta helburu berriztatuekin.

0 zenbakia deitutakoan, kazeta modu ofizialean kaleratu aurreko proba moduko zenbakian lan egiteko aukera izan nuen: Argia-koekin, Jakin-ekoekin, Anaitasuna-koekin, irratietako eta telebistako lagunekin, kazetaritza-fakultatetik ateratako berriemaileen labealdi beroekin batera... Hura dardara: denona, eta nirea ez txikiena.

«Emen gara» idatzi zuen Eguna zaharrak lehen zenbakian, 1937ko urtarril jaioberrian, lubakiak odolez tindaturik zeudela; eta, berrogeita hamar urte luzeren buruan, han ginen gu denok, lekukoa hartu guran. Hura ezinegona. Hura zain piztu berriaren borborra.

Informazioa eta plazera uztartu zituen EUSKALDUNON EGUNKARIA deitutako paper zikin hark gure etxean, armosua eta albiste idatzi berriak mahai berean lehendabizikoz elkartu zirenean. Libreago eta osoago sentiarazi gintuen.

Euri eta elur, afrontu eta sargori... eguneroko hura prezintatu eta kendu egin ziguten. Gauzak asko aldatu ziren ondoren. Baina, bizitza halakoxea da: segundo bakoitzak aurrekoa zahartzen du.

Minak min... 2015eko goizetan, kafesneari laguntzeko, zer hobeagoa BERRIA baino?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.