Kabiako langileak, ELA eta LAB sindikatuen abaroan, kalera atera dira gaur haien hizkuntza eskakizunen aurkako epaia salatzeko. Izan ere, astelehenean, EAEko Auzitegi Nagusiak berretsi egin zuen Gipuzkoako zahar etxeak kudeatzen dituen organismoak euskara egiaztatzeko lan deialdian ezarritako hizkuntza eskakizunen aurkako epaia.
Donostian, aldundiaren aurrean egin dute elkarretaratzea, Euskaldunon hizkuntza eskubidea bermatzeko bidea orain lelopean. Salatu dute epai hori «euskarafoboa, erreakzionarioa eta atzerakoia» dela, eta Gipuzkoako Aldundiari eskatu diote bururaino eramateko auzibidea, beren hizkuntza eskubideak bermatu ahal izateko.
Izan ere, azpimarratu dute epai hori «euskararen normalizazioaren aurkako erasoa» dela, eta halakoak eteteko eta hizkuntza eskubideak «defendatzeko» eskatu dute protestan. «Kezkagarria eta larria iruditzen zaigu sententzia hau, zeina oldarraldi judizial geroz eta bortitzagoaren parte baita».
Langileen hitzetan, «bereziki larria» da epaia, zahar etxeetan diharduten langileen hizkuntza eskubideak ez ezik mendekotasun egoeran dauden egoiliarren eskubideak ere urratzen dituelako. «Norberaren hizkuntzan arreta jasotzea ongizate eta zaintza duin baterako oinarrizko baldintzetako bat», azpimarratu du Lore Aizpuruak, langile batzordeko ordezkariak.
Hori dela eta, azpimarratu dute «ezinbestekoa» dela oldarraldi judizialari aurre egiteko «neurri ausartak» hartzea. Bada, Gipuzkoako Aldundiari eskatu diote epaiaren aurkako helegitea jartzeko, eta atzerapausorik ez emateko administrazioan diharduten langileen hizkuntza eskakizunei dagokienez.
Hain justu ere, atzo aldundiak iragarri zuen Espainiako Auzitegi Gorenera joko duela, epaiaren aurkako helegitea jartzeko.