Kabiak ezarritako hizkuntza eskakizunen kontrako epaia salatu dute Donostian

Kontseiluak, ELAk eta LABek deituta elkartu dira Donostiako Gipuzkoa plazan. Salatu dute ebazpena «euskarafoboa» dela, eta ez dituela erabiltzaileen eskubideak errespetatzen.

Gaur goizean egindako elkarretaratzea, Donostian. JON URBE / FOKU
Gaur goizean egindako elkarretaratzea, Donostian. JON URBE / FOKU
Iosu Alberdi.
2024ko urriaren 28a
12:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Kontseiluak, ELAk eta LABek elkarretaratze bat egin dute gaur, Donostiako Gipuzkoa plazan, aurreko astean bertako epaitegi batek Kabia organismoaren eskakizunak «neurriz kanpokoak» direla ebatzi izana salatzeko. Izan ere, eragileek «euskararen normalizazioaren aurkako erasotzat» jo dute ebazpena, eta halakoak eteteko eta hizkuntza eskubidean defendatzeko eskatu dute. «Kezkagarria eta larria iruditzen zaigu geroz eta bortitzagoa den oldarraldi judizialaren baitako sententzia hau», adierazi dute.

Donostiako Administrazioarekiko Auzietarako 1. salak men egin zion bi langilek Kabiaren kontra jarritako salaketari, eta ebatzi zuen «gehiegizkoak» direla erakunde hark egoitzetako laguntzaileen egonkortze prozesuan ezarritako euskara eskakizunak. Hala, bertan behera utzi zuen 2022an 54 zaintzaile egonkortzeko onartutako deialdia. Zehazki, B2 maila ezarri zen beharrezkotzat egoitza gehienetan, eta B1 maila gainerakoetan. Ebazpenaren arabera, baina, eskakizun horiek euskararen normalizazioa «maximizatzeko» nahia dute, eta langileen eskubideak urratzen ditu. «Sententzia euskarafobo, erreakzionario eta atzerakoia», eragileen ustez.

Kabia adineko eta mendekotasun egoeran dauden pertsonen zaintzaz arduratzen den organismo autonomo bat da, Gipuzkoako Foru Aldundiari atxikita dagoena; lurraldeko hamasei udalerritan ditu egoitzak. Hala, ELAk, LABek eta Kontseiluak salatu dute «bereziki larria» dela egoera zaurgarrian dauden herritarren hizkuntza eskubideak kolokan jarri izana: «Jakina da norbere hizkuntzan zaindua izatea dela ongizate eta zaintza duin baterako oinarrizko baldintzetako bat».

Eragileen esanetan, gainera, ebazpenak ez die erabiltzaileei soilik eragingo, baita egoitzetako langileei ere. Txarretsi dute horietako askok ahalegina egin izana beharrezko euskara maila erdiesteko, «nahitaezko baldintza modura» ulertu dutelako, baina orain ahalegin hori «hutsaren hurrengo lekuan» geratuko dela.

Halako jarrerei erantzun bat emateko beharra ere nabarmendu dute, eta gogoratu jada egin zutela administrazioa hamabost urtean euskalduntzeko proposamen «errealista eta egingarri» bat. «Gaztelera ezin da izan enplegu publikorako obligaziozko hizkuntza bakarra. Hizkuntza berdintasuna bermatu beharra dago».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.