Kabia: euskaraz kordatzen ari da habia

Gipuzkoako Diputazioarena da Kabia erakunde autonomoa, adinekoen zentroak kudeatzeko. Euskaraz ari da, eta zentroetan ere bermatu nahi ditu euskarazko zerbitzuak: horretarako jarraibideak onartuta dauzka.

arantxa iraola
2017ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Euskara nola txertatu erakundean hasieratik. Esku artean darabil goiburu hori duen dokumentua Gipuzkoako Foru Aldundiko organismo autonomo Kabiako kudeatzaileak, Arantxa Lekuonak. Nabarmendu egin nahi du agiriaren izenean ageri den hitzetako bat: «Hasieratik». Izan ere, bereizgarri dute erakundea eratuz eta haziz joan dela hizkuntza berdintasunaren gaineko kezka lehen lerroan ipinita. 2014an ebatzi zuten organismoa eratzea —udalen ardurapean dauden Gipuzkoako zaharrentzako egoitzen kudeaketa bere gain hartzeko—, EH Bilduren agintepean, eta euskarazko funtzionamendua ezartzen duen agiria 2015eko urrikoa da, jeltzaleak berriz aldundian buru zirenekoa. Argia da idatzia: «euskaraz lan egin eta zerbitzua emateko konpromisoa» du erakundeak. «Hain zuzen ere, euskaraz lan egiten dugu: erabat», azaldu du Lekuonak. Erakundeko zerbitzu zentralei buruz ari da: erakundea martxan jartzen ari den motorraz. Adinekoentzako zentroetan, halaber, «ahalik eta modurik eraginkorrenean» erantzun nahi diote herritarren aldetik zerbitzua euskaraz jasotzeko dagoen eskariari. Erakundea nabarmen haziko da datozen urteotan, eta, helburu horiek paper zuriaren gainean idatzita, erronka zinetan handia dute aurrean. Izan ere, lau zentro ditu egun Kabiak bere ardurapean, eta 2019rako hamasei izango dira. Horrekin, egoiliarren eta langileen kopurua ere asko handituko da: 224 toki kudeatzen ditu egun, eta 1.505 kudeatuko ditu 2019an; egun, lantaldean sei langile dira, eta 299 izango dira; zerbitzu enpresetako langileak, berriz, 191 dira orain, eta 949 izango dira orduan.

Euskara erdi-erdian jarri dute. «Guk definitzen dugu arretak, kalitatezkoa izateko, hizkuntza berdintasunak txertatuta egon behar duela». Horretarako jarraibideak, hain justu, onartu berriak dituzte. «Gure helburua da zerbitzua, gure zentroen ehuneko ehunean, bermatu behar dugula euskaraz. Hori da helburua. Ez du esan nahi orain betetzen dugunik, baina hori da gure helburua». Hizkuntza eskakizunak ebatzi dituzte horretarako lanpostu guztietarako. Baina pausoz pauso joan nahi dute bidean, egoitzetan egun diharduten langileen eskubideak bermatuta. «Zenbat denboran beteko dugun hau guztia?». Galdera zaila dela aitortu du: «Hemen langile asko daude adin batetik gorakoak». Edadeak zaildu egingo du prozesua. Argi du, halaber, ahalegin handia egin beharko dela egun zentroetan lanean ari diren enpresen «euskalduntze prozesuan». Eragileekin hitz eginda zedarritu dituzte, hala ere, jarraibideak, eta denen atxikimendua espero dute orain horiek ezarri ahal izateko. «Lasaitasunez, pixkanaka joango gara».

Nota oso onarekin ari dira

Bidean arnas izan dute Bikain euskararen kalitate ziurtagiriak egin dien ebaluazio txostena. Zinetan argia da agiria: «Talde ebaluatzaileak nabarmendu egin nahi du Kabiak, bere sorreratik, euskararen presentzia eta erabilera bermatzeko egindako lana». Aintzat hartu ditu, esaterako, erakundeak erakutsitako lidergoa, hizkuntza berdintasunaren aldeko neurriak «hasieratik» hartu izana, hizkuntza helburuak aurrekontuetan integraturik egotea, zerbitzu hizkuntza bermatzeko kontratazio politikan eginiko urratsak, eta erakundeak erakutsitako «proaktibotasuna». Hortik nota. Bikaina. Gehienez ere mila puntu ematen zaizkie erakundeei, eta Kabiari 950-999 arteko puntuazioa eman diote. «Txostenak esan digu: 'Oso ondo goaz'. Kanpo ebaluatzaile batzuek esan digute hori; garrantzitsua da guretzat». Zerbitzu zentraletan orain arteko martxan jarraitu nahi dute: euskaraz. «Bidea ondo markatu dugu».

Ongi daki egoitzetan eragozpenak izango direla: «Hizkuntza ohiturak, erabilera... Erronka hor dago: zerbitzua emateko garaian». Egun egoitzetan ari diren langileen artean, esaterako, badira euskaldunak, baina hizkuntza ziurtagirik gabeak dira asko. Dauden langile ez-euskaldunei laguntzen ikusten du erronka handi bat; lantaldeko kide berrien hizkuntza irizpideak bermatzen bestea. «Izan ere, hautatzen diren berriek hizkuntza irizpideak bete beharko dituzte».

«Ahozkoa» berrestera

Hona ezarri diren hainbat irizpide: arreta laguntzaile batek, esaterako, B2 eskakizuna bete beharko du; garbitzen edo sukaldeetan ari den batek, B1 maila. Lan horietan «ahozko» ezagutza baloratzea giltzarri deritzo, baina hori ebaluatzeko modu berriak ezartzea Jaurlaritzari dagokio. «Akats ortografikoak egiteak, akaso, ez du horrenbesteko garrantzirik gure arloan; erabiltzaileekin izaten diren harremanak dira guretzat garrantzitsuena: ahozkoa». Hizkuntzaren inguruko eskariak paper zuriaren gainean ikusita, hezkuntzan eragiteko esperantza dute: «Izan ere, garbi ipini dugu: 'Guk hori eskatzen dugu'». Eta eskaria asetzeko langileak beharko dira. Combiren jardunaldietan aurkeztuko du zertan ari diren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.