Euskararen aurkako oldarraldi judizialak ez du etenik. Oraingoan, Donostiako epaitegi batek ebatzi du Kabia organismoaren hizkuntza eskakizunak «neurriz kanpokoak» direla. Bi langilek salatu dute erakundea, oinarrizko eskubideen urraketa argudiatuta; epaileak arrazoia eman die, eta 2022an Kabiak onartutako 54 zaintzaile egonkortzeko deialdia bertan behera utzi du.
Erakundeak kudeatzen dituen hamasei egoitzetako gehienetan B2 maila beharrezkoa da zaintzaileendako, baina badira B1 maila eskatzen dutenak ere. Eskakizun horiek 49 lanpostutan eskatu dituzte, eta, epailearen arabera, euskararen normalizazioa «maximizatzeko» nahiak langileen eskubideak urratu ditu, eta azaldu du euskara «gehiegi» baloratzen dela postu batzuetan. «Euskaraz dakiten eta gazteleraz dakiten langileen arteko aldea handia da».
Epaileak dioenez, euskara eskakizunek enplegu publikorako sarbidea mugatu egin die bi langileei: «Langileek erakundeak deitutakoen artean 34 postu hartzeko aukera zuten, baina euskara eskakizunek 2ra murriztu dute aukera hori». Halaber, Aldundiak euskararen «halabeharrez bete beharreko» indizea Kabiarako lanpostuen deialdian kontuan hartu izana gaitzetsi du.
Izan ere, indize hori gradualki aplikatu beharrekoa dela azaldu du epaileak, eta azpimarratu du lan deialdian euskara eskatzea ez dela hizkuntza horren normalizazioa lortzeko modu bakarra: «Mugikortasunarekin, lekualdatzeekin edota formakuntzak eskainiz ere lortu daiteke hori».
Epaileak ere berretsi du ez dela zilegia langile guztiei hizkuntza eskakizun berdinak jarri eta euskalduntzearen indize esponentzialarekin alderatzea, horrek ez baitu bermatuko, epailearen arabera, aukera berdintasuna. «Administrazio publikoak ezin du euskara normalizatzeko helburua halako deialdi batean aplikatu, deitu dituen lanpostuen %94a euskaraz dakitenei esleituz». Halaber, esan du Gipuzkoako euskal hiztunen kopurua ez dela euskara eskatzen duten postuekiko proportzionala.
Epaia ez da behin betikoa, eta helegiteak jartzeko aukera egonen da. Gipuzkoako Aldundia epaia aztertzen ari da.
Kabia erakundea
Gipuzkoako Aldundiaren organismo autonomoa da Kabia, eta 2014an sortu zuten, udalen esku dauden zahar etxeak diputazioaren eskuetara igortzeko xedez. Proiektu hori, ordea, erreferentea izan da, hizkuntza berdintasunaren ikuspegia txertatu duelako bere jardunean, euskaraz lan egiteko eta hala artatuak izateko abagunea bermatuz.