Auzipetuta, baina libre. Hala gelditu dira ETAren armagabetze zibila burutzen ari zirela joan den ostiralean Luhuson (Lapurdi) atxilotutako bost herritarrak. Atzo arratsaldean hartu zien deklarazioa Parisko Terrorismoaren Aurkako Auzitegiko prokuradoreak, eta hark bost lagunak auzipetu bai, baina justiziaren kontrolpean libre uzteko eskatu zion epaileari. Eta hala egin zuen epaileak. Ipar Euskal Herriko 210 hautetsi berme gisa aurkeztu dira haren aurrean.
Stephane Etxegarai Etxe musikari eta bideogilea atzo gauean iritsi zen Miarritzeko (Lapurdi) aireportura, eta harrera egin zioten herritar andanak. Jean Noel Etxeberri Txetx Biziko koordinatzailea, Beatrice Molle-Haran kazetaria, Mixel Berhokoirigoin laboraria eta Mixel Bergouignan enpresaria gaur iritsiko dira Euskal Herrira. Jarritako baldintzetan, elkarrekin harremanik izatea galarazi diete bost auzipetuei; Frantziaren eremutik ateratzea eta armak edukitzea ere debekatua dute.
«Asmo terroristarekin lotuta», armak eta lehergailuak edukitzea eta haiek garraiatzeaegozten diete. Hasierako ikerketan gaizkile taldeko kide izatea leporatzen bazieten ere, kargu hori baztertu egin zuten azkenean prokuradoreak eta epaileak.
Ostiral gauean atxilotu zituzten bost herritarrak, Luhusoko Kurutxeta auzoko etxe batean. Hasieran, «ETAren kontrako kolpe bat» izan zela adierazi zuten Frantziako eta Espainiako gobernuek, baina, Mediabask atariak argitaratutako eskutitz sortan, ETA erakundearen eta Frantziako Gobernuaren arteko «bitartekari» gisa aurkeztu zuten beren burua Berhokoirigoinek, Etxeberrik eta Luhuson egotekoa zen Michel Tubiana Giza Eskubideen Ligako ohorezko presidenteak. ETAren armagabetzerako bi gobernuekinelkarrizketa bide guziak «ahituta», armagabetze zibila abiatu zutela jakinarazi zuten. BERRIAri emaniko elkarrizketan argitu zuen Tubianak asmoa: «Gobernuak abisatuko genituen armen entrega eginen genuela. Prokuradoreari aukera emanen genion hemendik aste batzuetara arma horiek deuseztatuta aurkitzeko». ETAren armategiaren %15 desegin beharra zuten Luhusoko herri ekinaldian.
«Zerbait aldatu da»
«Pozik» agertu zen Etxegarai, lau egun «luzeren» ondotik «kanpora» ateratzen zela ikustearekin. «Auzipetuak gara, baina biziki harro; bake prozesu honen bidean harritxo bat ekarri ahal izan baldin badugu, pentsatzen dut merezi zuela. Hori baldin bada bidea gauzak mugitzen hasteko, zalantzarik gabe bide hori hartu dugu, eta harrotasun handi batekin», adierazi zuen Euskal Irratiak sarearen uhinetan. Beren alde izandako mobilizazioak «garrantzitsuak eta erabakigarriak» izan direla baieztatu zuen.
Berhokoirigoinekin mintzatzeko parada izan zuen BERRIAk; hark ere gizarte zibilak eginiko «mugimendu ikaragarria» nabarmendu zuen: «Indarra ematen du». Armagabetze zibila abiatzeko erabakia berretsi zuen. «Erabakia hartu dugu, uste baikenuen garaia zela. Lehen helburua lortua da; orain, ikusiko. Lehenik pausatuko gara, eta ikusiko. Lan ikaragarria egin duten guziak eskertu nahi ditut: gizarte zibileko eragileak, hautetsiak, prentsa, lagunak, ezezagunak. Kanpoan bagara, mugimendu horri esker gara. Zerbait aldatu da. Bada lehenagoko garaia, eta oraingoa».
Astelehen arratsean, Euskal Herriko dozenaka eragile sozial bildu zen Baionako Elkarteen Etxean, abiatutako «bide berriari» zer jarraipen eman gogoetatzeko. Halaber, Makeako (Lapurdi) eta Arberatze eta Baigorriko (Nafarroa Beherea) udalek mozio bana izenpetu zuten «bakearen artisauak» aska zitzatela eskatzeko. Helburu berarekin abiatutako izenpe bilketan, kasik 25.000 izenpe bildu dira sarean egun hauetan.
Justiziaren kontrolpean, etxean dira «bakearen artisauak»
Armak eta lehergailuak edukitzea eta haiek garraiatzea egozten diete joan den ostiralean Luhuson atxilotutako bost herritarrei. «Helburua» lortu dute, Berhokoirigoinen hitzetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu