«Erresistentzia eta pertseberantzia borroka bat». Horrela definitu du Agatha Libanok (Getxo, Bizkaia, 1971) Silvia izeneko emakume migratzaile eta arrazializatuaren kontrako epaiketa. Emakumearen atxiloketan parte hartu zuen ertzain bat zen bertze akusatua, eta hura kondenatu dute: sei hilabeteko kartzela zigorra bete beharko du, osotasun moralaren aurkako delitu batengatik. Horrez gain, hamar euro ordaindu beharko ditu eguneko, hiru hilabetez; eta bertze 12.400 euro ordaindu beharko dizkio biktimari. Silviak ere isun bat ordaindu beharko du, desobedientzia delitu batengatik.
Libano izan da Silviaren abokatua, eta erran du «inoiz» ez duela atzenduko kasua: «Kasua [Espainiako] Auzitegi Konstituzionalera eramatea justizia egiteko saiakera bat izan zen, eta, tamalez, sistemari hori falta zaiola ikusi dut. Zigorgabetasun horma bati eta neurriz kanpoko botere gehiegikeria bati egin diegu aurre». Izan ere, bost urte eta erdiko prozesu judizialari eman dio amaiera sententziak, 2018an atxilotu baitzuten Silvia. Dokumentuak jasotzen duenez, Getxoko supermerkatu baten aurrean polizia «eskale» bat identifikatzen ari zen, eta emakumea tartean sartu zen, pertsona hura «gaizki tratatzen» ari zirela iruditu zitzaiolako.
Orduan polizia iraintzen hasi zitzaiola erran zuen emakumeak. Han zegoenaz gain, bertze bi patruila agertu ziren, eta hirugarrena arduratu zen Silvia polizia etxera eramateaz. Libanok dioenez, atxiloketa hark berak «motibazio arrazistak» izan zituen: «Ikusi dut arrazakeria sistematikorako joera dagoela, eta badirudi gure gizarteko babesgabeenekin bereziki anker jokatzen dela».
Behin polizia etxean zeudela, ertzainak Silvia ziegan sartzen saiatu ziren, baina emakumearen ondasunengatik eztabaida bat hasi zen, andreak azaldu zuenez. Tartean, Silviaren diru zorroa zegoen, diru askorekin. Eztabaidaren ondoren, ertzainetako batek —zigortu dutenak— «jipoitu» egin zuen, andreak salatu zuenez. Ertzain horrek berak, berriz, adierazi zuen ziegan sartu baino lehen Silviak berari «eraso» ziola, eta «instintiboki» eskua atera zuela berak. Polizia etxe hartan gertatutakoa erakusten duten irudiak erakutsi zituzten epaiketan, eta Libanok dio «eztabaidaezinak» direla, eta horiei esker iritsi direla hain urrun.
«Kasua [Espainiako] Auzitegi Konstituzionalera eramatea justizia egiteko saiakera bat izan zen, eta, tamalez, sistemari hori falta zaiola ikusi dut. Zigorgabetasun horma bati eta botere gehiegikeriari egin diegu aurre».
AGATHA LIBANOAbokatua
Libanok «positibotzat» jo du sententziak irudi horien garrantzia azpimarratu izana, baina «zoritxarrekoa» iruditzen zaio horiek «sakon» ez aztertu izana instrukzio fasean edo konstituzio kontrolean. «Horrek ziurgabetasun egoera luzean eduki du biktima, zazpi urteko kartzela zigorraren aukerari aurre eginez bost urte baino gehiagoz».
Zentzu horretan, bere iduriko, ezarritako kondena «Salomonen erabakia» bertzerik ez da. Hau da, auziko bi aldeak partzialki asebetetzen saiatu da, neutrala izateko helburuz. «Silviaren kasuko sententzia aurrerapen bat den arren, lege sistemako hutsuneak agerian utzi ditu», borobildu du Libanok. Izan ere, poliziak egindako zenbait ekintza kondenatu diren arren, akusazioa agente bakar bati egin ziotela gogoratu du. «Horrek agerian uzten du zein bakartua dagoen gure borroka Eusko Jaurlaritzaren akusazio neurrigabeei kontra egitean».
Istanbulgo Protokoloa
Epaiketa joan den urriaren hasieran egitekoa zen, baina hilabete bukaerara gibelatu zuten, Istanbulgo Protokoloa froga gisa onartu zutelako. Orduan aurkeztu baitzuen defentsak bideoa: poliziak emakumea jipoitzen duela ikus daiteke hartan. Protokolo horren arabera egiten dituzte polizien ustezko tratu txarren inguruko mediku eta lege azterketak.
Tresna horren aplikazioari dagokionez, Libanok dio sententziak ez dituela «espektatibak bete», aplikazio praktikoaren ikuspuntutik. Izan ere, protokoloa martxan jarri zedin eskatzeko, Andrea Galan psikologoak txosten bat egin zuen Pau Perez-Sales eta Paula de la Fuente medikuekin batera, eta txosten horrek adierazten du andreak polizia etxean «tratu iraingarria eta zitala» pairatu zuela. Perez-Salesek azpimarratu zuen Silviaren testigantza «sinesgarria» dela, eta sufrimendu «oso gogorra» hauteman daitekeela haren hitzetan. Libanoren aburuz, sententziak ez dio txosten horri «justizia egiten»: «Dokumentu horrek zehatz-mehatz deskribatzen ditu Silviak jasandako ondorioak, eta funtsezko elementua izan behar zuen biktimak jasandako kaltea ebaluatzeko».
Silviari ezarritako zigorrari buruz ere badu zer erran: «Badirudi epaiketak ez dituela behar bezala kontuan hartzen atxiloketa irregularraren testuingurua eta agenteekiko mesfidantza». Hala, Libanoren iduriko, «ez da behar bertze aitortu Silviak zenbateko hertsapenak jasan behar izan zuen». Alde horretatik, argi du epaia «norabide egokian» doala, baina uste du agerian uzten duela lege arloko erreformen beharra, «mesfidantzaren eta diskriminazioaren gainetik giza eskubideak eta justizia gailentzen direla ziurtatzeko».