Bi urte baino gehiago igaro dira Nafarroako Parlamentuak Klima Aldaketari eta Trantsizio Energetikoari Buruzko Foru Legea onartu zuenetik. Legea polemikoa izan zen onartu zenean bertan, talde ekologista askok legearen kontraesanak salatu baitzituzten; Ekologistak Martxan-ek, adibidez, adierazi zuen duela 30 urteko errealitate bati erantzuten ziola. Bada, Klimaren Aldeko Nafarroako Aliantza osatzen duten taldeek iritzi diote Nafarroako Gobernuak ez dituela bete lege horrek hainbat araudi eta irizpide onartzeko ezarritako epeak, eta justiziara jo dute, informazio eske.
Aliantzako bozeramailea da Lorea Flores, eta azaldu du errekerimendu bat bidali diotela Nafarroako Gobernuari, argitu dezan zer egin duten legea onartu zenetik. Azaldu duenez, legea onartu zenetik ikusi dute «epemuga zuten hainbat gauza» ez direla egin, eta, justiziara jo aurretik, Nafarroako Parlamentuko alderdi gehienekin bildu ziren: «Haien jarrera ikusirik, erabaki genuen epaitegietako bide hau hartzea».
Beraz, salaketa jarri aurreko urratsa izan da errekerimendua egitea. Izan ere, badakiten arren gauza asko egiteko epeak ez direla bete, beste kontu batzuetan, «mugikortasunarenean adibidez», ez dago informazio publikorik, eta horregatik egin dute informazio eskaera. Floresen arabera, susmoak dituzte afera horretan foru gobernuak ez duela ezer egin, baina, informaziorik ez dagoenez, «baliteke zerbait aurreratu izana»: «Horregatik, lehenengo pausoa izan da nolabaiteko informazio eskaera bat egitea: Nafarroako Gobernuak bi edo hiru hilabete ditu erantzuteko, eta ez badute erantzuten, epe bat izango dugu salaketa egiteko, beharrezkoa dela ikusiz gero».
«[Estrasburgok emandako epaia] pauso bat da, eta itxaropen pixka bat pizten digu».
LOREA FLORES
Klimaren Aldeko Nafarroako Aliantzako bozeramailea
Baina, zeintzuk dira bete ez diren epeak? Floresek azaldu du asko direla, baina garrantzitsuenetako bat energia berriztagarria ekoizteko azpiegiturei dagokie. 2022ko martxoan onartutako eta urte bereko apirilean indarrean sartutako legearen arabera, ordutik hasita urtebeteko epea zuen foru gobernuak zehazteko zein leku diren aproposak energia berriztagarria ekoizteko instalazioak jartzeko eta zein ez, baita horiek egiteko irizpideak ezartzeko ere. «Bi urte pasatu dira legea onartu zenetik; beraz, ez da bete», azaldu du.
Horrez gain, bi urteko epea zuen efizientzia energetikoari buruzko araudi bat onartzeko, hainbat eraikinetan eguzki plakak jartzeko betebeharra tartean zela. Bi urte baino gehiago pasatu direnez, horiek ere ez dira bete, Floresen esanetan, eta berdin beste hainbatekin. Hori dela eta, Klimaren Aldeko Aliantzak Nafarroako Gobernuari eskatu dio sei hilabeteko epean onartzeko oraindik egin gabe dauden araudi eta irizpideak.
«Lehenengo pausoa izan da nolabaiteko informazio eskaera bat egitea: Nafarroako Gobernuak bi edo hiru hilabete ditu erantzuteko, eta ez badute erantzuten, epe bat izango dugu salaketa egiteko».
LOREA FLORES
Klimaren Aldeko Nafarroako Aliantzako bozeramailea
Floresek azaldu duenez, Estrasburgok apirilean Suitzako Gobernuaren aurka emandako epaiak bultzatu zituen, hein batean, justiziara jotzera: «Uste dugu epai horrekin baieztatu zela gobernu bat ez dela aski egiten ari klima aldaketaren aurka; hau da, biztanleen eskubideak nolabait mugatzen ari dela. Horrek animatu gintuen, eta espero dugu epaitegiek hori oinarri hartuta gero eta epai gehiago ematea. Ez dakigu gero zer gertatuko den, baina pauso bat da, eta itxaropen pixka bat pizten digu».
Proiektu handiak
Nafarroan egiten ari diren eta egitekoak diren proiektu handiei buruz ere mintzatu da Flores. Hainbat proiektu zentzugabeak direla adierazi du, eta kontraesanak sortzen dituztela klima aldaketari buruzko legearekin: «Azpiegitura handietan oinarritzen diren eta sekulako inbertsioak behar dituzten proiektu horiek trantsizio ekologikoaren aurka doaz, gure urtez. Erdizko meategiak, adibidez, sekulako eragina izango du, babes bereziko gune batean egin nahi dute eta».
Bestalde, uste du abiadura handiko trena, «egun planteatuta dagoen moduan», ez dela garraio arloan benetan behar den irtenbidea: «Trena sendotu behar dela uste dugu, baina ez orain planteatzen den bezala».
Politikarien jardunari buruz, berriz, zera esan du: «Nahiz eta agintean hitzak eta paperak betetzen dituzten, ikusten dugu gero hartzen dituzten neurriak ez doazela behar luketen norabidean». Izan ere, Nafarroako Parlamentuak eta Gobernuak klima larrialdiaren deklarazioa egin zuten 2019an, eta Klima Aldaketari eta Trantsizio Energetikoari Buruzko Legea onartu zuten duela bi urte, baina proiektu horiek bere hartan jarraitzen dute. Floresen iritziz, lege berria «anbizio gutxikoa» eta «nahiko lausoa» da, eta onartu behar zituzten araudiak onartu ez dituztenez, gainera, egoera okertu egiten da.